Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak eta Gurutze Gorriak indarrak batu dituzte ingurumenaren eta klima aldaketaren aurkako borrokaren alde

Aldundiak eta Gurutze Gorriak indarrak batu dituzte ingurumenaren eta klima aldaketaren aurkako borrokaren alde

Asensio: «Gipuzkoako lurraldearentzat oso garrantzitsua da Gurutze Gorriaren moduko erakundeek honelako ekimenak jartzea martxan, alegia, klima aldaketaren aurka borrokatzen eta haien jarduerari lotutako ingurumen inpaktua murrizten lagunduko dutenak».

2023/03/13
Gurutze Gorria

«Jendearen esku dauden ekintzez ari gara: zer egin dezaketen mundua salbatzeko, etorkizun hobea lortzeko, baina baita gaur egun berdintasun sozialaren alde eta gure egunerokoan klima aldaketaren aurka borrokatzeko ere».

Ingurumeneko diputatuak, José Ignacio Asensiok, eta Gipuzkoako Gurutze Gorriko presidenteak, José Luis Peñak, lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean Gurutze Gorriaren Donostiako egoitzan, Gipuzkoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak instalazio horietara egindako bisitaren harira. Bisitaren helburua zen bertatik bertara ezagutzea zer lan egiten duen erakunde horrek gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren arloan.

Gipuzkoako Gurutze Gorriak aktiboki dihardu gizartean erro sakonak dituen erakunde boluntario independente, zibil eta humanitario gisa, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) gauzatze aldera. Era berean, erakundearen kezkagai dira ingurunearen zaintza eta klima aldaketaren aurkako borroka, eta bere Plan Estrategikoan estrategia eta jarduera sektore gisa sartu du ingurumena. Horrekin batera, balio hauek sustatu nahi ditu bere ingurumen jardueraren bitartez: pertsonen bizitza eta segurtasuna, aberastasun naturalak, eta ingurumenaren babesari lotutako balioak, desberdintasun soziala eta muturreko pobrezia eragiten dituen mehatxu oro eragotziz.

Hitzarmenaren azken helburua, finean, lurraldeko baldintza sozialak, ekonomikoak eta ingurumenekoak hobetzea da, bere jarduerari eta Gipuzkoa 2023 Ingurumeneko Ekintza Planaren garapenari lotutako ingurumen inpaktua murriztuz. Horretarako, sentsibilizazio neurriak ezarriko dira, emisioak murrizteko planak hobetuko dira eta energia efizientzia bultzatuko da, gazteen atalarekin lan egingo da sentsibilizatzeko eta ingurumen kontzientzia sortzeko ekintzetan, ohiturak aldatu eta ingurunea gehiago zaintzen duten jokabideak lortzearren, ingurumen aztarna hobetzen lagunduko duten ekintzak ezarriko dira, baliabideen erabilera jasangarri eta osasungarria sustatzen duten jokabideak bultzatzeko sentsibilizazio lanekin jarraituko da, eta hezkuntza sustatuko da ekintzara pasatzeko tresna gisa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko Departamentuak 50.000 euro bideratuko ditu guztira xede horretara.

Ildo horretan, honako hau adierazi du Ingurumeneko diputatuak, José Ignacio Asensiok: «Gipuzkoako lurraldearentzat oso garrantzitsua da Gurutze Gorriaren moduko erakundeek honelako ekimenak jartzea martxan, alegia, klima aldaketaren aurka borrokatzen eta haien jarduerari lotutako ingurumen inpaktua murrizten lagunduko dutenak». Halaber, Gurutze gorriak ingurumenarekin eta energia efizientziarekin daukan konpromisoa nabarmendu du Asensiok. «Erakunde honek kapilaritate handia du lurralde nazional osoan. Jendearen esku dauden ekintzez ari gara: zer egin dezakeen mundua salbatzeko, etorkizun hobea lortzeko, baina baita gaur egun berdintasun sozialaren alde eta gure egunerokoan klima aldaketaren aurka borrokatzeko ere», amaitu du.

Bestalde, Gipuzkoako Gurutze Gorriko presidente José Luis Peñak adierazi duenez, «Gipuzkoako Gurutze Gorriak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko Departamentuak gaur sinatutako hitzarmenari esker, lanean jarraitu ahal izango dugu lurraldean aurrera daramagun ingurumen jardueraren esparruan. Era berean, bultzada garrantzitsu honek aukera ematen digu jarduera ardatz hauetan gure lana errazago garatzeko: ingurumen hezkuntza, ingurunearen hobekuntza, ingurumenaren kudeaketa eta klima aldaketaren aurkako borroka».

  

2435