Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Foru Aldundiak eta udalek «konpromiso partekatua» azaldu dute indarkeria matxistarik gabeko jaien alde

Foru Aldundiak eta udalek «konpromiso partekatua» azaldu dute indarkeria matxistarik gabeko jaien alde

Diputatu nagusiak eta udal ordezkariek adierazpen publiko bat egin dute eta sexu erasoen aurrean «zero tolerantzia» adierazteko.

Markel Olano eta Gipuzkoako hainbat udalerritako alkate eta ordezkariak.

Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, eta lurraldeko alkate eta zinegotzien ordezkaritza zabal eta askotariko batek –lurraldeko 27 alkate eta 22 zinegotzi– adierazpen publiko bat irakurri dute gaur goizean, indarkeria matxistaren aurrean Gipuzkoak “zero tolerantzia” duela jakinarazteko. Datozen hilabeteetan egitekoak diren hiri, herri eta auzoetako jaiei begira, adierazi dute “konpromiso partekatua” dutela festak emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko gozamen eta ospakizun gune izan daitezen.

          Foru erakundeak eta lurraldeko udalek argitaratutako adierazpena Berdintasunerako Foru Organoak sustatutako lan prozesu baten emaitza da; izan ere, azken hilabeteotan baterako lan jardunaldi batzuk antolatu ditu Gipuzkoako udaletako ordezkari politikoekin eta teknikariekin, nahiz hainbat adituren partaidetzarekin. Beste alderdi batzuen artean, jaietako sexu indarkeriaren ezaugarriei buruz gogoeta egin dute, eta sexu erasoei aurre egiteko garatu behar diren prebentzio, arreta eta erantzun publikoko politika egokiak landu dituzte –baita politika horiek abian jartzean udalerriek izan dituzten ikaskuntzak ere–. Azkenik, gaur egindako azken saioan, azaldu dute zer irizpide hartu behar dituzten kontuan sexu indarkeria matxistaren aurkako prebentzio, arreta eta erantzun publikoko politikek, egokiak izateko eta sexu indarkeriaren biktimak berriro ez biktimizatzeko.

          Etorkizuna Eraikiz Gunean egindako jardunaldiaren aurretik, manifestu publikoa irakurri dute diputatu nagusiak eta Andoain, Errenteria eta Elgoibarko alkateek: Maider Lainezek, Aizpea Otaegik eta Ane Beitiak, hurrenez hurren. Haren bidez, indarkeria matxistarik gabeko jaiak ospatzeko asmo irmoari buruzko adierazpen bateratua egin nahi izan dute.

          Adierazpenean, Aldundiak eta udalek gogorarazi dute aurten udalerri gehienetara itzuliko direla udako jaiak, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko ezarritako murrizketen ondotik bi urtez jai publiko eta sozial gehienak ospatu ezinean egon eta gero. Hala ere, adierazi dute festetan gertatzen diren “urratze ludiko horiek ezin direla aitzakia izan gure udalerrietako jaietan emakumeen aurkako sexu indarkeria matxista legitimatzeko edo normalizatzeko”. Horiek horrela, aldarrikatu dute “jaietako aisia eta gozamena emakumeen eskubidea dela, eta eskubide hori berdintasunean gauzatzeko aukera izan behar dutela”.

          Horregatik guztiagatik, Gipuzkoak bere gain hartzen du “emakumeen aurkako sexu erasoak jaien testuingurutik kanpo uzteko lan egiteko” konpromisoa, “eraso horiek egiturazko indarkeria testuinguru batean puntualki gauzatzen den indarkeria matxista” direla ulertuta; hau da, “eraso horiek ez dituela festa giroak eragiten, baizik eta giro hori hartzen dela erasoa egiteko aitzakiatzat”. Udalek eta Aldundiak jaien antolaketan, sentsibilizazioan eta prebentzioan, biktimentzako arretan eta erasoen aurkako erantzun publikoan “politika argiak” ezartzeko konpromisoa hartu dute.

“Aldundiak eta Gipuzkoako udalek, azken asteotan egindako lan prozesuaren ondoren, jaiak emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe gozatzeko gune bihurtzeko ahal den guztia egiteko konpromiso partekatua berresten dugu. Gizarte osoari dei egiten diogu sexu indarkeria matxistaren existentziaz jabetu dadin, eta pertsona bakoitzak, bere erantzukizunaren esparruan, konpromiso aktiboa har dezan indarkeria matxistarik gabeko jaien alde. Gure auzo eta udalerrietako jaiak indarkeria matxistarik gabeko ospakizun gune izan daitezen, eta haietan emakumeek askatasunez gozatu ahal izan dezaten aisialdiaz, ospakizunez eta gizarte harremanez”, amaitu dute.

  

3216