Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Dantz Point-ek Gipuzkoako ondarea musika elektroniko eta abangoardiakoarekin fusionatzen du

Dantz Point-ek Gipuzkoako ondarea musika elektroniko eta abangoardiakoarekin fusionatzen du

7 ekitaldi eskainiko ditu lurralde osoan, eta eragin globala izango dute.

2021/05/07

Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren laguntzarekin, Dantz Point-ak itzuliko dira 2021ean; lehena Divorce from New York artista lokalak eskainiko du, Arrasateko Gomestio baserrian, bere disko berria lehen aldiz aurkeztuz.

Lehenengo Dantz Point saioa asteazkenean izango da, maiatzak 12, 20:00etan, eta Divorce From New York (live premiere) eskaniko du Gomestio baserrian. Formatu digitala izango du, eta Live Streaming bidez segitu ahal izango da.

Harkaitz Millan Kulturako diputatua “proiektu honek historiaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa bultzatzen du, ondarearen eta abangoardiaren artekoa. Gipuzkoa eta haren ondarea musika elektronikoaren munduko mapan kokatuz.

 

Duela hilabete Dantz Academy iragarri genuen, musika elektronikoko eta abangoardiako artistak prestatzeko akademia, eta gaur aurtengo Dantz Point proiektua plazaratzen dugu, besteak beste kultura digitalizatzea bilatzen duen proiektu berritzailea. Ekimen honek Dance Television plataforma holandarrak emandako nazioarteko sari ospetsu bat eskuratu zuen iaz, 2020. urte zailean egin zituen saio guztiengatik. Horietako asko Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza osoarekin egin zituen, hain zuzen ere.

Iaz, Zeraingo meategiak, Azpeitiko Loiolako santutegia, Arantzazu, Pasaia (Lucretia belaontzia) eta Zumaiako flysch-a eta San Telmo baseliza izan ziren egin ziren Dantz Point saioen  agertokiak. Saiootan, besteak beste Bihotza, Ibailo, Índice, Charles Ramirez eta HIIKE artistek parte hartu zuten.
 2021eko lehen Dantz Point saioa Donostiako Divorce From New York (Alvaro Granda) ekoizleak eskainiko du, zeinak bere albuma estreinatu berri baitu: "This ain 't Jazz No More". Lehen Dantz Point hori maiatzaren 12an izango da, eta Gomestio baserritik eskainiko da, 20:00etatik aurrera. Horren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza tarteko, Dantz Point ekimenak ekitaldi gehiago izango ditu, Gipuzkoako lurralde historikoko hainbat  espazio enblematikotan.

Harkaitz Millan diputatu sozialistak azpimarratu duenez, “honekin, Gipuzkoak ezkutuan dituen gaur egungo hainbat paraje eta artista erakutsiko ditugu. Ondarea eta abangoardiaren sorkuntza batzen dira”.

Dantz Point Gipuzkoa 2021

Hortaz, aurten, Dantz Point Gipuzkoa 2021 programa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, ezinbesteko hitzordu bihurtuko da Gipuzkoako espazio berezienak berriz aurkitzeko, ezagutzera emateko eta sendotzeko, bai bertako ikusentzuleen artean bai nazioartean. Gainera, musika abangoardista eta elektronikoenaz gozatuz, bera baita toki horietara hobekien egokitzen dena, oso moldagarria, malgua eta estiloz aniztuna denez.

Aurtengo espazioak honako hauek dira:
 

• Gomestio baserria (Arrasate)

• Zumarraga (Antiguako Baseliza)

• Ezkio-Itsaso (Igartubeiti baserria)

• Aretxabaleta (Urkuluko urtegia)

• Chillida Leku (Hernani)

• Eibar (zehazteke dagoen espazioa)

• Mutriku (zehazteke dagoen espazioa)

 

Hasiera batean, jarduera horiek bitarteko digitalez kontsumitzekoak izango dira, hainbat plataformaren bidez. Gaur egungo osasun krisia dela-eta, horrela jardutea erabaki da. Hala ere, urtea igaro ahala, baliteke jarduera hibridoak ere egitea (aurrez aurre eta online).

