Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Emakume eta gizonen arteko ardura partekatuan egingo du indar Aldundiak

Emakume eta gizonen arteko ardura partekatuan egingo du indar Aldundiak

Emakumeen nazioarteko egunarekin bat kontziliazioa hobetzeko ardura partekatuan aurrera egiteko kanpaina aurkeztu da

2017/03/06
Miren Elgarresta

Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko emakumeen eta gizonen berdintasunerako organoko zuzendariak kanpaina berri bat aurkeztu du, berdintasunean aurrera egiteko ardura partekatuaren alde. Kanpaina gaur jarriko da martxan, martxoaren 8a emakumeen nazioarteko eguna dela eta, eta hilabete iraungo du. Helburua da Gipuzkoako gizarte osoa sentsibilizatzea, eta kanpainak indarra jartzen du emakumeek eta gizonek ardura partekatua izan behar dutela bizitzaren alor guztietan. 

 

Kanpainak zenbait ikus-entzunezko euskarri egingo ditu, eta datu gogorrak azaltzen ditu, ongi baino hobeto erakusten dutenak norainokoak diren desberdintasun egoerak.  Aurretiazko azterketa baten emaitza dira, zeinetan kontuan izan baitira Ogasunak, Emakundek, EHUk eta bestek emandako hainbat txosten. Kanpainarako, diseinuak sortu dira, helburu dutenak emakumearen egoera erakustea irudi zatikatuen bidez. Kanpaina honetan erabiliko diren datuak hauek dira:

 

- 123 lan egun gehiago, emakume batek gizon batek irabazten duena irabazteko.

- Emakumeen bataz besteko soldata % 25 gutxiago da gizonena baino.

- Seme-alabak zaintzeko eszedentzien % 5 bakarrik gizonek eskatuak dira.

- Lanaldi partziala dutenetatik, % 83 dira emakumeak.

- Administrazio kontseiluetako % 25 eserleku bakarrik betetzen dituzte emakumeek.

 

Kanpainaren abiapuntua zenbait ekintza dira, eta Gipuzkoako Ardura Partekatuaren eta Kontziliazioaren I. Foru Planaren aurkezpenarekin burutuko da. Miren Elgarrestak esan duenez, "sentsibilizazioa gako bat da herritarrok jabetu eta kontziliazioan eta ardura partekatuan aurrera egin dezagun, hori baita zuzendaritza honen ardatz estrategikoetako bat eta horren inguruan ari baikara lurralde plan bat garatzen".

 

Urtero bezala, datorren martxoaren 8ak balioko du agirian uzteko egun ere emakumeok dugun desoreka gizartean, lanean eta familian. Miren Elgarrestak esan duen bezala, aurten Aldundiak bat egin nahi du batasun aldarrikapenekin, eta desoreka hori agerian uzten dituzten kopuruak azalarazi nahi ditu. Orobat, Elgarrestak esan duenez, "aldarrikapenak helburu du gizarteak hausnarketa bat egin dezala".

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak nahi du martxoaren 8a hausnarketarako eta konponbideetan  pentsatzeko egun bat izatea; "gure helburua da hausnartzea eta konponbideak aurkitzea ardura partekatuaren inguruan", adierazi du Elgarrestak; eta gehitu duenez, "helburua da herritarrei erakustea nolako bidegabekeria zalantzarik gabeak jasaten ditugun emakumeok".

 

Bestalde, berdintasuneko zuzendariak aurreratu du bihar, martxoak 7, topaketa bat izango dela Aldundian. Bertan 100 pertsonak parte hartuko dute, Gipuzkoako hainbat talde eta eremutakoak. "World Café" bat, non gizon eta emakumeek berdintasunari eta kontziliazioari buruz hitz egingo baitute. Bertatik ateratzen diren ondorioak Kontziliazioaren eta Ardura Partekatuaren Foru Planean sartuko dira.

 

Plan hori laster argitaratuko da, eta Aurre! Foru Plan berriarekin batera (I. Foru Plana, emakumeen aurkako indarkeriari aurka egiteko), Berdintasun Zuzendaritzaren ardatz estrategikoetako bat da, eta helburua da oinarriak jartzea modu zehatzean kontziliazioan eta ardura partekatuan aurrera egiteko.

  

1493