Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Ekonomia da gipuzkoarren kezka nagusia, eta ezkorrak dira etorkizunari begira

Ekonomia da gipuzkoarren kezka nagusia, eta ezkorrak dira etorkizunari begira

Gipuzkoako Foru Aldundiak udazkeneko Soziometroa aurkeztu du gaur.

2022/12/27
Eider Mendoza foru bozeramailea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur kaleratu du udazkeneko Soziometroa, eta bertan jaso denaren arabera, gipuzkoarrak kezkatuta daude egoera ekonomiko orokorraren eta honek izan dezaken bilakaeraren inguruan. Hauxe da Eider Mendoza foru bozeramaileak aurkezpenean azpimarratu duen ondorio nagusia. “Gipuzkoarrek egoera pertsonalari buruz dituzten pertzepzioak onak dira, baina ez egoera orokorrari buruzkoak. Gainera, enplegua eta krisi ekonomikoak herritarrek dituzten arazo nagusiak izaten jarraitzen dute, eta prezioen gorakada nabarmen jasaten ari dira herritarrak”, azaldu du. Aurrera begira ere kezkatuta ageri dira, eta gehiengoak uste du desberdinkeriak eta bizi baldintzek okerrera egingo duela, eta hurrengo belaunaldia oraingoa baino okerrago biziko dela. “Ikuspegi ezkor honi aurre egiteko, Etorkizuna Eraikiz ekimenak lortzen duen nota positiboa balioan jarri nahi nuke (6,36). Kezkatzen duen gaia da etorkizuna, landu beharrekoa, eta Gipuzkoan horretan ari gara”, adierazi du foru arduradunak.

          Eider Mendoza foru bozeramaileak aurkeztu du ikerketa gaur goizean. “Honen bitartez, herritarren kezka eta iritziak aktiboki entzuten ditugu, eta ateratzen ditugun ondorioak politika publiko eraginkorragoak egiteko erabiltzen dira”, adierazi du. Aurreko inkesta ekainean egin zen, eta orduan ere jendaurrean aurkeztu zen. Kasu honetan, 2022ko abenduaren 1aren eta 12aren artean egin zen inkesta, telefonoz. 1.200 gipuzkoar elkarrizketatu ziren: 340 Donostialdean, 280 Bidasoa-Oarsoaldean, 280 Orian eta 300 Deba-Urolan. Herri, adin eta sexuaren arabera estratifikatutako ausazko lagina erabili da inkestan, eta dokumentu osoa Aldundiaren web orrian egongo da eskuragai.

Bloke ekonomikoarekin hasita, aurreko inkestarekin alderatuta herritarren egoera ekonomikoak zertxobait hobera egin duela nabarmendu du Mendozak, eta aurrera begira ere egoera pertsonalean aurreikuspen onak dituztela: bataz beste, 6,36ko nota jartzen diote beraien buruari, udaberrian baino 0,05 gehiago. Bestalde, bere bizi mailak txarrera egin duela dioten herritarrak %35,2 dira, duela sei hilabete baino 5,3 puntu gutxiago, eta bizi maila hobetu dutenak 4,3 puntutan hazi dira. Aurrera begira, 3 puntu hazi da egoera ekonomiko pertsonalak hobera egingo diela diotenak, eta 3,4 murriztu txarrera egingo duela diotenak. Aldiz, lurraldeko egoera ekonomiko orokorrak datorren urtean izango duen bilakaerari buruz galdetuta, nabarmen hazi da hobera egingo duenaren eta txarrera egingo duena diotenen arteko aldea. Udaberrian, 3,1 puntuko aldea bakarrik zegoen bi aukeren artean. Orain, berriz, 19,8 puntuko aldea: %36k dio txarrera egingo duela, eta %16,8k hobera.

Prezioen gorakadaren aurrean, nabarmentzekoa da baita ere 9tik 10ek hauteman dutela aldea: herritarren %59,2k dio asko eragin diola, eta beste %30,3k dio bastante eragiten ari zaiola. Esaterako, herritarren %13,8k dio bere etxeko ohiturak “asko” aldatu dituela elektrizitatearen prezioaren gorakadagatik, eta beste %27,4k dio bastante aldatu dituela. Erregaien kasuan, %13k “asko” aldatu dituzte ohiturak, eta %17,5ek “bastante”. Eta erosketa egiterakoan, %11,1ek “asko” aldatu ditu, eta %23,6k “bastante”. Mendozak azaldu duenez, zifrak aurreko inkestan eskuratu zirenen oso antzekoak dira. Aurrera begira, gipuzkoarren %80,4k uste du prezioen gorakadak jarraipena izango duela datozen hilabetetan, eta bataz beste 3,84ko nota ematen diote erakundeek prezioen gorakada honi eman dioten erantzunari.

