Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko konpromisoa berritu du Aldundiak

Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko konpromisoa berritu du Aldundiak

Erakunde adierazpena onartu du biharko Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunaren atarian.

Diputatuen Kontseiluak erakunde adierazpena onartu du, bihar ospatzen den Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunaren atarian, eta arlo honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak lanean jarraitzeko duen konpromisoa berritu du. “Zoritxarrez, gaur egungo munduan, baita gure gizartean ere, giza eskubideen urraketarik zabalduenetako, iraunkorrenetako eta suntsitzaileenetako bat da emakumeen kontrako indarkeriarena”, esan du Eider Mendoza foru bozeramaileak. “Egun hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak irmotasun osoz gaitzesten du indarkeria sexista oro, dela fisikoa, psikologikoa, sexuala edo sinbolikoa, gertatzen den eremuan gertatzen dela: bikote ingurua, familia, aisialdia, lana, kirola, eta sare sozialak, besteak beste”, adierazi du.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Mendozak gogoratu duenez, eta berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzeko konpromisoa kontuan hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu berri du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Foru Plana. Plan horretan jaso du indarkeria matxistaren aurka  irmotasunez borrokatzen jarraitzeko konpromisoa. “Lan horrek, COVID-19ak sortutako krisiaren erdian, indar handiagoa hartzen du, ahal bada, indarkeria horri bakardade eta isolamendu handiagoko egoeretan aurre egiten dioten emakume eta neska askoren kalteberatasunaren aurrean. Emakume horiek guztiek inoiz baino gehiago jakin behar dute erakundeak eta gizarte osoa beraiekin gaudela, une oro laguntzeko”, adierazi du, erakunde adierazpenak diona azalduz.

Esparru honetan, Mendozak esan du Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa hartzen duela emakumeen aurkako indarkeriari eta indarkeria hori eragiten duten arrazoiei aurre egiteko politika ausartak bultzatzen jarraitzeko. Zehazki, honako arlo hauek aipatu ditu: emakumeen aurkako indarkeriak hainbat esparrutan dituen ezaugarriei buruzko ikerketa bultzatzea, indarkeria horri buruzko informazio bilketa hobetzea, eta hainbat eragileri horren berri ematea, baita herritarrei ere; aurrera egitea emakumeen aurkako indarkeria matxistari buruzko sentsibilizazio, prebentzio eta prestakuntza alorretan; etengabe hobetzea indarkeria matxistari aurre egiteko baliagarri den arreta-eredua, eta Istanbuleko Hitzarmenean indarkeria horren biktimei aitortzen zaien kaltea konpontzeko eskubidean sakontzea; dimentsio komunitarioa babestea indarkeria matxistaren aurrean emakumeei ematen zaien babesean, berdintasunaren alde lan egiten duten talde feministekiko eta emakume taldeekiko koordinazioa handituz; eta erakundeen arteko koordinazioa sustatzea, Gipuzkoan indarkeria egoerari arreta osoagoa, eraginkorragoa eta kalitatezkoa emateko bide gisa.

“Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazten du gauzak aldatzeko unea dela, eta, horretarako, funtsezkoa dela egoera horiek indarkeria egoera gisa identifikatzea, hau da, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak mantentzen laguntzen duen indarkeria matxistaren zati bat. Izan ere, horrela identifikatzen baditugu, ezin izango ditugu justifikatzen jarraitu. Eta hori urrats handia izango da gizarte justuagoa eta berdinagoa eraikitzeko bidean” esan du Mendozak. Gaineratu duenez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu berri duen komunikazio kanpainari erreferentzia eginez, indarkeria matxistaren aurrean, foru erakundeak ikus-entzuleen parte ez izatera animatzen ditu gipuzkoarrak. “Gutako bakoitzak konpromiso indibidual eta kolektiboa bere gain hartzera, gure gizartetik emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko”, esan du.

Mendozak azaldu duenez, eta egungo pandemia egoera dela eta, aurten ez dira ohiko mobilizazioak antolatuko azaroaren 25ean. “Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrak gonbidatu nahi ditu gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunen aurkako gaitzespena azaltzera eta antolatuko diren ekimenetan parte hartzera, betiere COVID-19aren hedapena geldiarazteko ezarritako arauak eta murrizketak errespetatuz”, nabarmendu du.

