Egonkortu da Irungo sutea, atzo eta gaur artean Gipuzkoan 400 hektarea erre ostean
Egonkortu da Irungo sutea, atzo eta gaur artean Gipuzkoan 400 hektarea erre ostean
Datozen orduetan euria espero da, eta honen laguntzarekin sutearekin amaitzea espero da
2021/02/21
Atzo goizean Nafarroako Bera herrian piztu eta arratsaldean Gipuzkoara pasa zen suteak aktibo jarraitzen du, baina egoera egonkorra da. Gaur arratsaldean eman den haizearen aldaketak sutea gehiago zabaltzea ekidin du, eta gauerako espero den euriarekin sutea kontrolatu eta itzaltzea espero da Momentu hauetan, foku aktibo nagusia Endarlatsa eta Erlaitz artean dago. Eider Mendoza Gobernantza foru diputatua Irungo Zaisa industriagunean instalatu den aginte-postu mugikorrean egon da, arratsaldeko azken orduan desmuntatu dena. Azaldu duenez, suak 400 hektarea inguru erre ditu Gipuzkoako lurretan, baino txarrena pasa da eta sutea datozen orduetan kontrolatzea espero da.
Mendozak azaldu duenez, azken hamarkadan Gipuzkoan izan den suterik larriena izan da baina, zorionez, ez da ez kalte pertsonalik izan, eta ez da ez etxebizitzarik ez bordarik kaltetuta suertatu. “Tamalez, erre den eremuaren zatirik handiena bertoko basoa da eta, ondorioz, sekulako kaltea da gure natur ondarean”, esan du. Gaineratu duenez, datozen egunetan egingo da kalteen inguruko balorazio zehatzagoa. Mendozak eskerrak eman dizkie lanean ibili diren eta jarraitzen duten suhiltzaile eta basozainei, bai eta Ertzaintzari, Irungo udaltzainei, Babes Zibilari, Gurutze Gorriari eta DYA Gipuzkoari ere. “Sutea geldiaraztea lortu bada, eragile hauetako dozenaka pertsonek egin duten lan eskergagatik izan da. Eskerrik beroenak guztiei”, amaitu du.
2262