Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak abian jarri du Gipuzkoa Coopera ekimena

Aldundiak abian jarri du Gipuzkoa Coopera ekimena

Karlos Argiñanoren Aiala Ostalaritza Eskolak, Kukai Dantza Taldeak, Tabakalerak, Phisics Centerrek, Real Sociedad Fundazioak eta Zinemaldiarekin

  • Denis Itxaso: “Gipuzkoa Coopera Nazio Batuen Erakundearentzat erreferentziazko eredu bat izatea nahi dugu Garapen Iraunkorreko Helburuen lorpenean”.

Denis Itxasok, Kultura eta Lankidetzako diputatuak, Gipuzkoa Coopera ekimena aurkeztu du gaur, zeinaren bidez artearen, kulturaren, zientziaren, kirolaren eta gastronomiaren alorreko Gipuzkoako ospe handiko sei erakundek lankidetzako proiektu bana garatuko baitute. Hauetxek dira erakunde horiek: Karlos Argiñanoren Aiala Ostalaritza Eskola, Kukai Dantza Taldea, CICC Tabakalera, Material Phisics Center, Real Sociedad Fundazioa eta Zinemaldia. Prentsaurrekoan parte hartu dute Eva Argiñanok, Jon Mayak, Ane Rodriguezek, Jokin Aperribay-k, José Luis Rebordinosek eta Javier Aizpuruk, baita Lankidetzako zuzendaria den Fernando San Martinek ere.

Ekimen honen bidez Foru Aldundiak Gipuzkoako gizartera zabaldu nahi du Garapenerako Lankidetzan elkarrekin lan egiteko erantzukizuna eta aukera, Gipuzkoan erreferente diren erakunde eta entitateetatik hasita, horiekin ez baita orain arte horrelako gairik landu. Aldi berean, Nazio Batuen Erakundeak berriz planteatu ditu lankidetzako politikak, eta estatu kideei gomendatzen die lankideen oinarria zabaltzeko aukera emango dieten ekintzak garatzeko, gobernuz kanpoko erakundeetara mugatu gabe. Hartara, gizarteak aukera izango baitu Garapen Iraunkorreko Helburuen lorpenean parte hartzeko. “Lankidetzaren kontakizuna eraiki eta partekatu beharra daukagu, gizartearen sektore guztietan errotu dadin. Garapenerako Lankidetzaren kontakizuna guztion artean eraikitzeko, eta unibertsitateak, enpresak, eskualdeko garapen agentziak eta elkarteak inplikatzeko ordua da”, esan du Itxasok.

Urte asko dira garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, lankidetzako funtsezko lana egiten dutela  eskasia egoerak pairatzen dituzten herrialdeen eta kolektibitateen garapena sustatzeko, eta elkarlanaren bitartez egoera horiek gainditzen laguntzeko. Itxasok azaldu duenez, “Ezinbesteko zeregina da, baina laguntza eta elkartasun premiak gero eta handiagoak direnez, eta gizartearen zati garrantzitsu bat modu aktiboagoan parte hartzeko aukera eskatzen ari denez, komenigarritzat jo da beste pauso bat ematea Gipuzkoa osora zabaltzeko lankidetza".

Kultura eta Lankidetzako diputatuak adierazi duenez “Gipuzkoa Cooperaren asmoa da jendearen, enpresen eta eragile ekonomiko, sozial eta kultural guztien inplikazio aktiboagoa lortzea guztioi dagokigun zeregin batean: mundu zuzenagoa eta solidarioagoa eraikitzea”.

Ospe handiko sei erakundek Gipuzkoa Coopera ekimenean parte hartzea erabaki izanak erakusten du gure lurraldearen eta herritarren konpromiso eta elkartasun maila handia”.

Helburua da Garapenerako Lankidetza modu poliedrikoan lantzea, eta lankidetza horretatik ateratzea beren ingurunean aldaketak eragiteko gai diren pertsonak eta entitateak.

Honako hauek dira entitate horiek garatuko dituzten proiektuak:

AIALA OSTALARITZA ESKOLA

Proiektua: Jangela soziala Pachacutec-en (Peru).

Peruko Pachacutec Fundazioarekin batera, pobrezia larri eta gizarte bazterketako egoeran bizi diren pertsonentzako jangela sozial bat sortuko da, 180.000 pertsona inguruko populazioari erantzuteko.

Fundazioak Pachacutec-eko komunitate osoaren hezkuntza eta gizarte garapena lortzeko lan egiten du, lehen hezkuntzako, lanbide heziketako (sukaldaritza, elektronika, administrazioa eta abar) eta lanbideratzeko eskolen bitartez.

Aiala Ostalaritza Eskola arduratuko da jangela soziala muntatu eta kudeatzeaz, Pachacutec Fundazioan prestakuntza jasotzen duten pertsonen prestakuntza eta gizarteratze proiektuaren eskemaren barruan. Foru Aldundiak 25.000 euro jarriko ditu proiektu honetarako.

KUKAI DANTZA TALDEA

Proiektua: Prestakuntza eta Dantza Tailerra, Etiopiako “Destino Dance Company”rekin.

Etiopiako Destino Dance Company dantza garaikideko bi profesionalek (Addisu Demissie eta Junaid Jemal Sendi) 2014an sortutako konpainia bat da. Kalean aurkitu zituzten eta, Ingalaterrako dantza konpainia profesionaletan prestakuntza jaso ondoren, bere sorterrira itzuli dira beste batzuei beraiek izan zuten aukera eskaintzeko.

