Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Elkarte feministei zuzendutako dirulaguntzen deialdia indartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Elkarte feministei zuzendutako dirulaguntzen deialdia indartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Datorren urtekoa onartu du foru erakundeak, eta lehen aldiz elkarteentzako laguntza lerroa banandu egingo da udal eta mankomunitateei zuzendutakotik

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak berritu egin ditu emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen duten proiektuak sustatzeko dirulaguntza deialdiaren oinarriak, emakumeen elkarteek eta irabazi asmorik gabeko beste erakundeei zuzenduta dagoen egitasmoa. Honela, entitate propioa emango zaio laguntza lerro honi. Gainera, 2020ko deialdia onartu du Kontseiluak, oinarri berri hauek erabiliko dituena eta 450.000 euroko aurrekontu zuzkidura izango duena. Eider Mendoza foru bozeramaileak adierazi duenez, aldaketa honekin praktikan “indartu” egin da deialdi hau. Foru arduradunak gogoratu du erakundearen helburu estrategiko nagusia “ahalik eta desberdinkeria gutxien duen lurraldea eraikitzea, gizarte, hizkuntza eta genero ikuspegietatik”. Ahalegin horretan gizarte antolatuak funtsezkoa papera duela gaineratu du, eta horra zuzentzen dela Aldundiaren laguntza lerro hau. 
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur, goizean egin den Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Azaldu duenez, 2008an jarri zuen martxan Foru Aldundiak dirulaguntza deialdia, eta orain oinarriak berritu dizkio. Honekin batera, 2020ko laguntza deialdia onartu du Diputatuen Kontseiluak, oinarri berriekin funtzionatuko duena. Deialdia aurreratzearen helburua, Mendozak esan duenez, proiekturen bat aurkezteko asmoa duten emakumeen elkarteei denbora tarte gehiago ematea da, oinarri berriak ezagutu eta beraien proposamenak egokitu ditzaten.  
Oinarrien eguneraketari dagokionean, dirulaguntza hauek bereizi egiten dira udalei eta mankomunitateei zuzentzen direnetatik, banaketa modu independentean egin ahal izateko. Gainera, berariazko bi diru-laguntza lerro aurreikusten dira, elkarteko kideentzat egindako ohiko jarduerak izan, edo gizarteari, orokorrean, edo emakumeen talde espezifikoei zuzendutako proiektuak izan. Lerro horietako bakoitzarentzako balorazio irizpideak ere egokitu egin dira, eta handitu egin da gizarteari orokorrean zuzendutako jarduketek jaso dezaketen gehienezko zenbatekoa, eta honi esker profesionalizazioa eta proiektuen garrantzia areagotzea lortzea espero da. Azkenik, deialdi desberdindua izateak emakumeen elkarteengana bideratzen diren baliabideak indartzea ahalbidetuko du. 
“Zorionez, Gipuzkoan mugimendu feminista indartsua daukagu, eta elkarte sare ugaria eta oso dinamikoa”, azaldu du Mendozak. Honela, azpimarratu du “emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloan aurrerapausoak ematen jarraitzeko ezinbestekoa da gizarte aberastasun hau baliatzea” eta, ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoa berretsi du, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorra indartzen segitzeko. 

Aurrekontua onartzeko egutegia
Bestalde, joan den astean aurkeztutako aurrekontu orokorren foru arau proiektua onartzeko egutegiaren berri ere eman du Mendozak.  Foru arduradunak zehaztu duenez, datorren ostegunean aurrekontua departamentuz departamendu banakatuko dute.  Hurrengo egunean, ostiralean, zuzenketak aurkezteko epea zabalduko da, eta hilaren 29an itxiko da. Abenduan, osoko bilkura egingo da osoko zuzenketak aztertzeko, halakorik balego. Abenduaren 13an Ogasun Batzordea elkartuko da, aurrekontuen foru arauaren proiektuari buruzko irizpena adostuko du, eta abenduaren 20an iritsiko da Osoko Bilkurara, eztabaidatu eta azken onarpena emateko. 
Mendozak gogorarazi du Aldundiak aurkeztutako proposamenak hazkunde nabarmena aurreikusten duela, aurtengo ekitaldiarekiko % 4,53ko eta ia 40 milioiko igoera izango duena. «Aurrekontu soziala eta inbertitzailea da, eta hiru ardatz nagusi ditu: eguneroko erronkei eta ditugun gizarte beharrei erantzutea; etorkizuneko apustuak egitea eta etorkizuneko ekonomia eraikitzen jarraitzea; eta Aldundiaren finantza egoera indartzen jarraitzea, zorra gehiago murriztuz", adierazi du. Foru bozeramaileak defendatu du aurrekontuak "positiboak" direla Gipuzkoarentzat, eta lurraldea indartzen lagunduko dutela, nahiz eta azpimarratu duen "horiek hobetzen lagunduko duen edozein proposameni irekita gaudela»: "Onarpen prozesu osoan eta oposizioko taldeekin izango ditugun bileretan gure jarrera irekia eta elkarrizketaren aldekoa izango da, aurrekontuak nola hobetu ditzakegun aztertzeko". 

Amelie denboralea
Azkenik, joan den igandean Gipuzkoa astindu zuen Amelie denboraleak eragin dituen gorabeheren errepasoa ere egin du Mendozak. Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuari dagokionez, denboralearekin lotutako 30 irteera izan ziren igandean, gehienak zuhaitzen erorketen ondorioz.  Esku hartze gehienak Bidasoa eskualdean egin ziren: 13 Irunen, lau Hondarribian eta bi Errenterian. Eibarren beste bost egin zituzten; Urola Erdiko suhiltzaile etxetik, berriz, hiru irteera egin behar izan zituzten: bi Azpeitira, eta bat Azkoitira. Azkenik, Kostaldeko suhiltzaile etxetik, Zumaia, Getaria eta Usurbilera atera behar izan ziren. 
Bestalde, Bide Azpiegituretako departamentuko garbiketa zerbitzuek 35 zuhaitz erretiratu zituzten, eta 5 luizi eta ur-baltsa bat artatu. Mendozak gogorarazi duenez, haizeteak eta kostaldean izan ditugun alertak amaitu dira, baina alerta horian jarraitzen dugu Gipuzkoan asteazkeneko 09:00ak arte, euria egingo baitu atertu gabe, eta nabigaziorako, asteazkeneko 12:00ak arte, itsas arriskua dela eta.  "Horren harira, alerta horiek kontuan hartzeko, arduraz jokatzeko eta arriskuak saihesteko eskatzen diegu herritarrei, prebentzioa baita istripuak saihesteko modurik eraginkorrena", adierazi du Mendozak.

  

1824