Denis Itxaso Urnietan izan da kultura eta kirol azpiegitura eta zerbitzuak ezagutzeko
Denis Itxaso Urnietan izan da kultura eta kirol azpiegitura eta zerbitzuak ezagutzeko
Denis Itxaso Urnietan izan da herriko kultura eta kirol azpiegitura eta zerbitzuak ezagutzeko.
Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatua Urnietan izan da herriko azpiegitura eta zerbitzuak ezagutzeko. Zehazki, udal kiroldegia eta Sarobe arte eszenikoen zentrua ikusi ditu.
Itxasok postiboki baloratu du Urnietako Udalak Buruntzaldeko gainerako udalerriekin duen elkarlana kirol eduki eta eskaintzari dagokionean. Halaber, azpimarratu du gaur egungo egoera aintzat hartuta funtsezkoa dela baliabide publikoak modu eraginkor eta iraunkor batean erabiltzea, betiere, elkarlana oinarri edukita, kirol arloan Buruntzaldeko udalerrien artean egiten duten bezala, alegia.
Urnietako Udalak lehentasunezko helburutzat jotzen du udal kirol instalazioen eraberritzea. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundia kirol ekipamenduen birmoldatzea lagunduko duen 2017-2019rako Plan Foralaren oinarri nagusiak zeintzuk izango diren lantzen ari da. Bada, Urnietako udal kiroldegia eraberritzeko aurreproiektua aurkeztuko zaio Denis Itxasori, eta ahal den neurrian proiektua aurrera eramateko babesa eskatu.
Urnieta betidanik izan da kirolari loturiko udalerria eta herritarrek alor horretan zituzten beharrak asetze aldera jarri zen martxan udal kiroldegia 1987an. Ordutik hona ordea, herriko biztanleria haziz joan da. Bestalde, herritarren beharrak aldatu egin dira, eta, gainera, instalazioak zaharkituta geratu dira, nahiz eta epe horretan hainbat hobekuntza eta eguneratze lan egin diren. Beraz, zenbait neurri hartzeko beharra ikusi du Urnietako Udalak aurrerapauso bat eman eta herritarren kirol jarduerak hobetzeko asmoz.
Horretarako, Udalak Avento Consultoria S.ri eskatu zion diagnosia egiteko Urnietako kirol instalazioen egoera, kirol eskaria, gutxi gorabeherako erabiltzaile kopurua eta aurreikusten den gorakada aintzat hartuta. Halaber, Avento elkarlanean egon zen herriko eragile desberdinekin, eta, baita, kiroldegia erabiltzen duten elkarteekin ere diagnosia egiteko garaian haien beharrak eta ikuspuntuak kontutan edukiz.
Diagnosi horretatik hainbat ondorio atera ziren, eta horiek oinarri hartuta aurreproiektua idazteko ardura Hoz y Fontan Arquitectos-i eman zion Udalak mota horretako proiektuetan duen esperientzia eta fidagarritasuna kontutan hartuta. Izan ere, Hoz y Fontanek gauzatu zituen emaitza paregabea eman duten Hondarribiako eta Tolosako kiroldegien proiektuak, besteak beste. Aurreproiektuak urnietako herritarrek dituzten beharrak kontutan hartzen dituen instalazioak jasotzen ditu, eta inbertsio handi horren gutxi gorabeherako kostua ere ematen du.
Saroberen etorkizuneko funtzioa
Bestalde, Sarobe arte eszenikoen zentruak 20 urte darama lanean Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eraiki zenetik. Epe horretan berau izan da Euskadiko arte eszenikoen erreferentziazko tokia. Aurrerantzean ere hala izan dadin Sarobera bideratuko den diru laguntza definitu nahi du Udaletxeak.
1439