Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Eider Mendozak VOITH taldearen Ibarrako instalazioak bisitatu ditu

Eider Mendozak VOITH taldearen Ibarrako instalazioak bisitatu ditu

Diputatu nagusiak lan topaketa bat izan du enpresako arduradunekin; enpresan aurreikusten dute Gipuzkoako egungo lokalizazioan inbertsio garrantzitsu bat egingo dutela

2024/02/27
Gipuzkoako Foru Aldundia

Eider Mendoza diputatu nagusiak Voith taldearen Ibarrako instalazioak bisitatu ditu; talde industrial teknologiko hori mundu mailakoa da eta energia, papera, lehengaiak, garraioa eta automobilgintza bezalako sektoreetarako sistema, produktu, zerbitzu eta aplikazio digitaletan espezializatua dago. Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko zuzendariarekin batera, diputatu nagusiak talde honek Gipuzkoan dituen bi enpresetako arduradunekin lan topaketak izan ditu: batetik, Maitane Illarramendi Voith Hydroko zuzendari nagusiarekin, eta, bestetik, Marcos Garcia de la Torre Voith Papereko zuzendari nagusiarekin; bilera horretan beren proiektuak komunean jarri eta egungo egoera ekonomikoa aztertu dute.

Horrez gain, Voith taldeko arduradunek Aldundiko ordezkariei adierazi diete zein diren taldearen etorkizuneko erronkak eta planak, aurreikusten baitute Ibarrako lokalizazioan inbertsio handi bat egitea. Instalazioak 2007an inauguratu ziren, eta 18.800 m2-ko lursailean daude. Bestalde, Mendozak Aldundiaren Plan Estrategikoaren berri eman die, hain zuzen ere ekonomia sustapena baita lau ardatz nagusietako bat, arreta berezia jarrita industriaren lehiakortasuna laguntzeko programetan, eraldaketa handietako egungo testuinguruan.

Marcos García Voith Papereko zuzendari nagusiak azpimarratu du Voithek Gipuzkoan industria proiektu iraunkorra duela, 55 urte baino gehiago baitaramatza, eta lehiakortasunean abantaila duela giza taldeagatik eta tokiko hornitzaileen sare zabala dutelako, elkarrekin lanean urte asko daramatzatela.

Bestalde, Eider Mendozak balioan jarri du Voith bezalako enpresen ekarpena, “aukera ematen digutelako lurralde industrial eta aurreratua izateko”, eta “Gipuzkoa eta Euskadi aukeratuz egiten duten apustua”. "Mende bat baino gehiagoko ibilbidea duen enpresa global batez ari gara, aberastasuna eta enplegua sortzen ditu eta errotze horren aldeko apustuarekin jarraitzen du inbertsio garrantzitsuak eginez". Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, “Gipuzkoaren asmoa da lurralde erakargarri eta emankorra izaten jarraitzea balio erantsi handikoak eta teknologikoki aurreratu eta berritzaileak diren enpresa proiektuak ezarri eta garatzeko, horrekin laguntzeko industria sarea lehiakorra finkatzen trantsizio digital eta ekologikoaren aurrean. Nire ustez Voithek oso ondo irudikatzen du asmo hori".

1918an sortu zen enpresa Talleres de Tolosa SA izenarekin, eta Voithek 1968an erosi zuenean, VotihTolosa SA izena hartu zuen. Bisitan, diputatu nagusia konpainiak Ibarran dituen bi dibisioetan barrena ibili da; Voith Paper eta Voith Hydro dira bi atalak eta 230 langile aritzen dira bertan. Lehenari dagokionez, Heidenheimekin (Alemania) batera,

Voithek Europako, Ekialde Ertaineko eta Afrikako merkatuetarako paper-makinak birgaitzeko eta paper mota guztietarako pastak prestatzeko dituen bi zentroetako bat da.

Voith mundu mailako teknologia enpresa bat da. Sistema, produktu, zerbitzu eta aplikazio digitalen aukera zabala duenez, Voithek ezartzen ditu energiaren, paperaren, lehengaien, garraioaren eta automobilgintzaren merkatuetako estandarrak. 1867an sortu zen, eta gaur egun 22.000 langile inguru ditu, 5.500 milioi euroko salmentak sortzen ditu, mundu osoko 60 herrialdetan jarduten du, eta gaur egun Europako familia-enpresa handienetako bat da.

Voith Hydro dibisioa Voith taldearen parte da, eta linea osoko hornitzaile liderra eta zentral hidroelektrikoen ekipamendurako konfiantzazko bazkide bat da. Voithek soluzio eta zerbitzu iraunkorrak garatzen ditu, bezeroaren neurrira, mundu osoko zentral hidroelektriko txiki eta handietarako. Produktu- eta zerbitzu-zorroak bizi-ziklo osoa eta zentral hidroelektriko txiki eta handien osagai nagusiak estaltzen ditu, hala nola sorgailuak, turbinak, ponpak eta automatizazio sistemak, ordezko piezak, mantentze lanak eta prestakuntza zerbitzuak, bai eta energia hidroelektrikoaren ekoizpen adimendunerako soluzio digitalak ere.

Voith Paper dibisioa ere Voith taldekoa da. Paper-industriaren linea osoko hornitzaile gisa, Voith Paperek merkatuko teknologia, zerbitzu, osagai eta produktu sorta zabalena eskaintzen du, eta paper-fabrikatzaileei irtenbideak eskaintzen dizkie iturri bakarrean. Baliabideak errespetatzen dituen ekoizpena egiteko aukera ematen du, eta neurrira egindako zerbitzurako irtenbideak eskaintzen ditu ekoizpen prozesuaren fase guztietarako, bai eta ahalik eta sare-konexio onena ere; bestalde, sortutako datuak segurtasunez erabiltzeak aukera ematen die paper-fabrikatzaileei beren fabriken erabilgarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko.

  

1611