Ingurumena eta kostaldeko alkateak Hondartzen Kudeaketa Integraleko Plana prestatzen ari dira
Ingurumena eta kostaldeko alkateak Hondartzen Kudeaketa Integraleko Plana prestatzen ari dira
Plan honetan aldagai guztiak sartuko dira, ingurumenari dagozkionak, gizarte mailakoak, irisgarritasunekoak zein ekonomikoak.
José Ignacio Asensio: “Plan honetan aldagai guztiak sartuko dira, ingurumenari dagozkionak, gizarte mailakoak, irisgarritasunekoak zein ekonomikoak, horrela, gure hondartzen bikaintasunean aurrera egiteko, eta gure itsasertza klima aldaketaren inpaktuetara egokitzeko”.
Gipuzkoako Hondartzen Lurralde Mahaiak lansaio bat egin du gaur goizean, Gipuzkoako Hondartzen Kudeaketa Integraleko Plana ezagutzera emateko, irisgarritasun alorrean egindako ekintzak aurkezteko, eta egin beharreko hurrengo urratsak zehazteko. Bileran izan dira Ingurumeneko foru diputatu José Ignacio Asensio, Ingurumen Zerbitzuko buru Beatriz Marticorena, eta Hondarribi, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutrikuko udaletako ordezkariak. (Alkateak)
1985az geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuaren ardura da Hondarribia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutrikuko 12 hondartzak garbitzea eta zaintzea. Era berean, ekonomikoki laguntzen du Donostiako 4 hondartzak garbitzen. Asensiok adierazi du Departamentuaren helburua dela «gure hondartzen, gure baliabideen eta gure itsasoen kudeaketa jasangarria lortzeko ahaleginak egitea».
Foru Aldundiak prestatu duen Gipuzkoako Hondartzen Kudeaketa Integraleko Planaren helburu orokorra da Gipuzkoako hondartzen kudeaketa integralerako eredu baten oinarriak finkatzea, hain zuzen ere, uraren, hondarraren eta zerbitzuen kudeaketa egokia barne hartuko dituena, hondartzen erabileratik eratorritako inpaktuak prebenitu eta zuzenduko dituena, espazio horiek aldaketa klimatikora egokituko dituena, eta egoerari aurre egiteko behar den erakundeen arteko lankidetzari eta bideragarritasun ekonomikoari lotutako proposamenak egingo dituena.
Hauek dira Kudeaketa Integraleko Planaren helburu estrategikoak: Gipuzkoako itsas bazterreko hondartzak erabiltzen dituzten lagunei kalitatezko zerbitzua ematea, era horretan, natura-guneak erabiltzeko eta haiekin atsegin hartzeko aukera izan dezaten, betiere segurtasun baldintza egokietan, hondartzen arteko estandar erregular batzuk beteta, eta herritar guztientzako sarbide egokiekin; hondartzetara lagun ugari joan arren, ingurunearekin begirune osoa izatea, eta, beraz, egiten dituzten jarduerek ahalik eta kalterik gutxien eragitea ingurumenari; ingurune horiek hobeto ezagutaraztea, eta beraiei buruzko nformazioa ematea eta zabaltzea, ahalik eta lagun gehienek atsegin hartzeko eta gune horiek babesteko eta, gainera, erabiltzaileek era aktiboan parte hartzeko; klima aldaketak kostako hareatzetan eragin ditzakeen aldaketak aurreikustea eta horiek egokitzeko neurriak ezartzea, eskumena duten eragileekin lankidetzan eta koordinazioan; sistemaren kudeaketan eta hondartzetako zerbitzuen eskaintzan inplikatutako agente guztien arteko ahalik eta koordinaziorik handiena lortzea, erabilgarri dauden bitarteko tekniko eta ekonomikoak eta giza baliabideak modu egokian aplikatzeko, eta eraginkortasuna, efizientzia eta ekonomia bermatzeko.
Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok hau adierazi du: “plan honetan aldagai guztiak sartuko dira, ingurumenari dagozkionak, gizarte mailakoak, irisgarritasunekoak zein ekonomikoak, horrela, gure hondartzen bikaintasunean aurrera egiteko, eta gure itsasertza klima aldaketaren inpaktuetara egokitzeko”. Foru arduradunak gogoratu duenez «aurrera egiten jarraitu nahi dugu gure hondartzen kudeaketa jasangarri eta integralean, herritarrei zerbitzu onena emateko eta haiek hondartzen erabilera arduratsua egin dezaten». Horretarako, Ingurumeneko Departamentua hainbat jarduketa garatzen ari da, besteak beste, garbiketa zerbitzua hobetzea, bi bideometria sistema berri jartzea Deba eta Hondarribiko hondartzetan, hondartzetarako irisgarritasuna hobetzea, eta itsasoko hondakin eta plastikoen gaikako bilketaren aldeko sentsibilizazio kanpaina egitea.
Hondartzen Lurralde Mahaia joan zen urteko maiatzean eratu zen, lurraldeko hondartzen kudeaketa orokorrerako aurrerapausoak emateko. Mahaia Gipuzkoako Foru Aldundiak eta kostaldeko udalek osatzen dute, eta helburua da natura ingurunearekin errespetuz jokatzen duen kudeaketa sistema bat ezartzea, erabiltzaile guztiek hondartzen kalitate hobeaz gozatu ahal dezaten.
Itsaso eta kostaldeen kudeaketaren gaineko nazioarteko politika berrietan agintzen denaren arabera, kudeaketa ekosistemikoaren printzipioak aplikatzen dituzten jasangarritasun estrategiak garatu behar dira. Sistema horrek giza sozietateen eta ekosistemen arteko loturak aztertu eta kudeatzen ditu zehaztasun osoz, eta, horrela, baliabide naturalen eta ingurumen baliabideen kudeaketarako eredu bat eratzen ari da, gero eta indar gehiago hartzen ari dena.
Asensiok eragileen elkartasunaren funtzio estrategikoa nabarmendu du, beharrezkoa baita «kudeaketa egoki eta aktibo bat sustatzeko, beste eragile eskudun batzuen, entitate sozialen eta herritarren laguntzarekin».
1510