Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Diputatu nagusia Getariako alkatearekin elkartu da, Etorkizuna Eraikiz kapsulak jasotako ekarpenak aztertu eta tokiko proiektu nagusiak ezagutu asmoz

Diputatu nagusia Getariako alkatearekin elkartu da, Etorkizuna Eraikiz kapsulak jasotako ekarpenak aztertu eta tokiko proiektu nagusiak ezagutu asmoz

Aldundiak eta Getariako Udalak etorkizun “berde eta berdinzaleago” baten aldeko proiektuak partekatu dituzte

Getaria Etorkizuna Eraikiz

Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren testuinguruan, lurralde osoko etorkizuneko egitasmoak ezagutu eta herritarrek egindako ekarpenak aztertzeko herriz herriko bilerak egiten ari da Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano. Gaurkoan Haritz Alberdi alkatearekin elkartu da Getarian, herriak gerora begira dituen proiektu nagusien inguruko ikuspegiak partekatzeko helburuarekin. Bi erakundeen arteko elkarlan lerroei buruzko analisia egin dute eta Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez jasotako proposamen eta iritzi nagusiak ere aztertu dituzte, “lurralde berde eta berdinago baten alde” egiten jarraitze aldera.

          Udaleko ordezkariekin izandako bileran, udalerriko proiektu nagusiak izan dituzte mintzagai, baita Juan Sebastian Elkano itsasgizon getariarrak historian lehen aldiz egindako Mundubiraren bosgarren mendeurreneko ekitaldiak. Izan ere, Getariako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia Elkano Fundazioko kide eta sustatzaile dira.

Ingurumena, azpiegiturak, berdintasuna

Pertsona orori lana, babesa eta etorkizuna eskainiko dien lurraldea izan nahi du Gipuzkoak”, eta horretarako, diputatu nagusiak gogorarazi du, ezinbestekoa da lankidetza ildoak “estutzea” eta herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartzea. Batetik, erakundeen arteko lankidetza eta harreman lerroak estutuz, eta bestetik, herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartuz. Hala adierazi du Markel Olanok Getariako alkatearekin bilera egin ostean.

Komunikabideei eskainitako adierazpenetan, diputatu nagusiak azaldu du ezinbestekoa dela gipuzkoarrei entzutea eta haien beharrak, iritziak eta gizartearen proposamenak jasotzea. Horretarako, Etorkizuna Eraikiz kapsula tresna eraginkorra izaten ari da, eta dagoeneko 21 udalerritan eta lau unibertsitate campusetan egon da, herritarren 3.000 ekarpen baino gehiago jasoz. Ibilbide horretan jasotako ekarpen guztiak kontuan hartuko dira foru erakundearen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan, diputatu nagusiak gaur azaldu duenez.

Haritz Alberdi Getariako alkateak bisita eskertu dio diputatu nagusiari eta balioan jarri du herritarren eta erakunde ezberdinen arteko elkarlana. “Herritarrek egiten dute herria eta beraiek entzutea beharrezkoa da. Etorkizuna Eraikiz Kapsularekin eta aurrekontu parte-hartzaileekin horixe egiten da”. Bestalde, Mundubirarekin ere bi instituzioen arteko elkarlana handia izan dela azpimarratu du. “Hasieratik konpartitu dugu guk gure historia kontatu behar genuenaren ideia eta Elkanoren Lehorreratzea lan guzti horren erreflexu bat izatea gustatuko litzaiguke”, gehitu du.

 

          Pasa den urteko otsailaren 10ean kokatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz kapsula Getarian. Bertan, 2040an Gipuzkoa nolakoa izatea nahi duten galdetzen zitzaien bizilagunei. Getariako kapsulak 220 ekarpen jaso zituen, eta horien artean, batez ere, ingurumenari, herriko azpiegiturei eta berdintasunari lotutako proposamen eta iritziak nabarmentzen dira.

Markel Olanoren iritziz, Etorkizuna Eraikiz programari esker, gobernatzeko modua eraldatzen ari da lurralde osoan. “Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko asmoz 2016an proiektu hori abian jarri zenetik,  herritarrek aurkeztutako 125 proiektu bultzatu ditugu; halaber, 32 proiektu esperimental daude martxan eta bederatzi erreferentzia-zentro garatu ditugu erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko” adierazi du. Zentzu horretan, gaineratu du, ezinbestekoa dela udalerrien eta herritarren parte-hartzea bultzatzea. “Gainerako erakunde, enpresa, eragile sozial eta, oro har, herritarren parte-hartzeak indar handia ematen dio gobernantza eredu berri horri. Guztion ekarpena eta konpromisoa ezinbestekoak dira etorkizuna eraikitzeko” adierazi du.

  

3832