 

Arantzazuko Gizarte Berrikuntzako Laborategia

Betalde, Diputatuen Kontseiluak erabaki du Arantzazu Gaur Fundazioari 290.000 euroko dirulaguntza ematea, ekipamenduetan inbertsio berriak finantzatzeko Arantzazuko Gizarte Berrikuntzako Laborategia sortzeko prozesuan. Laguntza hauek ikus-entzunezko ekipamendura, aireztapen eta klimatizazio obretara, interiorismoko obrara eta altzarietara bideratutako inbertsioetara daude bideratuta. Mendozak gogoratu duenez, eta gaurko erabakia kontutan hartuta, foru erakundeak jada 665.000 euro bideratu ditu Arantzazuko laborategiaren proiektura: “Ikusi dugu 2020rako proiektatutako inbertsioak ez direla nahikoak izango laborategiaren lan-ildoak gaitasun osoz garatu ahal izateko, eta indartu beharra izan ditugu. Aldi berean, ekarpen honek argi uzten du erakunde honek ekimen honekin duen konpromisoa eta ematen dion garrantzia. Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzeko ahaleginean ari gara, batez ere Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez, eta uste dugu norabide horretan funtsezko ekarpena egin dezakeela Arantzazuko laborategiak”.

Mendozak gogoratu duenez, frantziskotarren Komunitatea, Arantzazu Gaur Fundazioaren esparruan, Gizarte Berrikuntzako Laborategia sortzea bultzatzen ari da helburu honekin: Arantzazu elkargune izatea, Gipuzkoako gizarteak, epe ertain eta luzean, etorkizunean izango dituen erronka nagusiak eztabaidatzeko, betiere oinarrizko premien, bizikidetzaren eta balioen ikuspegitik abiatuta, kasu honetan herritarren inplikazio zuzenaren bidez. Landuko dituen gai zehatzei erreparatuta, ingurumena eta gizartegintza ardatz izango ditu proiektu eraldatzaile honek: hau da, elkarbizitza, ongizatea, lana eta aldaketa klimatikoa langai izango dituen berrikuntza sozialerako laborategia. Proiektuan parte hartzen ari dira Aldundia bera, Oñatiko Udala, hiru unibertsitate (UPV/EHU, Deusto eta Mondragon), Mondragon Korporazioa, Kutxa Fundazioa eta beste hainbat eta hainbat eragile ekonomiko eta sozial.

          Laborategi horren azken helburua Arantzazu erreferentziazko nodo bihurtzea da, gizarte justuagoa, kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta, azken batean, gizatiarragoa lortzeko. “Arantzazuko tradizio historikoarekin bat etorriz, elkargune bihurtzea da laborategiaren berezitasun nagusia, zehazki, herritarrek topagune gisa erabili ahal izateko, eta gure gizartearen beharren eta erronka nagusien gain esperimentatzeko, betiere entzute eta ikaskuntza aktiboaren bidez”, esan du Mendozak. “Gipuzkoan badaude elkarlanerako bestelako espazioak, baina aintzat hartu gabeko espazio bat geratzen zen, agenda politiko berrian herritarrek duten inplikazioari eta parte-hartzeari dagokiona. Nitxo horretan esku hartuko du Laborategiak, zeinaren helburu nagusia den Gipuzkoako herritarren etorkizun pertsonal eta zibiko onena lortzeko lan egitea”, azpimarratu du.

 

Turismoa eta digitalizazioa

Hirugarren gai bezala, Kontseiluak beste dirulaguntza bat ere onartu du: 50.000 euroko zuzeneko laguntza ematea Apartamentu Turistikoen Euskadiko Elkarteari (APARTURE). Laguntzaren helburua da check-in & check-out online contactless sistema berri bat garatzea, sektore turistikoko enpresei laguntza emateko euren digitalizazio prozesuan. “Gure erakundea oso aktiboki ari da lanean lurraldeko kultura eta turismo-baliabideak indartzeko, hiriburutik harago, eta, horrela, turismo-produktuen aukera zabalduz, COVID-19k eragindako krisiaren aurrean turismo-jarduera dinamizatu ahal izateko”, adierazi du Mendozak, erabaki hau testuinguru horretan kokatzen dela gaineratuz.

