Eider Mendozak azpimarratu du “gure I+G+b zentroek sortzen dituzten teknologia eta ezagutza inoiz baino beharrezkoagoak” direla
Eider Mendozak azpimarratu du “gure I+G+b zentroek sortzen dituzten teknologia eta ezagutza inoiz baino beharrezkoagoak” direla
Eider Mendozak azpimarratu du “gure I+G+b zentroek sortzen dituzten teknologia eta ezagutza inoiz baino beharrezkoagoak” direla
Diputatu Nagusiak Mondragon Korporazioaren IKERLAN zentro teknologiko kooperatiboaren instalazioak bisitatu ditu
Eider Mendoza diputatu nagusia eta Koldo Peciña Proiektu Estrategikoetako zuzendaria IKERLANeko taldearekin batzartu dira gaur; IKERLAN, Mondragon Korporazioaren zentro teknologiko kooperatiboa eta BRTAko kide da, eta gaur egun, 420 langile baino gehiago ditu. Zentroak hiru espezializazio ardatz ditu: teknologia digitalak eta adimen artifiziala, sistema elektroniko txertatuak eta zibersegurtasuna, eta teknologia mekatronikoak eta energiaren esparruak, gakoak diren eta lurraldearen ekonomian oso garrantzitsuak diren sektoreetan (mugikortasuna, energia, industria edo finantzak) eragin handia dutenak.
Bisitan, beren proiektu eta lan ildoak zentroarekin partekatzeaz gain, Aldundiko arduradunek xehetasunez ezagutu ahal izan dituzte puntako laborategi eta ekipamenduak. Nabarmentzekoa da Digilab, 2.000 metro koadroko espazio teknologianitza, estatu mailan aitzindaria, enpresen beharretara bideratutako zenbait arlotako –robotika kolaboratiboa, zibersegurtasuna, safety eta fidagarritasuna, 5G komunikazioa, adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa– ikerketarako azken belaunaldiko azpiegitura espezializatu bat duena. 2022ko urrian inauguratu zen Digilab, eta ahalbidetu du IKERLANek digitalizazio gaietan enpresei teknologia transferitzeko gaitasunak indartzea.
Mendozak azpimarratu duenez, Gipuzkoak jakin du I+G+b-ko sare “dinamiko eta dibertsifikatua” josten, eta IKERLAN bezalako zentroek egiten duten lana “ezinbestekoa da ongizatera bideratzen den eta iraunkorra, lehiakorra, berritzailea eta aukerak eta kalitatezko enplegua sortzen dituen ekonomia izaten jarraitzeko. Gure I+G+b sareak sortzen dituen ezagutza eta teknologia inoiz baino beharrezkoagoak dira lurralde industrial eta aurreratua izaten jarraitzeko, gure ETEek arlo digitalaren ingurukoa bezalako eraldaketa handiei aurre egiteko, balio erantsi handiko sektore ekonomikoetan posizionatzeko eta, azken batean, gure ongizatea bermatzeko orain eta etorkizunean. Digilab da ETEei egiten zaien transferentzia teknologikoaren adibide garbia, baita lankidetza publiko-pribatuarena ere”.
Halaber, IKERLANen bereizgarri nagusienetakoa da potentzia-elektronikan eta eta Li-Ion teknologietan oinarritutako energia elektrokimikoaren biltegiratzean duen posizionamendua, konponbide espezifikoak eta balio handikoak garatzeko gaitasun diferentzialarekin mugikortasunarena edo energiarena bezalako sektoreetarako. “Zentroak lantzen dituen esparruak guztiz lerrokatuta daude Aldundia Gipuzkoaren etorkizuneko ekonomia eraikitzeko sustatzen ari den proiektuekin: teknologia kuantikoak, zibersegurtasuna ZIURekin edo mugikortasun adimendun eta iraunkorra MUBILekin; eta ekosistema horren parte da IKERLAN”.
Bestalde, IKERLANeko zuzendari nagusi Ion Etxeberriak azpimarratu duenez, “lankidetza garrantzitsua da ikerketa sustatzeko gure sare sozio-enpresarialaren
lehiakortasunerako eta talentua eta teknologia lurraldeko enpresetara erakarri, garatu eta transferitzeko, gakoak diren lan esparru komunetan”.
Aldundia 2021az geroztik IKERLANen I+G arloko hiru proiektu laguntzen ari da, makinen narriadura iragartzeko ereduen, ibilgailu autonomo konektatuen lankidetzarako software arkitekturen eta ‘Secure Computing Continuum¡-en testuinguruan zibersegurtasuneko teknologiak esploratzeko, baita mugikortasun elektrikoko entseguen bankuetarako ekipamendua eskuratzeko beste bat ere. Halaber, zentroak parte hartzen du foru erakundeak teknologia kuantikoak sustatzeko abian jarritako deialdian, bi proiekturekin, batean lider gisa eta bestean Mondragon Goi Eskola Politeknikoarekin batera.
1560