Eibarko Ospitalean bi Egoitza Unitate Soziosanitario ezarriko dira
Eibarko Ospitalean bi Egoitza Unitate Soziosanitario ezarriko dira
2020ko udan martxan egongo dira bi unitateak, 48 plaza inguru izango dituztenak
Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Osakidetzak Gipuzkoako Foru Aldundiaren alde egindako Eibarko Ospitalearen hirugarren solairuaren lagapena onartzea, bertan bi Egoitza Unitate Soziosanitario ezartzeko. Eider Mendoza foru bozeramaileak aurreratu duenez, aipatutako Ospitaleak 2020 erdi alderako izango du martxan azpiegitura berria. “Egoitza Unitate berri hauekin arreta integrala eman nahi zaie osasun arazo larriak, funtzionaltasun limitazioak edota gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsonei. Hau da, osasun eta gizarte arreta aldi berean, modu koordinatuan eta egonkorrean behar duten pertsonei”, adierazi du Mendozak. Euskadiko Ospitale batean martxan jartzen den mota honetako lehenengo unitatea da.
Foru bozeramailea hedabideen aurrean agertu da gaur, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko. Azaldu duenez, Osakidetza eta Aldundiaren Gizarte Politika departamentuaren artean adostu dute ospitaleko hirugarren plantaren herri jabariaren gaineko emakida zehatzen duen baldintza-agiria, bertan bi egoitza unitate soziosanitarioak ezartzeko. “ • Erakunde arteko lankidetzari esker, osasun eta gizarte arloko zerbitzuen koordinazio eta integrazio maila hobeak lortzen ditugu, eta dauzkagun baliabideak hobeto ustiatzea lortzen dugu. Helburua, betiere, arreta integrala eskaintzea delarik, pertsona bakoitzak dituen behar eta eskakizunei egokitua”, nabarmendu du bozeramaileak.
Emakidaren onarpenaren ostean, momentu honetan pleguak prestatzeko ari da lanean Aldundia, unitate hauen kudeaketa urte bukaerarako lehiaketara ateratzeko. “Bi Egoitza Unitate Soziosanitario hauek, gutxi gorabehera, 48 plaza izango dituzte. Hau da, bakoitzak 24”, adierazi du Mendozak. Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundiak mota honetako 100 plaza ditu: 73 Donostiako Matia Kaleko Gurutze Gorriaren ospitalean, eta beste 27 Zumarragako Argixao egoitzan. “Eibarko unitateen irekierarekin, plazen handitzez haratago, lurralde oreka ere hobetzen dugu, zerbitzu soziosanitarioa Debabarrena eta Debagoiena eskualdeetara hedatuz”, esan du.
Etxean, gizarte zerbitzuen zentroetan edota ospitaletan artatu ezin diren baina arreta egokia jasotzeko ingresatzea beharrezko duten gaixondoei eskainiko zaie arreta bertan. Eibarko Ospitaleko hirugarren solairuak 3.000 m2 inguruko eremua hartzen du, eta hau egokitzeko 3,1 milioi euroko inbertsioa egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Osakidetzaren bidez.
Egoitza Unitate Soziosanitarioa ekipamendu espezifikoa da, non aldi baterako arreta eskaintzan zaie denbora jakin batean osasun eta gizarte arreta aldi berean behar duten pertsonei. Helburua, betiere, laguntzaren jarraipena bermatzea da, eta horretarako Unitate hauek behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak dituzte (medikuak, erizainak eta zaintzaileak). Gerontologia zentro bat baino gehiago da. Ekipamendu ireki bat da, non behar sozial eta sanitarioak dituzten pertsonak bizi diren, besteekin batera, eta jarduerak partekatzen dituzten. Antzekoak dira antolaketa eta bizi estiloa hemen eta gerontologia zentro batean.
Foru bozeramaileak gogoratu du gizarte politika hizki larriz datorrela jasota Gipuzkoako Foru Aldundiaren agenda estrategiko guztietan, eta baliabide berri hau martxan jartzea “honen adibide bat gehiago dela”. “Beti aldeztu izan ohi dugun eskema berdinarekin jarraitzen dugu: ekonomia sendoa, gizarte zerbitzu indartsuak eraikitzea ahalbidetzen dizkiguna eta, honela, gure ongizate mailari eutsi. Hau guztia, etorkizuneko apustuak egiten jarraituz. Biharko egunean ere, Gipuzkoak lurralde sendo eta lehiakorra izaten jarraitu dezan”, aldeztu du.
Lehen sektorea indartzea
Bestalde, Diputatuen Kontseiluak erabaki du 0,51 milioi euro gehiago bideratzea nekazaritza ustiapenetako inbertsioak eta landa eremuaren garapenera bideratutako laguntzetara. Aurretik 2,55 milioi euroko zuzkidura zuen lan lerro honek eta, ondorioz, laguntza lerro honen aurtengo zuzkidura 3,06 milioi eurotako izango da. Onartutako eskariek (142) aurreikusitako gastua gainditu dute, eta baliabideak zeudenez, laguntza lerro hau indartzea erabaki da.
Lagundutako lan ildoen artean, hauexek daude: ustiategien ekoizpena merkatuaren beharretara egokitzea; enpresa kudeaketa eta ustiategien errentagarritasuna hobetzea; ekoizteko ahalmena handitzea; ingurumen iraunkortasuna hobetzea; abereen higienea eta ongizatea, elikagaien segurtasuna, ekoizpenen ibilbidea eta laneko segurtasuna hobetzea; eta inbertsio berritzaileak ahalbidetzea.
“Diru laguntza hauek garrantzi handia daukate Gipuzkoako ustiapenen modernizazioa errazteko, makineria eta teknologia berriak txertatuz, eta baita ingurumenaren eta jasangarritasunaren ikuspegitik ere, energia kontsumoaren murrizketa, hondakinen biltegiratzea eta kudeaketa, berotegi efektua sortzen duten gasen emisioen murrizketa, edota ongarrien erabileran eraginkortasuna hobetzea ahalbidetzen baitute”, azaldu du Mendozak. Gaineratu duenez, laguntza hauek oso harrera ona izan ohi dute, “eta jaso dugun eskari kopurua da honen adierazlerik onena”.
1853