Eibartarrek Aldundiaren datorren urteko aurrekontuetarako proposamenak aurkeztu dituzte
Eibartarrek Aldundiaren datorren urteko aurrekontuetarako proposamenak aurkeztu dituzte
Jubilatuen elkarteko kideekin batzartu zen herenegun Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua Untzagan
Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua Eibarko jubilatuen elkarteko kideekin batzartu zen herenegun Untzagan, Aldundiaren jardunaren berri emateko, eta haien proposamenak eta erronkak entzuteko. Aurrekontu irekien prozesuaren barruko topaketa izan zen. Horri esker, gipuzkoarrek aukera dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020ko aurrekontuak prestatzen parte hartzeko.
Luze jo zuen topaketak, hainbat ekarpen eta iradokizun egin baitzizkioten Diputatuari, 50 eta 85 urte arteko pertsonek. Hala, Aldundiari eskatu zioten Lurraldebus lerroetan hobekuntzak egitea, batez ere bere udalerri eta Donostia artean. Halaber, Eibarko ospitalaren inguruan, edo etxe zaharretan igogailuak jartzeko aukeren inguruan galdetu zuten, mendekotasuna duten pertsonen bizitza hobetzeko. Bestalde, trena, autobidea, kalitatezko enplegua edo birziklapena izan zituzten hizpide.
Aldundiak dituen proiektuen berri eman zien Lasak, bere aldetik. Parte-hartzaileei beren jarrera ona eskertu zien eta topaketa “oso aberasgarritzat” jo zuen, bertan entzundakoak kontuan hartuko dituztela aginduz. Zuzeneko komunikazioaren balioa goraipatu zuen, erakundearekiko gertutasun handiagoa sortzeko eta oraindik ere gaur egun dagoen “ezagutza falta handiari” aurre egiteko.
Hurbiltzeko aukera izan ez zuten norbanako eta kolektiboek martxoan zehar Aldundiaren aurrekontuetarako proposamenak aurkezteko aukera izango dute, bai etxeetan banatu den eskuorria betez eta udal erregistroan entregatuz, bai eta sarean ere, gipuzkoa.eus/partaidetza atariko aurrekontu irekien atalean. Baldintza bakarra 16 urtetik gorakoa izatea da.
Proposamen guztiak memoria batean jasoko dira, zein proposamen onartzen diren eta zein ez argudiatuz eta arrazoiak emanez, eta parte-hartzaile guztiei bidaliko zaie. Gainera, aurrekontuetan sartu diren eskaerak eta proiektuak nola gauzatzen diren ezagutzeko eta horien jarraipena egiteko aukera egongo da.
1610