Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Debagoieneko herritarrak etorkizunari buruzko hausnarketan parte hartzera gonbidatu ditu Aldundiak

Debagoieneko herritarrak etorkizunari buruzko hausnarketan parte hartzera gonbidatu ditu Aldundiak

Etorkizuna Eraikiz Kapsula Arrasaten egongo da gaur egun osoan zehar.

2021/06/21

Etorkizuna Eraikiz Kapsulak Arrasaten hasi du gaur datozen asteetan Gipuzkoako eskualde ezberdinetan zehar egingo duen bira. Ekimen honen bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen Etorkizuna Eraikiz programak herritarrak lurraldearen etorkizunari buruzko hausnartu eta konprometitzera bultzatu nahi ditu. Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak gogoratu duenez, Etorkizuna Eraikiz Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko lanean ari da, eta ariketa horretan funtsezko elementua da elkarlaneko gobernantzaren alde egitea. “Zertan ari garen bezain garrantzitsua da nola ari garen, guztion artean adostutako erantzunak izan behar dute gure geroa diseinatuko dutenak eta, beraz, prozesu horretan asko dute esateko herritarrek. Parte hartze hori sustatzea da hain zuzen ere kapsularen helburua”, adierazi du.

          Mendoza Arrasaten bertan izan da gaur goizean, Maria Ubarretxena herriko alkatearekin batera. Foru arduradunak azaldu duenez, partaidetza ezinbesteko tresna da herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza berreskuratzeko. “Partaidetzari esker, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da… Asko dira dituen abantailak. Eta, horregatik, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren muinean dagoen elementua da”, nabarmendu du Gobernantzako diputatuak.

          Kapsula Arrasateko Zebero Altube plazan instalatu da, eta egun guztian zehar egongo da. “Etorkizunaz pentsaraztera eramango gaituen benetako kapsula da, denboraren kapsula balitz bezala”, esan du Mendozak, herritar guztiei zuzenduta dagoen ekimena dela azpimarratuz. Kanpotik ikusita, tunel moduko bat da, eta bisitaria kapsulara sartzean Gipuzkoak egun dituen ezaugarriak ikusten ditu parez pare. Hauetatik, Gipuzkoak 2040an zein balio mantendu beharko lituzkeen galdetzen zaio bisitariari. “Honek, egungo gipuzkoarrek garrantzia zeri ematen dioten erakutsiko digu, egungo gipuzkoarren kezka eta nahiak zeintzuk diren, alegia”, esan du Mendozak.

          Behin lehen urratsa emanda, Gipuzkoako Foru Aldundiak etorkizunari nola erantzuten dion kontatzen du kapsulak. Hau da, modu laburrean, Etorkizuna Eraikiz zer den eta zertan ari den aurkezten zaio, esaterako erreferentziazko zentroen bitartez etorkizuneko gaiei eta herritarren kezkei nola erantzuten ari den erakutsiz. Ibilbidea bukatzeko, bisitariari etorkizuna eraikitzeko euren konpromisoa idazteko eskatzen zaie eta, gero, inprimatu eta bakoitzak bere etxera eramateko aukera dute, kapsula txiki batean gordeta. Honekin batera, kapsularen kanpoaldean photocall bat dago, herritarrei euren konpromisoarekin argazki bat ateratzeko gonbita luzatuz, eta parte-hartzaileak bere helbide elektronikoa emanez gero, argazki hauek Gif formatuan bidaltzen zaizkio.

          “Ekimen oso interaktiboa da, jolas moduan planteatu nahi izan duguna, baina sakoneko helburua zein den ahaztu gabe: mundua abiadura bizian aldatzen ari da, etengabeko transformazio prozesu baten erdian gaude, eta Gipuzkoako epe ertain eta luzera dituen erronkak sekulakoak dira. Desafio horiei guztiei aurre egiteko ezinbestekoa da erakundeak, elkarteak, enpresak, ezagutza zentroak… inplikatzea, baina gizartearen beraren inplikazioa lortzea ere funtsezkoa da. Kapsularen bitartez, norabide horretan eragin nahi dugu, kontzientzia sortu nahi dugu gure etorkizuna lantzearen eta eraikitzearen alde lan egiteak duen garrantziaren inguruan”, borobildu du Mendozak.

Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak nabarmendu du “oraina zein etorkizuna herritarrekin lantzea udal zein foru erakunde mailan oinarrian dagoen lan egiteko era da. Etorkizuneko Arrasate eta Gipuzkoa era partekatuan eraikitzeko urratsak eman eta baliabideak jartzen ditugu, horren erakusle herri mailan azken bi urteetan garatutako dozena erdi parte-hartze prozesu. Arrasatearrok gure identitatean daramagu eredu kolaboratiboa, eraikitzailea eta elkarlanean oinarritutako lan egiteko era. Gure herria zein Gipuzkoa eredu hori oinarri eraikitzeak gizarte hobe eta kohesionatu bat sustatzea ekarriko du” azpimarratu du.

  

1683