Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Lankidetzazko 18 ekimen berrik jaso dute Aldundiaren eta Pirinio Atlantikoen Departamenduaren bultzada bateratua

Lankidetzazko 18 ekimen berrik jaso dute Aldundiaren eta Pirinio Atlantikoen Departamenduaren bultzada bateratua

‘Ideiak 2023’ ekimenaren baitan; kultura, kirola, ingurumenaren zaintza ala hizkuntza uztartuz, mugaren bi aldeetan garatuko dira proiektuak, 300.000 euroko diru-funts partekatu batetik abiatuta

2023/09/29
Ideiak 2023

Kultur, ingurumen ala kirol jarduera berritzaileak sustatuko dituzte mugaren bi aldeetan 18 proiektu berrik Ideiak 2023 ekimenari esker. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako departamentuak elkarlanean antolatzen duten egitasmoaren bigarren edizioaren barruan, aurtengo deialdiaren baitan garatuko diren proposamenen aurkezpena egin dute gaur Aldundian, bi erakundeotako arduradunek eta hautatutako proiektuetako ordezkariek. Irune Berasaluze, Gobernantzako foru diputatuak eta Jean-Pierre Mirande, Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseilariak hartu dute parte proiektuen aurkezpen ekitaldian.

Aurten, guztira, 32 proposamenen artean aukeratu ahal izan dute herritarrek eta 4.370 lagunen botoak jaso dira irailean zehar egin den web bidezko bozketan irekian, lehen edizioan baino 826 boto gehiago, hain zuzen. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseiluak, hurrenez hurren, bakoitzak 150.000 eurorekin lagunduko ditu lurralde bakoitzean bozkatuenak izan diren ekimenak, 9 lurralde bakoitzeko, 18 proiektu guztira. 300.000 euroko funts komun horretatik, onartutako proposamen bakoitzak gehienez 20.000 euroko laguntza jaso du bere proposamena garatzeko.

Aurtengo deialdiak izan duen harrera onarekin pozik agertu dira antolatzaileak. Oraindik bigarren edizioa izanda ere, lankidetzazko ekimen honek “aurretik duen etorkizun oparoa” agerikoa dela azpimarratu du Irune Berasaluzek aurkezpenean. “Iaz, lehen edizioarekin, Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoen arteko lankidetza bide berri bat irekitzea lortu zuten erakundeek eta, orain bigarren edizio honetan jada zubia eraikita, elkarlana sendotu” dela azaldu du foru diputatuak. Gogorazi duenez, aurtengo deialdiaren baldintzetako bat lantalde guztietan mugaz beste aldeko kide ala partaideak izatea zen eta horri esker, “proiektuek ikuspegi zabal eta aberatsagoa izan dute”. Halaber, “geografiak, kulturak, hizkuntzak eta historiak batzen gaituen bi lurralde izanda, erakundeen artean lankidetzan naturaltasun osoz jardutea aberasgarria da, baita Europara begira ere”, esan du Berasaluzek. Hain zuzen, Frantziako Berrikuntza Publikoaren Behatoki Nazionalak aitortza egin zion Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako departamenduak elkarrekin garatutako deialdi honi iazko azaroan. Honenbestez, “Ideiak bezalako ekimenek bete-betean asmatzen dute gobernantza ireki eta parte-hartzailearen balioak sustatuz”, haren esanetan, eta “Europaren eraikuntzan eskualdeek egin dezakegun ekarpen handiari balioa ematea lortzen da”.

Jean-Pierre Mirande, departamenduko kontseilariak, bere aldetik, lankidetzaren balioan jarri du azpimarra baita ere, hain zuzen, 2005 urtetik bi erakundeek hainbat alorretan egindako lana aipatuz; politika publikoen garapenean, hala nola, bidegorri sarearen zabalkundean, azpiegituretan eta kultura ala berdintasuna moduko alorretan. Ideiak

egitasmoa lankidetza horren “emaitza arrakastatsuetako bat” dela azaldu du Mirandek, eta ospatzekoa dela “bi lurraldeek erakutsi duten konpromisoa eta lankidetzarako gogoa”.

 

Honako hauek dira Gipuzkoan boto gehien jaso dituzten proiektuak eta gure lurraldean garatuko direnak:

1. Kulunka: Haur kantuaren tradizioa Iparraldean eta Hegoaldean berreskuratzen. Landarbaso abesbatzak aurkeztua eta Pirinioetako babesa Seaskak eman diona. Hegoaldeko eta Iparraldeko lau ikastolatako 0-6 urte bitarteko haurrentzat egindako kantu tradizionalen moldaketak. Sorkuntza-prozesuan aitona-amonek hartuko dute parte. Aurrez aurreko belaunaldi arteko bost topaketa egingo dira.

2. Ilargi metodoa erle erreginen estalketa ziurtatzeko. Erbel elkarteak aurkeztu du eta Pirinioetako babesa Euskal Erle Beltza elkarteak eman dio. Euskal Herriko berezko erle arraza, erle beltza, mantentzeko hautespen eta estalketa programa da.