“COVID-19aren pandemiak eragin sakona izan du turismoaren sektorean, oro har, eta baita Gipuzkoako turismoaren sektorean ere, hurrengo urteetan aurre egin beharko zaien erronka berriak planteatuz. Erronka horien artean, nabarmentzekoa da sektorean diharduten enpresen eraldaketa digitala, osasun-krisiaren aurretik oso beharrezkotzat jotzen bazen ere, orain ezinbestekoa dena”, adierazi du. Horrela, aipatutako erronka horretan fokuratu da APARTUREk egindako proposamena, bere helburua baita sarbideen kudeaketa digitalizatzea aipatutako check-in & check-out online contactless sistema bat sortuz, sektore turistikoko enpresei eraldaketa digitalaren prozesuan laguntzeko.

Zehazki, proiektu honen helburua sarraila elektronikoetan eta aplikazio informatikoetan oinarritutako contactless sistema garatzea da. Horrela, ostalariei check-in eta check-out prozesua edozein gailutik, mugikorra zein mahaigainekoa, kudeatzea ahalbidetzen diena, modu azkar, erraz eta seguruan eta ostatuko langileekin harremanetan sartu beharrik gabe. “Gure lurraldeko proiektu pilotu bat da, pisu turistikoetan irekitzeko sistema bat ezarri nahi duena, pertsonen arteko kontaktua saihesteko, hain garrantzitsua baita egungo osasun-krisian, kutsatzeko arriskuak minimizatzeko. Proiektu hau gauzatzeko inbertsioen ordainketa APARTURE elkarteak egingo du, eta proiektu pilotu hori arrakastatsua izango balitz, Gipuzkoako gainerako apartamentu turistikoetara zabalduko litzateke”, azaldu du bozeramaileak.

 

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Foru Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du Mendozak. Adinetako egoitzetako erabiltzaileen kasuan, 160 kasu positibo daude, 17 egoitzetan banatuta: •1 Donostiako Alai-Etxen; 1 Donostiako Berran; 2 Donostiako Lamourousen; 1 Zumarragako Argixaon; 12 Donostiako Hermano Garate – San Ignacio egoitzan; 7 Donostiako Txara II-n; 28 Errenteriako Jesusen Bihotzan; 29 Donostiako Zorroagan; 1 Oiartzungo Petra Lekuonan; 1 Hondarribiako San Gabrielen; 10 Beasaingo Arangoitin; 8 Andoaingo San Juan Bautistan; 3 Donostiako Berminghamen; 36 Donostiako Julian Rezolan; 1 Arrasateko Iturbiden; 15 Eskoriatza Jose Arana; eta 4 Eibarko Egogainen. Hauetatik 69 Eibarko Ospitaleko planta sozialean eta Ordiziako San Jose erreferentzia zentroan daude; bi baliabide hauetan artatzen dira COVID-19 gaitzagatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak. Helburua da egoitzetatik kasu positiboak atera, kutsatze arriskua murriztu eta bisitak egiten jarraitu ahal izatea. Abuztuaren 11n bigarren olatuko lehenengo positiboa atzeman zenetik, 77 egoiliar hil dira, eta 238 sendatu.

Adinekoen egoitzetako langileen kasuan, 173 kasu positibo daude, 40 egoitza desberdinetan banatuta. Bigarren olatuan, orain arte, 201 langile sendatu dira. Eguneko zentroen kasuan, azken astean 4 positibo berri atzeman dira, eta 5 desgaitasuna dutenei arreta emateko zerbitzuetan. Bigarren sare honetan, guztira, 412 plaza daude egoitzetan eta 474 etxebizitzetan. Gizarte inklusioaren kasuan ez da positiborik atzeman; gogoratu behar da sare honetan 54 baliabide daudela, 225 plaza egoitzetan eta 192 etxebizitzetan dituztenak. Azkenik, ez da positiborik atzeman adingabeei arreta emateko baliabideen sarean ere, non 400 plaza dauden. PCR probei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 53.120 proba egin ditu, hauetatik 5.030 pasa den astean, egoiliarren eta egoitzetako langileen artean.

  

1498