Kultur Dealers-ek klima aldaketaren gaiari helduko dio
Kultur Dealers-ek klima aldaketaren gaiari helduko dio
2018an irakurleek 32.246 kontakizun atera zituzten makinetatik.
2018an irakurleek 32.246 kontakizun atera zituzten makinetatik. Horietatik 13.255 gazteleraz izan ziren, 11.873 euskaraz, 3.491 frantsesez eta 3.627 ingelesez. Gehien erabilitakoak hauexek izan ziren: Donostiako autobus geltokia, Zarauzko merkatua eta Orioko tren geltokia.
Itxaso: “Klima aldaketari buruz hitz egiteko une egokia dela uste dugu. Jakin badakigu gure gazteria egoera kezkagarri horretaz jabetuta dagoela eta, beraz, irudimena eta sormena erabili ahal izango dituzte,era guztietako fikzioak sortzeko”
Denis Itxaso Kulturako diputatuak gaur aurkeztu ditu Kultur Dealers-en laugarren edizioko berrikuntza nagusiak. Kultura eta Turismo Departamentuaren ekimen horrek sorkuntzarako eta pentsamendurako espazio berri bat sortzen du herritarren artean, kulturari kalean bertan presentzia eta ikusgaitasuna emanez. Prentsa agerraldian izan dira José María Hernández, Cristina Enea Fundazioko zuzendaria, Ana Merino, epaimahai amateurreko kidea eta Beñat Muñoz, Robin Comunicación empresakoa eta ekimenaren sustatzailea.
Aurten, iaz bezala, Aldundiak errealitate sozialera hurbildu nahi du Kultur Dealers ekimena, klima aldaketa gai nagusitzat duten mikroipuinen bidez errealitate kezkagarri hori ikusarazteko.
«Klima aldaketari buruz hitz egiteko une egokia dela uste dugu. Ingurumenaren aurkako inoizko mehatxu larriena da, eta ondorio suntsitzaileak ditu. Jakin badakigu gure gazteria egoera kezkagarri horretaz jabetuta dagoela, eta prest dagoela bizimodu osasungarri eta ekologikoagoa eramateko. Kezkatzen dituen gai bat da eta, beraz, irudimena eta sormena erabili ahal izango dituzte, era guztietako fikzioak sortzeko», azaldu du Itxasok.
Aurten, iaz bezala, epaimahaiak mikroipuinik onenak sarituko ditu euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan. Irabazleari liburuak erosteko bono bat emango zaio opari. Cristina Enea Fundazioak didaktikoenak aukeratuko ditu eta bere egoitzan ikusgai egongo dira. «Parte-hartzea sustatu nahi da, baina baita sormena saritu ere», baieztatu du Itxasok.
Diputatuak euskarazko modalitatean parte hartzera deitu du, aurreko edizioetan lan gutxiago aurkeztu baitziren euskaraz gaztelaniaz baino.
Kultur Dealers 2016an abiarazi zuen Kultura Departamentuak, pertsona guztien espiritu sortzailea sustatzeko eta indartzeko, eta kultura ezohiko lekuetan eskaintzeko asmoz. Makina banatzaileen sistema berritzaile baten bidez, pertsona hautatuek idatzitako mikroipuinak eta egile ezagunen pentsamendu testuak banatuko dira.
Gipuzkoako hamabi puntutan jarriko dira, jendea biltzen den lekuetan, eta bi aukera eskainiko dizkiete erabiltzaileei: fikzioa eta pentsamendua. Idaztea gustuko duten guztiei deia egiten zaie beren sormen lanak aurkeztuz «fikzioa» deituriko atal horretan parte har dezaten. Edonork har dezake parte ekimen honetan, apirilaren 11etik maiatzaren 31era bitartean, euskaraz edo gaztelaniaz idatzitako testuak www.kulturdealers.com web orriaren bidez bidalita. Testuen gehienezko luzera 2.000 karakterekoa da (zuriuneekin).
Mikroipuin guztien artean hautaketa bat egingo da, bi zatitan:
Hasiera batean, Gipuzkoako idazketa lantegietatik datozen pertsonek aurre hautaketa bat egingo dute.
Ondoren, lehen hautaketa horren ondoren, hiru idazle ezagunek behin betiko hautaketa egingo dute.
Lan hautatuak makina banatzaileetan egongo dira eskuragarri uztaileko lehen astetik aurrera, lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.Kultur Dealers-en lehen hiru edizioetan ia mila mikroipuin inguru aurkeztu dira.
“Pentsamendua” deituriko aukeraren barnean, makinek dagoeneko publikatuak izan diren testuak bilduko dituzte: aforismoak, pentsamenduko pieza laburrak, filosofia eta abar, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez nahiz frantsesez. Testuen hautaketa liburu-saltzaileen gremioak egingo du liburu-denden laguntzarekin.
Kultur Dealers, sorkuntza literariorako espazio bat izateaz gainera, irakurle kluben, idazketa lantegien, blogarien eta abarren lana ezagutarazteko modu bat ere bada. Itxasok esker ona adierazi die lantegi horiei guztiei sorkuntza eta irakurketa sustatzen egiten duten «lan handiagatik», eta eskerrak eman dizkio liburu-saltzaileen gremioari ere, proiektu honetan eskaini duen lankidetzagatik eta inplikazioagatik.
2018ko datuak
2018an irakurleek 32.246 kontakizun atera zituzten makinetatik. 2017an, berriz, 29.070. Horietatik 13.255 gazteleraz izan ziren, 11.873 euskaraz, 3.491 frantsesez eta 3.627 ingelesez. Gehien erabilitakoak hauexek izan ziren: Donostiako autobus geltokia 7.586 kontakizunekin, Zarauzko merkatua 6.883 kontakizunekin eta Orioko tren geltokia, 3.998 kontakizunekin.
1633