Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Crossover – Telesailen Kultura

Crossover – Telesailen Kultura

Telesailetara zuzendutako jaialdia apirilaren 19tik 24ra bitartean izango da.

2021/04/12

Kolaboratzaile berriak izango ditu proiektuak, hala nola Atresmedia eta Filmin.

Aldundiko Kultura Departamentuak omenaldia egingo dio Gipuzkoako ikus-entzunezkoak bizi duen une garrantzitsuari.

Telesailen kulturari buruzko CROSSOVER jaialdiaren laugarren edizioa egingo da apirilaren 19tik 24ra, eta proiektuak kolaboratzaile berriak izango ditu, hala nola Atresmedia eta Filmin plataforma.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak sustatuta eta Kultur Factory kultura-agentziarekin batera antolatuta, CROSSOVERek berriz aztertuko ditu egungo telesailen ekoizpenaren alderdi garrantzitsuenak, kultura garaikidean eragin eta oihartzun handiena duen sektoreetako bat baita. Are gehiago, COVID-19ak eragindako krisia beste urrats bat izan da igoera horretan, pandemia garaian plataforma digitalek hazkunde nabarmena izan baitute.

CROSSOVER berriz hurbilduko da telesailetara, ikuspegi, formatu eta gai desberdinetatik abiatuta, betiere publiko zabalarengan pentsatuz, eta dibertsioa eta eztabaida uztartuz, telebista sorkuntza eta kultur kritikaren alorretako gonbidatu nabarmenen eskutik.

Horri guztiari erakunde eta kultura eragile garrantzitsuen babesa gehitu behar zaio (Zinemaldia, Kutxa Kultur, EQZE, etab.), baita ikus-entzunezkoen sektoreko plataforma digital garrantzitsuenetako batzuk ere (Filmin, Atresmedia, etab.); beraz, horrek guztiak telesailen kultura berriaren foro garrantzitsuenetako bat bihurtzen du CROSSOVER.

Egitaraua

Jaialdiaren programa bi ardatzen inguruan egituratuko da berriro: alde batetik, Koldo Mitxelena Kulturunean telesailen kulturaren hainbat alderdiri buruzko elkarrizketak eta eztabaidak izango dira, eta, bestetik, Tabakaleran eta Kutxa Kultur espazioan telesailen zale amorratuei zuzendutako proposamen ludikoak aurkeztuko dira. Ez dira ahaztu behar, jakina, proiekzioak eta estreinaldi esklusiboak.

Jaialdia hilaren 19an (astelehena) hasiko da, Tabakalerako zinema aretoan euskal noir-aren hiru idazle garrantzitsu elkartuz. Ibon Martín, Mikel Santiago eta Noelia Lorenzo Pinok krimenaren paisaiei buruz eztabaidatuko dute, Ruth Pérez de Anucitak moderatuta. Solasaldia osatzeko, Filmin plataformaren eskutik, Laetitia seriearen lehen bi kapituluen aurrestreinaldia egingo da; serie hori  Ivan Jablonka-ren Laetitia o el fin de los hombres liburu ospetsuan oinarrituta dago, non Frantzia osoa astindu zuen Laetitia Perrais 18 urteko neska gaztearen bortxaketaren eta hilketaren benetako kasu izugarria kontatzen den.

Hilaren 20an, asteartea, Koldo Mitxelena Kulturunean, entzuteko telesailen txanda izango da. Jorge Carrión idazle eta kritiko kulturalak aditu talde bat elkartuko du serie-fikzioaren modalitate berri horren goraldia aztertzeko; izan ere, publikoak eta plataformek gero eta interes handiagoa azaltzen baitute modalitate horren inguruan.

Asteazkenean, hilak 21, berriz ere Koldo Mitxelena Kulturunean, gure munduaren berehalako kolapsoa adierazten duten telesailak ugaritu izanaren arrazoiak aztertuko dituzte Sergio del Molinok eta Rosa Belmontek, Laura Fernándezek moderatuta. Apokalipsiarekiko lilura edo egiazko arazoei aurrea hartzea al da? Solasaldiaren aurretik, El colapso serie ospetsuaren bi kapitulu proiektatuko dira.

Ostegunean, hilak 22, Koldo Mitxelena Kulturunean, CROSSOVER jaialdiak talesailen egungo produkzioaren beste gako bati erreparatuko dio. "Telesailen generoa" izenburupean, Lucía Baskaran idazleak eta Aitziber Garmendia aktore eta gidoilariak generoaren inguruko eztabaida soziala islatzen duten ekoizpenei buruz hitz egingo dute. Gaizka Izagirrek moderatuko du hitzaldia.

Ostiralean, hilak 23, bi jarduera programatu dira Koldo Mitxelena Kulturunean. Lehenengoan, ikus-entzunezkoak Gipuzkoan bizi duen une garrantzitsua aztertuko da, eta alor horretako protagonista batzuek (Ane Gabarain, Diego San José, Mikel Serrano eta Koldo Zuazua) arrakasta horren gakoak azalduko dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak lurraldeko ikus-entzunezkoari eman nahi dion omenaldiaren ondoren, jaialdiak telesailen eta sare sozialen arteko harremanak jorratuko ditu, gero eta trinkoagoak eta ezinbestekoagoak baitira ekoizpenen ibilbidea eta publikoarekiko lotura ulertzeko. Horretarako, CROSSOVERek Atresmediaren laguntza izango du, zeinak aditu eta profesional talde bat elkartuko duen By Ana Milán, Veneno eta Luimelia fenomenoak, besteak beste, aztertzeko.

Larunbatean, hilak 24, CROSSOVER Kutxa Kultur espaziora mugituko da, jaialdiari amaiera emateko eta telesailen zaletasun militantea libre uzteko. Lehenik, Enric Albero, Víctor M. González eta Aloña F. Larretxik "urteko telesaila" fenomenoari buruz eztabaidatuko dute: merkataritza-estrategia ala benetako eztabaida?

Eta, azkenik, ohiko "Telesailen buruz-burukoa"  egingo da jaialdiari amaiera emateko. Aipatutako protagonistek eta Gaizka Izagirrek serie mitikoen inguruan eztabaidatuko dute : Los Soprano vs. Breaking Bad, azken hamarkadetako produkzio onenetako bi.

 

Pandemiak ezarritako murrizketak direla eta, aforoak murriztu egingo dira, eta, beraz, beharrezkoa izango da aldez aurretik jaialdiaren webgunean izena ematea jardueretan parte hartzeko.

 

 

 

 

  

2022