Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Klima aldaketaren ondorioz, Gipuzkoako uda duela 50 urte baino 10 egun luzeagoa da

Klima aldaketaren ondorioz, Gipuzkoako uda duela 50 urte baino 10 egun luzeagoa da

Naturklima Fundazioak aurkeztutako txostenak adierazten duenez, Gipuzkoako udak bi egun luzatu dira hamarkadaz hamarkada 1971az geroztik. Tenperaturak gora egiteko joeraren ondorioz, mende honen amaierako aurreikuspenak joan den mendeko azken laurdenean erregistratutakoak baino 4 ºC handiagoak dira.

2022/08/18
Informe Txostena Naturklima 2022 Verano Uda

José Ignacio Asensio: «Naturklimak datu oso baliotsuak ematen dizkigu berotzeak gure lurraldean eta gizartean duen eraginari buruz. Duela 50 urte baino uda luzeagoak eta beroagoak ditugu, eta uda honetan, horren ondorioak egiaztatzen ari gara bero-boladetan eta suteetan, batez ere. Gipuzkoar guztien ongizatea zaintzearen aldeko apustu sendoa eginez, trantsizio ekologikoaren bultzada indartzen jarraituko dugu, politika jasangarri, inklusibo, berdinzale eta justuen bidez, inor atzean gera ez dadin eta klima aldaketaren ondorio handiagoak jasan ez ditzan»

Naturklima Fundazioak gure lurraldeko tenperaturaren bilakaerari buruz egindako azken txostenak agerian uzten du gure urteko batez besteko maila termikoak goranzko joera duela, eta azken 50 urteetan hamarkada bakoitzean 0,24 ºC inguruko igoera izan duela. Udan, igoera hori 0,3 ºC-koa da hamar urtean behin. Urtetik urtera, gero eta gehiago pairatzen ari gara aldagai horren ondorioak, tenperatura oso handiko egunekin, bero-boladekin, eta gau tropikal deiturikoen hazkunde progresiboarekin. Gau tropikal horietan tenperatura ez da 20 ºC-tik jaisten.

Hain zuzen ere, gau tropikalen kopurua handitzen laguntzen du hiriguneetan gero eta presentzia handiagoa duen fenomeno batek, «bero-uhartea» deiturikoak. Hiri-ingurunean tenperatura altuak metatzen direlako gertatzen da hori; izan ere, eraikinen dentsitateak ez du ahalbidetzen beroa erraz disipatzea, eta termometroa ez da 20 ºC-tik jaisten eremu horietan. Egoera horrek hiritarren osasun arazoak eragiten ditu, bereziki pertsona kalteberenei eta tenperatura altuekin bateragarriak ez diren koadro medikoak dituztenei dagokienez.

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok azpimarratu du Naturklimak datu oso baliotsuak ematen dizkigula berotzeak gure lurraldean eta gizartean duen eraginari buruz. «Duela 50 urte baino uda luzeagoak eta beroagoak ditugu, eta uda honetan horren ondorioak egiaztatzen ari gara bero-boladetan eta suteetan, batik bat». Diputatuak gaineratu duenez, «badakigu klima aldaketak herritarren osasunari eragiten diola, eta, era berean, oso argi daukagu berotzearen ondorioen aurreko kalteberatasuna ez dela berdina izango guztientzat».

Ildo horretan, Naturklimaren lan bikaina eta funtsezkoa nabarmendu du diputatuak, ezinbesteko tresna baita klima aldaketaren bilakaeraren jarraipena egiteko eta gure gizartea erresilienteago bihurtzeko estrategiak hartzen laguntzeko. «Gipuzkoar guztien ongizatea zaintzearen aldeko apustu irmoa eginez, trantsizio ekologikoaren bultzada indartzen jarraituko dugu, politika jasangarri, inklusibo, berdinzale eta juxtuen bidez, inor atzean gera ez dadin eta eta klima aldaketaren ondorio handiagoak jasan ez ditzan».

Urtez urte luzatzen ari den uda

Klima aldaketarako fundazioak, bere txostenean, udaren hasiera ezartzeko erreferentzia gisa aipatzen du maiatzaren 1a baino lehenagokoa ez den denboraldia, non aste oso bateko tenperatura maximoa 1981etik  2010era arteko ekainaren 18tik 24ra bitartean erregistratutako eguneko tenperatura maximoen batez bestekoaren parekoa edo handiagoa den. Udaren amaierari dagokionez, formula bera ezarriz mugatzen da, betiere urriaren 31 baino lehen. Horregatik, udaren iraupena luzatzeak ez du esan nahi ekainean hasten denik edo urrian amaitzen denik.

Klima eta eguraldia ez dira gauza bera.

Naturklimak bere txostenean gogorarazten du bereizi egin behar direla klima eta eguraldia kontzeptuak. Klima aldaketak tenperaturaren igoera orokorra eragiten du, eta, horren ondorioz, hotz egunak pasatzeko aukera gutxiago daude, eta, jakina, aipatu ditugun bero-boladak, suteak, gau tropikalak eta abar ugaritzeko arriskua. Horrek guztiak ez du esan nahi egoera horrek jarraitzen duen neurrian hotzik egingo ez duenik, edo urte bakoitza aurrekoa baino beroagoa izango denik, udak barne.

Erregistro historikoek ez dute engainatzen eta, 1971z geroztik, hamarkadaz hamarkada batez besteko tenperatura igoerak izan ditugu gure lurraldean. Adibide gisa, Naturklimak nabarmentzen du Donostiako (Igeldo) batez besteko tenperatura 18 ºC-koa zela 80ko hamarkadan, eta 2011 eta 2020 artean, berriz, Gipuzkoako hiriburuko erregistro hori 18,9 ºC-ra igo zela. Informazio hori meteorologia estazioetako neurketetatik lortzen da gaur egun, AEMETen (Estatuko Meteorologia Agentzia) eta Euskalmeten artean 33 estazio dira guztira, eta, sateliteetatik jasotako datuekin batera, informazio oso baliagarria ematen digute Gipuzkoako tenperaturaren estatistika-igoerei buruz.

Txostenera esteka: https://gip.eus/zpe

  

2982