Saio bakoitza banaka iragarriko dugu (data, tokia, etab.), eta gune, artista eta testuinguruei buruzko informazioa zabalduko dugu kasu jakin bakoitzean.


 Nola gozatu ahal izango da jarduera horiez? Noiz da lehen Dantz Point-a?

Dantz Point-ak live streaming formatuko kanal hauetan erabili ahal izango dira:

 

- Facebook-en: Dantz (@DantzMusik), Gipuzkoa Kultura (@GipuzkoaKultura) eta beste hainbat

- YouTube: Dantz (@DantzMusik)

- Twitch: Dantz (@DantzTV)

Lehenengo Dantz Point-a asteazkenean, maiatzak 12, 20:00etan, egingo du Divorce From New York-ek  (live premiere), Gomestio baserrian.

Gomestio baserria

Gomestio Arrasaten zegoen baserria zen. Denbora luzez erabili gabe egon ondoren, aurri egoeran geratu zen eta, arriskua zela-eta, Udalak eraistea agindu zuen. Baina babestuta zegoen, eta jabeek Gipuzkoako Foru Aldundira jo zuten. Aldundiko adituek ohartarazi zuten Erdi Aroko dolare-baserria izan zitekeela. Horregatik, jarduera plan bat diseinatu zuten beren kultura balioak dokumentatzeko. Dendrokronologiako azterlan batek, egurrezko egiturako zuhaitzen hazkunde-eraztunak aztertuta, argitu zuen XV. mendearen erdialdean eraikia zela. Hori jakinik, eraispen sailkatua egin zen, eraikuntza-geruzak banaka ezabatuz. Indusketa arkeologikoa izango balitz bezala, lehenengo teilatua kendu zen, gero barruko trenkadak eta itxiturak.

Azkenik, baserriko jatorrizko egurrezko eskeletoa geratu zen agerian, euskal arkitektura zibilaren benetako altxor bat. Prentsa handi bat ere bazeukan, goiko aldean, sagarra bota eta zanpatzeko.

Beheko solairuan zukua jaso eta biltegiratu egiten zen hartzitzeko. Eraikina sagardoa ekoizteko eta aleak biltegiratzeko makina bat zen. Jatorrizko egitura nagusi ia guztiak iraun zuen, haritzez egina. Eraikin horiek erabat egurrezkoak izaten ziren: egitura, forjatuak, barne-zatiketak eta fatxadak. Dolare-baserriaren eredu tipikoa da. Garai jakin bateko ezaugarriak ditu, XV. mendeko lehen erdialdekoak. Arotzeriaren urrezko garaia izan zen hura gure lurraldean. Pieza guztiak behar bezala erregistratu ziren, eta, ondoren, egitura desmontatu egin zen. Pieza guztiak beste leku batera eraman ziren, ikertzen jarraitzeko.

Divorce From New York

Alvaro Granda Reykjavik606 bikoteko kidea da, Kino Internacional izenez ere ezaguna da eta Divorce From New York gisa dator orain, "This Ain 't Jazz No More" album ekoiztu berriarekin (Forbidden Colours, 2021). Freskotasunez beteta dator lehen disko bikain honek, eta arreta eta maitasun handiz landua da xehetasun guztietan.

Nola edo hala, eta bereziki, maitasun sentsazio bat iradokitzen du lan handi honek, orain denarekiko maitasuna, izan denarekiko maitasuna eta bizitzan zehar entzun duenarekiko maitasuna. Entzuleok partaide bihurtzen gaitu musika honek, antzeko doinuak entzunez izan ditugun bizipenak oroitaraziz. Baina kontuz, ez da nostalgia, baizik eta bizitza ospatzea, honaino iritsi garela eta hemen jarraitzen dugula ospatzea. Alvarok ohikoa duen sinpatia ikaragarriaz kontatzen digu hori dena.

Broken Beat, Beats, House eta Jungle, non hari gidaria jazza den. Oraingo honetan, Alvaro Grandak bere jazz-bildumaren zati bat sanpleatu digu, eta horren emaitza da This Ain 't Jazz No More;  bere seme Gastoni eskainitako diskoa da, haren edoskitzaroan sortutakoa; estudioan musikaz jokatzeko era aldarazi zion horrek, sampling-era atxikiz..

 

  

1733