Ecohacks: 30 gazte elkartu dira Donostian berriz ere naturarekin bat egiteko
Ecohacks: 30 gazte elkartu dira Donostian berriz ere naturarekin bat egiteko
Asensio: "Nahitaezkoa da klima aldaketaren aurka borrokatzeko estrategiei gazteen proposamenak eranstea”
Jardunaldia Ingurumen Departamentuak antolatu du, eta gazteak naturarekin berriz bat egiteko eta sentsibilizatzeko proposamen onena sarituko du.
Gaur egun, jende gaztea hiri inguruneetan eta ingurune teknologikoetan bizi da gehienbat, eta, ondorioz, erabat arrotzak zaizkie naturari eta ingurumenari eragiten dieten arazoak. Arazo horri aurre egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak 30 gazte elkartuko ditu larunbat honetan, azaroaren 4an, Donostiako Aquariumean, Ecohacks izeneko ekitaldian. Ekitaldiaren helburua da parte hartzaileek hausnarketa prozesu bat egitea, beren urruntasun horren arrazoiei eta gazteak naturara erakartzeko moduei buruz.
Jardunaldia hasteko, José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak hitz egingo du, eta ongietorria emango die bertaratuei; ondoren, partaideei aldez aurretik egindako inkesta baten emaitzak azalduko ditu, naturarekin duten harremanari eta naturarekin zerikusia duten gaien balorazioari buruz. Ecohacks ekimenaren bidez, Departamentuak gazteak natura ingurunera hurbildu nahi ditu, sentsibilizatu, eta ingurumen estrategietan parte hartzea sustatu. Horri dagokionez, Jose Ignacio Asensiok hau azpimarratu du: "Nahitaezkoa da natura babesteko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko estrategiei gazteen ikuspegiak eta proposamenak eranstea”.
Ondoren, Pedro Cáceres ingurumen kazetariak hitzaldi bat emango du; gazteak proposamenak egitera eta proiektu batean lan egitera animatuko ditu, gazteak naturarekin harremanetan jartzeko eta ingurumen erronkekiko eragile aktibo eta kontzientziatu bihurtzeko. Hitzaldian hainbat esparrutan garatutako adibideak (aplikazioak, kontakizunak, programak, abestiak, eta abar), eta horiekin lortutako emaitzak azalduko dira.
Ondoren, parte hartzaileak taldeka banatuko dira, eta bisita bat egingo dute Aquariumera, han egiten duten lana ezagutzeko, eta ingurunea -kasu horretan itsas ingurunea- zaintzearen garrantziaz jabearazteko. Bisitan Pedro Cáceres izango da gidari eta gazteei beren proiektuak egiteko baliagarri izan daitezkeen erronkak aurkeztuko dizkie. Jasotako informazioa eta aurkeztutako erronkak oinarritzat hartuta, taldeek beren proposamenak prestatu eta jendaurrean aurkeztuko dituzte.
Jardunaldia bukatzeko, epaimahaiak proiektuak baloratuko ditu, eta irabazle izendatuko du gazteak naturarekin berriz bat egiteko erronkari hobeto erantzuten dion proiektua. Talde irabazleko kideek tablet bat eta dibulgazioko materiala jasoko dute sari gisa.
1522