Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Doluminak adierazi ditu Foru Aldundiak Antton Marqueten heriotzaren aurrean

Doluminak adierazi ditu Foru Aldundiak Antton Marqueten heriotzaren aurrean

Bi legealditan Ogasuneko diputatu izan zenaren “umiltasuna eta lanerako gaitasuna” goraipatu ditu Imanol Lasa foru bozeramaileak

2019/06/03

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere samina agertu du atzo 81 urterekin zendutako Antton Marqueten heriotzaren aurrean, eta “doluminak eta babes osoa” adierazi dizkie haren senitartekoei, lagunei, eta gertuko pertsona guztiei. Ogasuneko diputatua izan zen Marquet bi legealditan, 1995 eta 2003 bitartean, Roman Suduperen agindupean, eta baita  Donostiako Udaleko zinegotzia eta Espainiako Kongresuko legebiltzarkidea ere.

Imanol Lasa foru bozeramaileak balioan jarri du gaur bere ibilbide “politiko eta pertsonala”, gogoraraziz “leialtasunagatik, umiltasunagatik eta lanerako gaitasunagatik” nabarmendu zela. “Sekula ez zituen gustuko izan kamerak edo protagonismoak. Zuhurtziaz jokatu zuen beti, eta kudeaketarako zuen ahalmena herritarren zerbitzura jarri zuen. Gai izan zen haien mesedetan akordioetara iristeko eta akordio horiek finkatzeko, eta beti uste izan zuen aurrerapen ekonomikoa ezinbestekoa dela gizartearen ongizatea bermatzeko”, oroitarazi du.

Ildo horretan, goraipatu du Marquetek “administrazio saneatu, moderno eta eraginkor baten” aldeko apustua egin zuela, eta bere kudeaketan “mugarri garrantzitsuak” izan zirela, hala nola “zorra bolumen handi bat murriztea, lehen aldiz Aldundiak errenta aitorpeneko proposamenak edo autolikidazioak osatzea, katastroaren lehen berrikuspena, edo teknologia berriak ezartzea”.

  

1500