Donostiako 27 industrialdeko sarbide berriaren obra uda aurretik amaituko da
Donostiako 27 industrialdeko sarbide berriaren obra uda aurretik amaituko da
GI-2132 errepidea, Astigarraga parean, Martutene auzoko poligonoarekin lotzeko lanen erdia baino gehiago burututa dago; bidearen trazatua eta lurren mugimenduak ia amaitzear daude eta eraiki behar diren zazpi harri-lubetetatik lau eginak daude.
GI-2132 errepidea, Astigarraga parean, Donostiako Martutene auzoan dagoen 27 poligonoarekin lotzeko obraren erdia baino gehiago burututa dago gaur egun eta, aurreikuspenen arabera, maiatzaren erdirako industrialde horrek sarbide eta irtenbide berria izango du. Hala jakinarazi dute gaur Markel Olano diputatu nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak, lanen garapena eta obraren xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko egindako bisitan.
Markel Olano diputatu nagusiak gogoratu duenez, lurraldeko bide-mugikortasunerako "giltzarri" diren lau proiektu garrantzitsu aktibatu zituen joan den urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta horien artean kokatzen da Martuteneko 27 poligonorako sarbide berria. “Garrantzi kualitatibo handiko proiektua da. Batetik, trafikoaren arintasuna eta segurtasuna nabarmen hobetuko delako Gipuzkoako errepide-sareko konexio gune nagusi batean. Bestetik, Donostialdeko poligono garrantzitsuenetako baten sarbideak hobetzen ditugu, bertako enpresei, langileei eta, oro har, ekonomia jarduerari bultzada berri bat emanez, eta hiriburuko sarbideen trafikoa hobetzeko ekarpen garrantzitsua eginez ”, adierazi du.
Diputatu nagusiak adierazi duenez, industrialdeko sarbide berria “funtsezkoa” da mugikortasun “segurua eta erosoa” bermatzeko, lurralde oreka bultzatzeko eta eskualdeen arteko fluxuak errazteko. Gogorarazi duenez, ikuspuntu horretatik esanahi berezia duten lanak ari da gauzatzen eta garatzen Aldundia azken hilabeteotan: Azkoitia-Urretxu errepidearen (GI-631) berritzea, A-15ean Belabietako tunela birgaitzeko lanak eta Marrutxipitik Donostiarako noranzkoan GI-20rako sarbide berria egiteko obren lizitazioa, 27 poligonorako sarrera/irteera berriaz gain.
Gaurko bisitan, GI-2132 errepidearen 7,200 kilometro puntuaren parean egiten ari diren lotune erdia ikuskatu dute bertaratu diren ordezkariek. Lotune erdi horrek Astigarragako Bidebitarte biribilgunetik poligonorako eta poligonotik biribilgune horretarako mugimenduak ahalbidetuko ditu; hartara, gaitasun handiko sareko sarbide berri bat emango zaio industrialdeari, Martuteneko biribilgunean trafikoa arinduz. Puntu horretan bide berri bat sortuko da lotune erditik, zeinak Petritegiko bidea gurutzatuko duen, ondoren, Astigarragako Galtzaur auzoa eta Antondegi gaina inguratuko dituen, eta, azkenik, 27 poligonoko Ubarburu pasealekuari lotuko zaion.
Konexio berriak ia kilometroko luzera du, eta errepidearen trazatua eta lur mugimendu gehienak eginak daude. Horrela, obren erdia gauzatuta dago dagoeneko, lotunearen eraikuntzan beharrezkoak diren zazpi hormetatik lau amaitu direlako eta bosgarrena ere oso aurreratuta dagoelako. Lanak joan den urteko maiatzean hasi ziren eta, guztira, sei milioi pasako aurrekontua daukate.
Ingurumen-inpaktua murrizteko neurriak
Ingurumen-inpaktua ahalik eta gehien murrizteko neurriak hartu direla azaldu du Bide Azpiegituretako diputatuak. “Lurrezko horma bat eraikitzen ari dira, trafikoaren zarata murriztuko duena eta inguruko etxeentzako inpaktu bisuala nabarmen murriztuko duena. Ondoren, belarra ereingo denez, errepidea mendi baten atzean ezkutatuta geldituko da”, adierazi du Oiarbidek, eta gehitu du material birziklatua erabiltzen ari direla errepidearen eraikuntzan.
27 poligono gisa ezaguna den industriagunerako konexio berri horren eraikuntzari ekin zitzaion Donostiako eta Astigarragako udalen eta industrialdeko erabiltzaileen eskaerari erantzunez.
27 poligonoa enpresa parke zabala da, gaur egun sarbide bakarra duena Martuteneko biribilgunetik. Proiektu honen helburu nagusia bide horretako trafikoa arintzea da. Sarbide berriak edukiera handiko sarearekin lotune zuzena eratzea ekarriko du. Horrek asko arinduko du gaur egungo biribilguneak jasaten duen trafikoa. Martuteneko biribilgunean, egunero eta ordu puntatan, trafiko handia pilatu ohi da. Donostiako sarrera bat da erabiltzaile askorentzat eta, hori dela eta, bertan elkartzen dira 27 poligonora sartzen edo handik irteten diren ibilgailuak, ospitale eremutik datozenak edo hara doazenak, Donostian sartu edo irten nahi dutenak eta AP-8tik sartzen edo irteten ari direnak. Aurreikuspenen arabera, industriaguneko sarbide berriarekin, 27 poligonoko trafikoa asko arinduko da eta, ondorioz, horrek Martuteneko biribilgunea deskongestionatzen lagunduko du.
2876