Herritarren berrespena zenbait gairi

Bestalde, herritarrei galdetuta, ea beraien ustetan zein diren kezka nagusiak, eta hauek erantzun espontaneoak emanda, lehen postuan arlo ekonomikoa ageri da, eta gizartearen erdiak baino gehiagok aipatzen baitu gai hau. Honela, enplegua bultzatzea agertzen da lehen postuan, %31,5entzat da baita kezka nagusia. Bigarren postuan krisi ekonomikoa ageri da, %19,9ak aipatzen baitu. Ondoren, Osakidetzan hobekuntzak egitea (%17,4), etxebizitza (%15,3) eta prezioen gorakada (%14,4) ageri dira.

Bestalde, gizarte jasangarritasunari buruz ere galdetu zaie herritarrei eta, Mendozaren esanetan, erantzun “interesgarriak” lortu dira, gehienak ere nahiko ezkorrak ordea. Horrela, inkesta erantzun dutenen %70,2k uste du gaurko gizartean duela hamar urtekoan baino desberdinkeria gehiago dagoela, eta aurrera begira ere, ikuspegia antzekoa da: %62,2k uste du 2030ean desberdinkeria handiagoa izango dela. Gainera, erantzun dutenen ia erdiak (%46,5) uste du hamar urte barru orain baino okerrago biziko garela, %67,8k dio gazteen belaunaldia beraien gurasoena baino okerrago biziko dela eta gizartearen zahartzea dela eta, %69,4k uste du zerga gehiago ordaindu beharko direla.

“Dakizuen bezala, etorkizunari buruzko kezka honi aurre egiteko Aldundiak martxan duen proiektua da Etorkizuna Eraikiz”, nabarmendu du foru bozeramaileak. “Honen inguruan ere galdetu dugu, eta gaur gaurkoz, herritarren ezagutza maila %35,5ekoa da”, gaineratu du. Ezagutzen dutenei proiektua baloratzeko eskatuta, bataz beste 6,36ko nota eskuratzen du proiektuak.

          Ongizate emozionalaren kasuan, gipuzkoarren bataz beste 7,48 batekin baloratzen duten beraien momentuko egoera animikoa. “Aurreko inkestan nabarmendu genuen datua ia puntu bat hazi zela 2021eko udazkenetik udaberrira, eta orain azpimarratzekoa da baita ere 0,2 puntu egin duela gora. Beraz, tendentzia positiboa da”, esan du Mendozak. Bizi den ezegonkortasun egoeraren aurrean, gipuzkoarrek diote kezkatuta daudela (%71,8), triste (%49,1) eta nekatuta (%49).

Azkenik, bloke hau ixteko, lanaren inguruan ere galdetuko zaie herritarrei. Bataz beste, 7,27ko bataz besteko adostasuna adierazten dute elkarrizketatuak, lanak beraien bizitzari zenbaterainoko zentzua ematen diotela galderari erantzunez. Bestalde, inkesta erantzun dutenen erdiak baino gehiagok (%53,2) dio lan berri bat bilatzerako orduan hau motibatzailea izatea dela lehentasun nagusia, eta lanari esker ongizatea lortzeko baldintza duinetan jartzen dute azpimarra (%33,2).

Erakundeak eta hauteskundeak

Aldundira pasata, elkarrizketatuek 5,69ko bataz besteko notarekin baloratzen dute Aldundiaz eta honen jardueraz duten irudia. Aldiz, oposizioak 4,66ko nota eskuratzen du. Batzar Nagusien kasuan, herritarrek honela baloratu dituzte ordezkaritza duten alderdiek egiten duten lana: EAJ-PNV da ondoen baloratuena, 5,16ko notarekin, +0,23 eginez behera; Gertu du EH Bildu, 5,15,ekin, nahiz eta honek ere beherantz egin duen, aurrekoan baino 0,21 gutxiagorekin; Elkarrekin Podemos da gora egin duen gutxietakoa, 4,25ko nota eskuratu baitu (+0,04); ;PSE-EE laugarren postura jaitsi da, 4,12ko notarekin eta 0,16 jaitsi ostean; eta azkenik, PPk 2,27ko nota eskuratu du (+0,06).

          Inkesta elektoralari erreparatuta, Soziometroaren arabera, EAJ-PNVk botoen %36,7 lortuko lituzke, 2019ko hauteskundetan baino 0,9 bat gehiago. EH Bildu, bere aldetik, 2,1 puntu haziko litzateke, bozken %34 lortuz. PSE-EE litzateke hirugarren indarra botoen %16rekin, 2019an baino 1,3 gutxiago. Elkarrekin Podemosek botoen %7,3 lortuko lituzke, puntu portzentual bat galduz. Azkenik, Alderdi Popularrak botoen %3,9 (-0,9) eta Vox alderdiak %1,2 eskuratuko lituzkete. Batzar Nagusietako eserleku kopuruetara eramanda, EAJ-PNVk bat gehiago izango luke (21era iritsiko litzateke), EH Bilduk bi irabaziko lituzke (19); PSE-EEk ordezkari bat galduko luke (8), eta Elkarrekin Podemosek bi (2). Azkenik, PPk egun duen eserlekua mantenduko luke (1), eta Vox-ek ez luke ordezkaritzarik lortuko (0).

  

3191