Diskriminazio egoeren aurkako elkarlana estutuko du Aldundiak herri txikietan
Diskriminazio egoeren aurkako elkarlana estutuko du Aldundiak herri txikietan
Udal txikietako 12 alkate eta ordezkarirekin bilera egin du gaur arratsaldean Zizurkilgo Fraisoro gunean Maribel Vaquerok
Udal txikietako 12 alkate eta ordezkarirekin bilera egin du gaur arratsaldean Zizurkilgo Fraisoro gunean Maribel Vaquerok, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendariak. Aniztasuneko Bizikidetzarako Foru Planaren baitan, lurraldeko herri txikietan diskriminazio eza sustatu eta aniztasuna lantzeko garatu daitezkeen ekintzen inguruan jardun dute, hasierako diagnosi batetik abiatuta. Ordezkari guztiak bat etorri dira udalerri txikienetan aniztasuna landu eta sustatzeko baliabide gehiago behar direla, diskriminazio egoerak atzeman dituztelako. Hala, Aldundiak arreta eta aholkularitza berezia eskainiko die udalerri txikiei, gaur hasitako partaidetza saiotik abiatuta.
Vaquerok azaldu duenez, planean bertan identifikatu zen "aniztasunaren gaia udal ordezkariekin batera landu beharra eta, bereziki, udalerri txikien parte-hartzea sustatzea behar-beharrezkoa" zela. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak Elkarbizi sarea martxan jarri zuen 2017an, Gipuzkoako udalerrietan aniztasuna lantzen duten teknikariek eta ordezkari politikoek sarean lan egin zezaten. Foru zuzendariak aitortu duenez, "orain arte herri txikiek izan duten presentzia murritza izan da Elkarbizin, eta horrek kezka sortzen zuen Aldundian". Egoera horri irtenbidea ematen saiatzeko parte hartze prozesua bultzatu da foru erakundetik.
Antzuola, Anoeta, Idiazabal, Segura, Zegama, Legorreta, Aduna, Elduain, Abaltzisketa, Bidania-Goiatz eta Gabiriako alkate eta zinegotziekin egindako lansaioa, herri txikien beharrak identifikatzeko hasiera-diagnosi batekin abiatu da. Lurralde osoaren adierazgarri izan daitezkeen 18 udalerritako udal ordezkari politiko eta langileen erantzunak jaso dira inkesta batean eta ia kasu guztietan, hutsunea sumatu da alor horrtan. Hala, udal gehienetan aniztasuna propio lantzeko politika ala ekimenik ez da egiten baina gehiengo zabalak interesa agertu du gaia lantzeko eta baliabideak eskatzen dituzte, bereziki aholkularitzari, sentsibilizaziori eta gizarte arretari dagokionez. Izan ere, inkesta erantzun duten udalerri ia guztietan sumatzen da diskriminazio egoerak gertatzen direla.
Vaqueroren arabera, "argi dago lehenik eta behin herri txikien artean ere ezberdintasunak daudela, ez dela errealitate homogeneo bat, eta kontutan hartu beharko da hori guztia etorkizunerako formulak eraikitzeko". Aniztasuna eta diskriminazio eza ere herri txikietan landu behar dela ulertzen da Aldunditik, azaldu duenez, eta oro har, "galdetegian parte hartu duten herri ordezkariek ere horrela adierazten dutela gehitu du zuzendariak".
Elkarbizi sarea eta udalerri mailako lana
Maila lokalean aniztasunaren inguruan jardun eta diskriminazio eza sustatzeko, udal teknikariekin eta ordezkariekin osatutako Elkarbizi sareak legealdi hasieratik dihardu lanean elkarren arteko koordinazioa eta ekintzak bultzatuz. Ordutik trinkortu egin da kideen eta erakundeen arteko lankidetza eta ezagutzen partekatzea. Udal mailan egiten den lan honi, zuzendaritzatik udeletxetara, garapen agentzietara, orotariko diru-launtzetara eta Aniztasunerako Bizikidetzarako planaren bitartez bideratzen diren 400.000 eurotik gorako diru kopurua batu behar zaio.
1587