Donibaneko saneamenduko obra zatika egingo da eta serieko ponpaketa-sistema baten bidez, barrutiko mugikortasunarekin eta gizarte-bizitzarekin bateragarria izan dadin
Donibaneko saneamenduko obra zatika egingo da eta serieko ponpaketa-sistema baten bidez, barrutiko mugikortasunarekin eta gizarte-bizitzarekin bateragarria izan dadin
Donibaneko saneamenduko obra zatika egingo da eta serieko ponpaketa-sistema baten bidez, barrutiko mugikortasunarekin eta gizarte-bizitzarekin bateragarria izan dadin
Bizilagunek edukiak kontsultatzeko eta haien ekarpenak egiteko aukera izango dute Kulturgunean jarritako erakusketan.
Pasaiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak Donibaneko bizilagunei aurkeztu diete foru-erakundeko teknikariek barrutiko saneamendu-beharrei erantzuna emateko egindako aurreproiektua. Proiektua egikaritzeko aurreikusitako inbertsioa 4.638.000 eurokoa da, eta konponbide teknikoak jada jaso du eragindako bi erakundeen adostasuna: Añarbeko urak eta Ura.
Pasaiako kulturguneko Juanba Berasategi aretoan egindako informazio-saioan Izaskun Gómez alkateak eta José Ignacio Asensio diputatu nagusiordeak parte hartu dute. Biek ala biek oso positibotzat jo dute eragindako alde guztien adostasuna, ingurumenean ondorio nabarmenak dituen arazo konplexu bati irtenbidea emateko, zeina, Pasaiako zinegotziaren hitzetan, funtsezkoa baita Donibanen bizi diren pertsonen ongizaterako eta udalerriaren iraunkortasunerako. Asensiok, bestalde, foru teknikariek egindako lana azpimarratu du, bai eta Donibaneko hirigune historikoaren moduko ingurune baten beharrei erantzuteko teknikoki baliozkotutako alternatibak izateak dakarren aurrerapena ere; izan ere, ingurune horren antzinatasunagatik eta kokapenagatik, oso konplexua da azpiegitura hidrauliko modernoak integratzea ahalbidetzen duten obrak egitea. Era berean, Asensiok gogorarazi du lehen aldiz konponbide bat aurkeztu dela, duela hamarkada bat baino gehiago enkistatuta daraman arazo batentzat.
Proiektuaren ardura duen talde teknikoak egin du aurkezpena, eta azaldu dute beharrezkoa zela Donibaneren neurrira egindako konponbide bat bilatzea, hirigune historikoan honelako obra bat egiteak duen zailtasuna dela-eta. Proiektuaren helburua izan da bateragarri egitea obren egikaritzea barrutiaren mugikortasunarekin eta bizitza sozial eta ekonomikoarekin, hori guztia ingurune konplexu batean: espazio gutxi, eraikinen antzinatasuna, eta zerbitzuak eta azpiegiturak berritzeko beharra.
Teknikariek aurkeztutako konponbidea serieko ponpaketa txikiak jartzean datza, zangetan sakontzea saiheste aldera. Eta ahalik eta gehien murriztea sarean sartzen den ur-bolumena, euri-urak eta ur zikinak banatuz. Teknika horrek sakonera gutxiko zangekin lan egitea ahalbidetzen du, altuera 1,30 metrora mugatuz eta luzera 25 metrora. Horrek aukera ematen du makineria arinarekin lan egiteko, etxebizitzei kalte egiteko arriskua murrizteko eta zangak txapekin estaltzeko, lanak egiten ari ez direnean, gainetik ibiltzea ahalbidetzeko.
Obraren plangintza hau da: 25 metro inguruko segidako zatietan gauzatuko da, Bonantzako eremutik hasita; hartara, aurreko zatia amaitu arte ez litzateke zati berri bat hasiko, eta, beraz, obrak bidearen zati txiki bati bakarrik eragingo lioke. Saneamendu-obrek zerbitzuak berritzea ahalbidetuko dute, hala nola, edateko uraren hornidura, elektrizitatea eta telefonia, eta, beraz, hirigune historikoko azpiegiturak hobetu egingo dira. Gainera, mugikortasuna eta eguneroko bizitzaren normaltasuna ahalik eta gehien bermatzearren, banaketa-jardueraren eta desplazamenduen ordutegiak aztertu dira, eta goizeko lehen orduak eta arratsaldeko azken orduak saihestuko dira. Era berean, egutegian asteburuak, jaiegunak eta opor-garaiak saihestea aurreikusten da, barrutiaren gizarte-bizitza bermatzeko eta aisialdian eta zerbitzuetan oinarrituriko ekonomiaren zati handi bat ziurtatzeko.
4.638.000 euroko inbertsioa aurreikusi da eta obraren ondorioz bizilagunek haien eraikinetako harguneak berritu beharko dituzte, saneamendu-sare berrira lotzeko, isurketak saihestearren. Horri dagokionez, Izaskun Gómez alkateak adierazi du udala, eragindako gainerako erakundeekin batera, hainbat formula aztertzen ari dela, bizilagunei laguntzak eta erraztasunak emateko, eta ziurtatu du bideak eta irtenbideak ezarriko direla partikularren kontu egin beharreko obra ez dadin familientzako ezin gaindituzko arazoa izan.
Informazio-saioa parte-hartze prozesuaren lehen pausoa da. Ondoren, Kulturguneean bertan jarri den erakusketarekin jarraituko da. Bertan aukera izango da Donibaneko saneamenduaren proiektuko edukiak kontsultatzeko, saioaren bideoa ikusteko, eta ekarpenak eta iradokizunak egiteko, horretarako jarritako kutxa batean utziz. Erakusketa zabalik egongo da azaroaren 11 arte, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 19:00etara. Halaber, interesdun guztiek informazio-material guztiak eskuragarri dauzkate udalaren web orrian (www.pasaia.eus).
Alkateak eta ingurumen diputatuak esan dute oso inportantea dela barrutiko herritarren parte-hartzea. Asensiok ziurtatu du bitarteko guztiak jarriko direla, informazioa gardena izan dadin, eta haren sailak obra hau finantzatzen laguntzeko konpromisoa berretsi du. Bestalde, Izaskun Gómezek azpimarratu du gai honetan parte-hartzea ezinbestekoa dela, konponbidea guztiek onartu beharrekoa delako.
1595