Ekonomia zirkularra, etorkizuneko aukera Gipuzkoako ekonomiaren lehiakortasuna garatzeko
Ekonomia zirkularra, etorkizuneko aukera Gipuzkoako ekonomiaren lehiakortasuna garatzeko
Asensio: «Ziklo hau aukera bikaina da Gipuzkoako enpresa-sarearentzat, deskarbonizazioaren erronkan gure ekonomia posizionatzen eta lehiakortasuna handitzen lagunduko diguna».
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak eta Ekonomisten Euskal Elkargoak Ekonomia Zirkularraren bigarren Zikloa antolatu dute; aukera ezin hobea, Gipuzkoako ekonomia zirkulartasuna eta jasangarritasuna beren lehiakortasuna garatzeko etorkizuneko aukera gisa ikus ditzaten. Ziklo hau lau saiotan egingo da (urriaren 19an, azaroaren 3an, azaroaren 17an eta abenduaren 1ean), eta helburua da ekonomia zirkularrari buruz sentsibilizatzea, ekonomia zirkularraren printzipioak aplikatzeko tresnak ematea, eta jardunbide egokien adibideak ezagutaraztea.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eman dio hasiera zikloari. Hitzaldian, Asensiok azpimarratu du jasangarritasuna Gipuzkoaren lehiakortasunaren eta etorkizunaren aldeko apustu argia dela. «Egokitzen ez direnek eta beren irizpideak aplikatzen ez dituztenek ez dute iraungo. Horregatik, garrantzitsua da horrelako topaketak antolatzea, sentsibilizatzeko eta irizpide horiek aplikatzeko beharrezkoak diren tresnak, baliabideak eta ezagutza zabaltzeko aukera ematen baitute; ekonomia berdearen eta jasangarritasunaren aldeko apustu irmoa, enplegu eta ongizate iturri gisa».
Ekonomia zirkularraren sektorea gero eta pisu handiagoa hartzen ari da Gipuzkoan. Birziklatze industriak soilik 6.600 enplegu baino gehiago ditu lurraldean, eta 1.500 milioi euro inguruko fakturazioa du; zenbatespenen arabera, hondakinen kudeaketarekin, materialak berreskuratzearekin, era guztietako objektuak konpontzearekin eta berrerabiltzearekin, eta merkatuan berriz sartzearekin zerikusia duten jarduerak Gipuzkoako BPGaren % 6 inguru dira.
Horri dagokionez, Ekonomisten Euskal Elkargoko Gipuzkoa Ataleko presidenteak, Maite Villafruelak, adierazi du “ekonomisten kolektiboak oso zeregin garrantzitsua duela enpresetan ikuspegia eta kudeaketa aldatzeko prozesuan, eta Ekonomisten Euskal Elkargoak oso eginkizun garrantzitsua duela ekonomistak sentsibilizatzeko eta trebatzeko lanabesetan, metodoetan eta baliabideetan, ekonomia zirkularra bultzatzen eta ezartzen duten enpresetan. Beharrezkoa da ezagutza hori ukitutako arlo guztietatik jorratzea, hala nola fiskaletik, kontabilitatetik, aseguruetatik eta finantzariotik, ikuspegi praktiko eta errealetik”. Villafruelak gaineratu duenez, “lehen esan bezala, garapen iraunkorra enpresen jarduera ekonomikoan eta estrategian sartzea ezinbestekoa da haien epe luzeko biziraupena bermatzeko, eta ez bakarrik enpresena, baita gurea eta etorkizuneko belaunaldiena ere. Eta Ekonomisten Euskal Elkargoak beharrezko lidergoa izaten jarraituko du, bere kolektibo profesionalak, bere ezagutza eta esperientziarekin, beharrezkoak diren aldaketak ezartzen lagun dezan”.
Ziklo honek lau gai multzo ditu, eta lau saiotan jorratuko dira. Lehenengoa, fiskalitate berdeari buruzkoa izango da, eta urriaren 19an egingo da. Bigarrena, informazio ez finantzarioari edo jasangarritasunari buruzkoa, azaroaren 3an izango da. Hirugarrenak ingurumen arriskuei eta aseguru berdeei gaiei helduko dio, eta azaroaren 17an izango da. Eta, azkenik, abenduaren 1ean, finantzaketa berdean sakonduko da. Saio guztiak presentzialak izango dira eta Gipuzkoako Bazkundean egingo dira 09:00etatik 11:30etara bitartean.
Hainbat gaitako adituen ponentzia interesgarriak izango dira topaketan. Besteak beste, honako hitzaldi hauek aipatu daitezke: “Incentivos fiscales a las inversiones en proyectos de economía circular” (Miguel Ángel Calle, Euskadiko Ekonomista Aholkulari Fiskalen Erregistroko presidentea); “Fondo de Carbono Voluntario” (Xabier Esteban, Naturklimako zuzendari teknikoa); “Guía para pymes sobre emisión y verificación de información sobre sostenibilidad a través de indicadores medioambientales, sociales y de gobernanza” (Javier Corral-Lage, EHUko irakasle eta ikerlaria); “Impactos del cambio climático en las organizaciones” (Dorleta Orúe-Echevarría eta Mikel Orive, Naturklimako Behatokiko kideak); edo “Las nuevas exigencias de los mercados. ¿Es posible una financiación sostenible? El caso de los bonos vinculados a la sostenibilidad” (Marta de la Cuesta, Ekonomia Aplikatuko katedraduna eta UNEDeko Ekonomia Aplikatuko Departamentuko kidea).
Borondatezko karbono funtsa
Zikloko gai nabarmenetako bat Borondatezko Karbono Funtsa izango da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak eta Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioak duela gutxi abian jarritako ekimena.
Proiektu honen helburua da enpresei beren emisioak konpentsatzeko aukera ematea, Gipuzkoan klima aldaketaren ondorioetara egokitzeko proiektuak eta obrak garatzera bideratuko diren ekarpen ekonomikoak eginez. Mekanismo horren bidez, Naturklimak inpaktuaren ebaluazioa eta balorazio ekonomikoa egingo du, 8,8 euroko prezioa ezarrita CO2eq tona bakoitzeko. Ekarpen ekonomikoek pizgarri fiskalak jasotzeko eskubidea emango dute, hala xedatzen baitu 3/2004 Foru Arauak, apirilaren 7koak, irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzkoak.
Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok ekimenaren balioa azpimarratu du, «enpresen kudeaketan jasangarritasuna modu erraz eta didaktikoan txertatzea ahalbidetuko baitu». Alderdi hori oso garrantzitsua izaten hasi da, bai arau betebeharrengatik, bai merkatuen eta herritarren eskakizunengatik, «produktu eta zerbitzu gero eta jasangarriagoak eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoak eskatzen baitituzte».
3742