Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Elkar-Ekin Lanean-ek eragile ekonomikoak eta hirugarren sektorea inkorporatu ditu

Elkar-Ekin Lanean-ek eragile ekonomikoak eta hirugarren sektorea inkorporatu ditu

Diputatu nagusiarekin lan bilera izan dute gaur goizean alor ekonomiko eta sozialeko enpresa eta elkarteetako ordezkariek.

Elkar-ekin Lanean ekimenak aurrerapauso handia eman du gaur lurralde osoan ezartzeko bidean, Gipuzkoako enplegu inklusiboko batzordearen eraketarekin. Bertan, lurraldeko eragile ekonomiko nagusiak eta hirugarren sektorea bilduko dira. Elkar-Ekin Lanean ekimenak bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea bilatzen du, eta Etorkizuna Eraikizen markoan kokatzen da. Gaurko iragarpenarekin, bere bidelagun sarea osatzen du estrategia hedatzeari begira, lurraldeko gainerako erakundeen laguntza eta inplikazioa baitu dagoeneko. "Enplegu babestuan eta ekonomia sozialean erreferenteak gara, eta orain inklusioan gauza bera lortzeko garaia da. Horretarako, ezinbestekoa da lurralde osoaren inplikazioa lortzea", defendatu du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak.

Aipatutako batzordea gaur goizean osatu da, Etorkizuna Eraikiz Gunean egin den lan jardunaldi batean. Bertan, lurraldeko ekonomia eta gizarte arloko erakunde nagusietako ordezkariek parte hartu dute. Ekonomia arloan, mahai honetan daude ASLE, Gipuzkoako Bazkundea, MCC, Gureak, Katealegaia eta ADEGI; eta hirugarren sektorearen aldetik, Emaus, Sarea Fundazioa, Peñascal Fundazioa, Gizatea, SOS Arrazakeria, Sartu eta REAS daude. Zirkulua osatuz, eskualdeetako garapen agentziak eta Lanbide ere organo horretako kide izango dira.

Goizeko ekitaldian, Olanorekin batera, Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatuak eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak parte hartu dute. Ekonomia eta gizarte eragileen aldetik, honako hauek egon dira topaketan: Mikel Sarriegi, ADEGIko Prestakuntza eta Talentuko zuzendaria; Anabel Yoldi, ASLEko Gipuzkoako delegazioko arduraduna; Iune Polo, Emauseko Prestakuntza eta enplegu arloko koordinatzailea; Guillermo Malkorra, Fundación Peñascaleko koordinatzailea; Ana Ugalde, Gipuzkoako Bazkundeko Ezagutzaren kudeaketako zuzendaria; Joana Revilla, Gizateako koordinatzailea; Ainhoa Askasibar, Gureakeko Gureak Itinerary-ko zuzendaria; Patxi Gonzalez, Katea Legaiako Pertsonei Laguntza emateko programetako koordinatzailea; Iñigo Larrea, MCCko Talentuaren kudeaketaren arduraduna; Carlos Askuntze, REASeko sareen sareko presidentea; Agustin Tranche, Sarea Fundazioko zuzendaria; Marta Senz, Sartukoa; eta Itxaso Agirre, SOS Arrazakeriako ordezkaria.

Diputatu nagusiak azaldu duenez, batzorde honen eraketarekin osatzen da Elkar-Ekin Lanean sarearen egitura, eta, horrela, hiru arlo nagusitan banatzen da: erakunde arteko batzordea, non EAEko erakunde guztiek parte hartzen duten; eskualdeetako mahaiak, eskualdeetako garapen agentziak buru dituztenak; eta Gipuzkoako enplegu-batzorde inklusiboa, gaur osatu dena hain zuzen ere, eragile ekonomikoek eta hirugarren sektoreak parte hartzen dutena. "Gipuzkoa, bere osotasunean, martxan jarri da denon artean kalitatezko enplegua, duina eta inklusiboa eskainiko duen sistema bat garatzeko, lan-merkatuan sartzeko eta finkatzeko zailtasun gehien dituzten pertsonentzat", defendatu du.

Enplegu inklusiboko batzordea lan mahaietan banatuko da gero, eta hauetan gai zehatzak jorratuko dira, hala nola, inklusio enpresen kopurua indartzeko edo handitzeko aukera, edo bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzako kalitatezko lanpostu inklusibo berriak sortzeko aukera. "Elkar-Ekin Lanean ekimenak garatu behar dituen jarduerei buruz hausnartzeko, kontsultatzeko eta kontrastatzeko parte hartzeko gunea izango da. Bertan, bazterkeriaren eta enpleguaren aurkako borrokarekin zerikusia duten eragile guztiak daude bertan ordezkatuta, eta, beraz, proiektuari zilegitasuna emateaz gain, ingurune errealetara iristea bermatzen du", nabarmendu du Olanok, azpimarratuz Etorkizuna Eraikizek sustatzen duen gobernantza irekiaren eta lankidetzakoaren eredua praktikan jartzearen adibide argia dela Elkar-Ekin Lanean.

 

36.000 pertsona

Euskadiko Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko 2020ko inkestaren arabera, Gipuzkoan 36.000 pertsona baino gehiago daude zaurgarritasun egoeran eta, gainera, egoera hori kroniko bihurtzeko arriskua dago. "Elkar-Ekin Lanean-ekin, ibilbide pertsonalizatua eskaini nahi diegu pertsona hauei. Tokian tokiko babes sare koordinatuen bidez egingo dugu, laguntza emango dietena, lan-merkatura iritsi arteko urrats guztiak ematen lagunduko diena, prestakuntzatik hasi eta laneratzeraino, jarraipen pertsonalizatuarekin", azaldu du diputatu nagusiak. Bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonez gain, Elkar-Ekin Lanean estrategiak bereziki kontuan hartuko ditu kualifikazio txikiko pertsonak, iraupen luzeko langabeak, 45 urtetik gorako langabezian daudenak edo indarkeria matxistaren biktimak, besteak beste.

Horretarako, Foru Aldundiak 16 lan ildotan eta 30 neurri zehatzetan banatutako estrategia prestatu du, apirilean aurkeztu zitzaiona Gipuzkoako gizarteari. Plana, zehazki, Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan garatu da, eta Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiarekin bat dator. Helburua da "lan inklusiborako aukerak ugaritzea" eta lurraldeko erakunde, enpresa eta eragile guztien parte hartzea lortzea ahalegin kolektibo horretan. "COVID-19ak eragindako krisi sozialari aurre egiteko palanka bat da, alde batetik, eta epe ertainean, desberdintasun sozialei aurre egiteko tresna partekatu bat", aurreratu du diputatu nagusiak. Gaineratu duenez, Gipuzkoak, gizarte aurreratu gisa, "pertsona guztientzat kalitatezko enplegu duina eta inklusiboa" bermatzeko hartu behar duen erantzukizuna da jokoan dagoena.

"Lana da tresna nagusia bizitza duina bermatzeko, baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta baldintza berdinetan bizitzeko proiektu duin bat eraiki ahal izateko", nabarmendu du. Diputatu nagusiak azaldu duenez, Elkar-Ekin Lanean ekimenaren bidez, datozen hiru urteetan 3.500 lanpostu berri sortzea du helburu Aldundiak, baztertuta edo bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzat. Aldi berean, gaur egun lurraldean lan egiten duten laneratze enpresen kopurua bikoiztu nahi da, baita 2.500 pertsonari prestakuntza eskaini eta 4.000 pertsonari lagundu ere, lan munduan finkatu arte.

  

2981