Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Irailaren 1ean hasiko da Foru Aldundiaren 2024ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa

Irailaren 1ean hasiko da Foru Aldundiaren 2024ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa

“Gipuzkoa kirolzale” da aurtengo gaia eta lehiakideek hilabete bat edukiko dute beraien lanak bidaltzeko

Aurtengo lehiaketaren irudia.

Irailaren 1ean jarriko da martxan Gipuzkoako Foru Aldundiaren Argazki Lehiaketaren zazpigarren edizioa. Aurreko edizioetako ohitura jarraituz, lehiaketa hau irabazten duten lanek osatuko dute foru erakundearen 2024ko egutegia. “Gipuzkoa kirolzale” da aurtengo gaia; Gipuzkoa lurralde aktiboa eta kirolean erreferentea dela irudikatzea du helburu. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak azpimarratu duenez, “foru erakundetik, aukeratutako gaiaren bidez, kirol espiritu ona duten eta era batera edo bestera Gipuzkoa kirolzale horretako kide diren pertsona, klub, federazio eta talde guztiak jarri nahi ditugu erdigunean”.


Lehiaketak Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen laguntza du, eta, guztira, 4.000 euro banatuko ditu saritan: lehenengoak 1.000 euroko saria jasoko du eta egutegiko azalean aterako da. Horrez gain, 250 euroko 12 sari ere egongo dira, egutegiko hilabete bakoitzeko bana. Lehiaketa 18 urtetik gorako argazkizaleei nahiz profesionalei irekita dago. Pertsona bakoitzak hiru argazki aurkeztu ditzake gehienez: originalak, lehenagotik argitaratu gabekoak eta Gipuzkoa lurralde kirolzalea irudikatzen dutenak.
Lanak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Facebook-eko orrialdearen bidez bidali ahal izango da (https://www.facebook.com/Gipuzkoa/), www.gipuzkoa.eus/argazki-lehiaketa webgunearen bidez eta baita Twitter eta Instagram bidez, ‘#gipuzkoakirolzale’ traola erabiliz. Lanak aurkezteko epea irailak 1ean irekiko da eta irailaren 30ean itxiko da. Argazkiak JPEG formatuan aurkeztuko dira, horizontalean, 20x33 cm-ko tamainarekin eta hazbeteko 300 pixeleko bereizmenarekin, eta zuri-beltzean nahiz koloretan aurkezteko aukera egongo da. Aurkeztutako argazkiak ezin dira lehenagotik, aldizkarietan, egunkarietan edota bestelako edozein publizitate-kanpainatan argitaratuta egon. Bestalde, ezingo da aurkeztu aurretik argazkilaritza sariren bat jaso duen argazkirik, eta ez da onartuko egilearen sinadura edota logotipoa daramaten argazkirik. Halaber, edizio digitala onartzen da, baina ez da onartuko hartutako irudien gainean elementuak manipulatzea edo gehitzea edo ezabatzea, ezta adimen artifizialarekin egindako obrarik ere ez.


Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko ordezkariekin osatutako epaimahaiaren ardura izango da argazki guztiak ikusi eta baloratzea, baita lehiaketako oinarriak betetzen ez dituzten horiek ezabatzea ere. 13 argazkirik onenak aukeratuko dituzte eta, horretarako, kalitate artistikoa, lanen teknika eta lehiaketaren gaiarekin harremana hartuko dituzte kontuan. Parte-hartzaileek ziur egon beharko dute emandako datuak benetakoak eta egiaztatu daitezkeenak direla. Behin argazkiak bidalita, Foru Aldundiak datu hauek eskatuko dizkie parte hartzaileei argazkia aukeratua den kasuetan: kalitate altuko irudia aukeratutako leloaren izenarekin eta datu pertsonalak. 


 “Urtero urtero, egitasmoaren balorazio oso positiboa egin izan dugu, emaitzak oso onak izan baitira aurreko sei edizioetan arlo kuantitatiboan zein kualitatiboan, Gipuzkoan argazkilaritzarako zaletasuna dagoen isla”. Hain zuzen ere, 820 argazki jaso ziren guztira iazko lehiaketan. Foru Aldundiaren egutegia ekimen ezaguna da eta arrakasta handia izaten du; iaz 12.000 aletik gora banatu ziren doan herritarren artean. Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak “gipuzkoarrei zabalduta” dagoen ekimen honetan parte hartzera gonbidatu ditu herritar guztiak.

  

4148