Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Elkarlana elkarteekin Gipuzkoan NBEren 2030 Agenda ezartzeko

Elkarlana elkarteekin Gipuzkoan NBEren 2030 Agenda ezartzeko

Rol aktiboa jokatuko du Foru Aldundiak lurraldeko agenda politikoan.

2018/10/17

Gaur, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Foru Aldundiak lan tailerra antolatu du Etorkizuna Eraikiz Gunean, Gipuzkoako elkarte eta entitateetako 40 ordezkari eta boluntario baino gehiagorekin. Bere politika publikoak Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendarekin eta horrek ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuarekin (GJH) lerrokatzeko hasi duen bidea partekatzea izan da topaketaren xedea. Bere Kudeaketa Plan Estrategikoa aztertzen dihardu Aldundiak, GJHen ikuspegitik, helburu estrategikoak nazioarteko erakundeak finkatutakoekin bat etor daitezen.

Era berean, foru erakundea lanean ari da bere departamentuek garatzen dituzten ekintza eta proiektuak GJHen barruan kokatzeko. Horretarako, Etorkizuna Eraikiz dinamikari eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko departamentuari dagozkionak jaso ditu dagoeneko. Lan horren berri ematen duen txostena partekatu du elkarteekin gaurko topaketan.

“Gipuzkoa guztiz konprometituta dago agenda global berri horrekin, pobrezia desagerrarazteko, desberdintasuna murrizteko, planeta babesteko, eta pertsona guztien ongizatea bermatzeko lanarekin, alegia. Denon ardura da hori lortzea, eta Aldundiak rol aktiboa jokatu nahi du, herritarrekin eta lurraldean lehentasun horiek gauzatzeko lan egiten duten eragile sozial eta ekonomikoekin”, adierazi du tailerraren irekiera ekitaldian Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak.

Urtea amaitu baino lehen lau topaketa egingo dira guztira Etorkizuna Eraikiz Gunean, eta gaurkoa izan da aurrenekoa. Horrela, GJHen azteketarako eta sentsibilizaziorako espazioak sortu nahi dira, Gipuzkoako gizarte antolatuaren eskutik, Gipuzkoako agenda politikoaren lan ildo nagusiak definitu, eta horiek GJHekin lerrokatzeko. “2030 Agenda eta horren helburuak ezagutarazi, Gipuzkoan GJHen gizarteratzeari garrantzia eman, eta sentsibilizazio, elkarrizketa eta kontrasterako guneak sortu nahi ditugu, garapen jasangarrirako bidea modu eraginkorrean eginez, guztion ekarpenekin. Bereziki, irabazi asmorik gabe entitateen ekarpenekin, eskarmentu handia dutelako”, gaineratu du.

4 tailer

Hilaren 7an, hilaren 28an, eta abenduaren 4an egingo dira hurrengo tailerrak. Gaurkoan, hitzaldia eskaini du Edgardo Bilsky, UCLG (United Cities and Local Governments) sareko ikerketarako buruak. UCLGko kide da Aldundia da legealdi honetatik, eta bertan ari da lanean gardentasunaren eta etika instituzionalaren taldean. GJHen inguruan, munduan zehar, tokiko gobernuak hartzen ari diren neurrien berri eman du Bilskyk. Bestalde, Iker Goiria eta Leyre Madariaga, Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako zuzendariek, bi erakunde horiek EAEko hiru hiriburuetako udalekin batera arlo berean egiten ari den lana azaldu dute.

 

            Bertaratutako entitateen artean, hauek izan dira, besteak beste: Eusko Ikaskuntza, Unicef, Hirukide, Nagusilan, Jubilatu eta Pentsiodunak, Aransgi, Afagi, Elkartu, Emaus, Gurutze Gorria, Sos Arrazakeria, Emun, Tecnun, Afedegi, Deusto, Haurralde, AECC eta Impact Hub

            Garapen Jasangarriaren 2030 Agenda 2015ean onartu zuen NBEk. Aukera berritzat jotzen du, “inor baztertu gabe, herrialdeek eta gizarteek guztion bizitza hobetzeko bide berri bat sor dezaten”. 17 helburu ditu Agendak: tartean, pobrezia desagerraraztea, aldaketa klimatikoari aurre egitea, hezkuntza, emakumearen berdintasuna, ingurumenaren defentsa eta gure hirien diseinua, bakea eta elkarbizitza, energia, eta ekoizpen eta kontsumo arduratsuak.

  

1741