Kukai Dantza Taldea aukeratu dute dantza konpainia profesionalaren eredu gisa, eta elkarrekin eskola profesional bat sortu nahi dute kolektibo behartsuetako jendearentzat, aukera emateko deskubritzeko bere pasioa bizitzeko modu bat eta komunitatea eraiki eta garatzeko modu bat bihurtu daitekeela.

Kukai Dantza Taldeak prestakuntza tailerrak antolatuko ditu dantzarientzat nahiz etorkizuneko hezitzaileentzat. Dantza konpainia baten konplexutasunak eta beharrak erakusteaz gain, lurralde bati eta kultura bati lotutako dantzariak, koreografoak, kudeatzaileak, sustatzaileak eta abar prestatuko dituzte. Gainera, Afrikako I. Dantza Jaialdia sortu eta antolatu ahal izango dute. Foru Aldundiaren aurrekontu zuzkidura 20.000 eurokoa izango da.

PHYSICS CENTER (MPC)-CSI

Proiektua: Ezaugarriztapen optikoko laborategia sortzea eta elipsometro espektral bat erostea. Kolonbia

Physics Center (MPC)-CSIren proiektua Universidad Distrital Francisco José de Caldas, Bogotako Unibertsitate Publikoarekin izenpetutako hitzarmen baten bidez gauzatuko da. Unibertsitate horretan 25.000 ikasletik gora daude, gehienak gizarte maila apalekoak. Laborategi eta espektrometro horri esker unibertsitateak zerbitzuak eman ahal izango dizkie beste unibertsitate batzuei eta tokiko industriei. Modu horretan lankidetzako eta hazkundeko aukerak zabalduko dira, baita Donostiako Physics Center (MPC)-CSIrekin zuzenan lankidetzan jardutekoa.

Proiektua ikasketa eta ikerketa arloko garapenerako lankidetzaren barruan kokatzen da, eta eskualdean dagoen eten teknologikoa gainditzea du helburu. Aurrekontu zuzkidura 25.000 eurokoa da.

Real Sociedad Fundazioa

Proiektua: Baloreak ikasten kirolaren bidez, Ahuachapán herrian gazte indarkeria prebenitzeko estrategia. El Salvador

El Salvadorreko indarkeria eta segurtasun ezako giroak 35.000 hildako eragin ditu azken hamar urtetan. Indarkeria horrek bereziki eragiten die taldetan antolatzen diren gazteei.

Proiektu honen helburua da, kirolaren bidez, indarkeria prebenitzen eta gizarte eraikuntza bultzatzen saiatzea Ahuachapán herrian baloreak sustatuz. Horretarako hezkuntza eta kirol jarduera sustatuko dute neska-mutilen artean.

Kontzeptu jakin batzuk barneratu nahi dizkiete: joko garbia kirolean, joko garbia bizitzan, eta aisialdia jarduera fisikoarekin eta kirolarekin betetzeko gogoa. Aurrekontu zuzkidura 20.000 eurokoa da.

TABAKALERA

Proiektua: Kazeta Murala. Maroko

Kazeta Mural bat eginez, Tabakalera saiatuko da, alde batetik, Casablancako (Salah Malouli) eta Donostiako (Tabakalera) espazio publiko batean kazeta hori egiteko beharrezkoa den obra grafikoa eta artistikoa ezagutzera ematen, artista gipuzkoar eta marokoarrekin; eta, bestetik, adostutako edukiei buruzko artikuluak prestatzen.

Kazeta, euskarri askotariko plataforma gisa aurreikusita, leku publikoetan jarriko da, nabarmentzeko, batetik, kontzeptu moderno eta hiritar bat, hots, espazio publikoa okupatzea adierazpen artistikorako eta horrek sortzen duen eztabaidarako, eta ahalik eta jende gehienak irakurri ahal izateko. Hainbat formatu digitaletan editatuko da sara sozialetan argitaratzeko.

Lankidetza kulturala eta artistikoa bultzatu nahi da aniztasunaren eta adierazpen artistiko multikulturalaren elkartasun eta aldarrikapen elementu gisa, herritartasun global baina aniztun baten gai komunen inguruan. Aldundiak 20.000 euroko dirutza jarriko du.

ZINEMALDIA

Proiektua: Ikus-entzunezko sorkuntza sustatzeko lankidetza. Argentina

Proiektua Donostiako Zinemaldiaren eta INCAAen (Argentinako Zinegintza eta Ikus-entzunezko Arteetako Institutu Nazionala) artean gauzatuko da, zailtasun eta desparekotasun egoeran dauden nerabeen artean ikus-entzunezkoan ezagutza eta sorkuntza bultzatzeko. Adierazpide horrek eta bizimodu horrek aldaketaren eragile bilaka baititzate gazte horiek beren komunitateetan, adierazpen artistikoaren bidez.

Horretarako, Buenos Aireseko edo Mar del Platako eremu behartsuetako eskola bat ikus-entzunezko materialez hornituko da, beraiek aukeratuko duten gai beten inguruan ikus-entzunezko produkzio batzuk egin ditzaten. Grabaketa, argiztapen, soinu eta edizioaren inguruko prestakuntza emango zaie.

Laburmetraiak Donostiako Zinemaldian nahiz Mar del Platako Zinemaldian edo Ventana Sur-en (Buenos Aires) aurkeztuko dira. Aurrekontu zuzkidura 65.000 eurokoa izango da.

  

2068