Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Donostiako eraso matxista arbuiatu du Aldundiak

Donostiako eraso matxista arbuiatu du Aldundiak

Donostiako etxebizitza batean joan den larunbatean, hilak 2, emakume batek jasandako erasoa gogorki salatu eta arbuiatu nahi du Aldundiak erakunde adierazpen honen bitartez.

Egun horretan bertan gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak, erasoaren erantzule gisa. Foru erakundeak elkartasun osoa eta laguntza eskaini dizkio biolentzia matxista kasu hau pairatu duen emakumeari, nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egiten du Donostiako Udalak erasoa gaitzesteko argitaratu duen adierazpenarekin eta ohartarazi nahi du halako gertaeren oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun falta dagoela, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak. Gizon eta emakumeen berdintasuna, pertsonen duintasuna, askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira, eta eskubide horien aurka egiten duten jarrerak erabat gaitzesgarriak, bidegabeak eta onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean.

Egungo konfinamendu egoeran, foru erakundeak herritarrei dei egin die bortizkeria matxistaren aurkako konpromisoari eusteko, inoiz baino gehiago, bortizkeria matxista jasaten ari diren emakumeek erakundeon eta komunitate osoaren babesa jaso dezaten eta jakin dezaten gertu gaudela edozein unetan haiek laguntzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gogorarazten du biolentzia matxistaren biktimentzako zerbitzu eta egoitza guztiak indarrean daudela eta, halako kasuen aurrean, balizko biktimak zein herritar oro herriko zerbitzu sozialekin harremanetan jarri daitekeela edo 900 840 111 telefonora deitu dezaketela. Baita ere, SOS Deiak zerbitzuaren 112 aplikazioak telefono deirik egin gabe edozein emakumeri laguntza eskaini diezaioke. Hitz egiteko arazoak zein entzumen arazoak dituzten pertsonentzat egokitua dago eta eskaera egiten duen emakumea GPS bidez lokalizatzeko aukera eskaintzen die segurtasun indarrei.

  

1631