3. Dantza Herria. Mugaren bi aldeetako ikasleen arteko loturak sendotzeko proiektua, euskara eta euskal kultura oinarri hartuta, musika eta dantza indartuz. Larrun Eskolak aurkeztu du eta Pirinioetako babesa Bilaka kolektiboak eta San Frantzes Xabier Eskolak eskaintzen dute.

4. BI-ON-BE. Soluzio digital kolaboratiboa, eleaniztuna eta doakoa da: kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko, osasunaren, ongizatearen eta gizarte inklusioaren mesedetan. BE ON Sport sozietateak aurkeztua eta Pirinioetako babesa Pic Digitalek eman dio.

5. Neska gazteak mugaz gaindi saretzen. Feminismoa bizitzeko modu anitzak aitortuz, feminismo kolektiboa bultzatzea eta aliantza feministak areagotzea da proiektuaren xedea. Ekin Emakumeak taldeak aurkeztua da eta Pirinioetan babesa Itziar Varelak ematen dio.

6. Bidasoaldeko elikadura burujabetza pausuz pausu. Bidasoa Txingudiko elikadura karta izango denaren oinarriak finkatu nahi dira prozesu parte-hartzaile baten bidez. Labore Txingudi elkarteak aurkeztu du proiektua eta Pirinioetan babesa Hendaiakoop elkarteak eman dio.

7. Zestoa eta Urepel arteko senidetze proiektua, Euskal Herria kultura beraren pean batuz. Zestoako Udalak aurkeztua eta Pirinioetako babesa Urepeleko Udalak eman dio.

8. Bidasoa, oroimena. Bidasoatik haragoko sorkuntza artistikoko proiektua. Pausumedia elkarteak aurkeztua eta Pirinioetako babesa Axut kolektiboak eman dio.

9. Des-eraikitzen. Eraikuntza materialen berrerabileraren inguruan aurkezten den proiektua, Gipuzkoak dekonstrukzio obra bat burutzea proposatzen da. Adokin elkarteak aurkeztua eta Pirinioetako babesa Patxa´Ma elkarteak eman dio.

 

Pirinio Atlantikoetako departamentutik, aldiz, hauek dira gehien bozkatu diren eta diru ekarpena jasoko duten beste 9 proiektuak.

1. Dantza balleta 2024. Zuberoako dantzetan oinarritutako balleta, elkartruke eta partekatze proiektu baten baitan. Berritza elkartearen proiektua da eta Gipuzkoatik Eneko Gil koreografoak esku hartuko du.

2. Xistera zaharreala Trebeska. Xistera zaharra egoitzaren eraberritze proiektua, Zuberoako eta Gipuzkoako artisten elkartrukea eta sorkuntza laguntzeko, astebeteko egonaldi batean.

3. Dantza Trukaketa Iparralde-Gipuzkoa. Dantza topaketa bat Gipuzkoako bi dantza talde eta iparraldeko 3 dantza talderen artean, Donibane Lohitzunen. Dantzarien formakuntza eta erakustaldia ere antolatuko dira. Ondoren, iparraldeko 3 taldeek emanaldi bat emango dute Beasainen eta Ezpata dantza eguna ikustera joango dira.

4. Orain hizkuntzak!. Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren eta Gipuzkoaren arteko muga esparruko hizkuntz aniztasuna landuko da. Mintzalasai eta Eusko Ikaskuntza elkarteek hizkuntza bitartekaritzarako tresnak elkarbizitza sustatzeko erabiliko dituzte.

5. Mugaz Gaindiko Ahotsak. Euskal Irratiak elkarteak eta euskal irratien sareak 15 podcast ekoitziko ditu mugaz gaindiko bizitza hobeto ezagutzera emateko.

6. Aupa Brasil festibala. Dantza Carioca elkarteak bultzaturiko Aupa Brasil festibal-ak mugaz gaindiko eremuko arte aberastasuna osatzen duten kirol eta arte brasildarrak ezagutzeko aukera eman nahi du.

7. Olatu bera. Artha Surf Club-eko bazkideek Hondarribia, Donostia, Zumaia, Deba eta Zarauzko surf elkarteak ezagutzera emango dituzte, zenbait asteburutan.

8. Bigarren aukera bat, kirolari esker!. Real Sociedad eta Baionako Aviron Bayonnais (errugbia) taldeen partaidetzarekin, proiektuak bi lurraldeetako gazteak eta langileak elkartuko ditu eta kirolaren balioen elkartrukea egiteko.

9. Bihar Euskarians. Frantzian 2024an egingo diren Olinpiar Jokoekin kointzidituz, Akitaniako Ligak eta La Vascak aukera baliatu nahi dute beren bazkide kopurua handitzeko. Mugaz gaindiko zazpiko errugbi torneo handia antolatuko dute, Lapurdiko kostaldeko eta Gipuzkoako taldeetako neska eta mutil gazteak bilduz.

  

2157