Enpresa txiki eta ertainei eraldaketa digital eta jasangarrian lagunduko die ‘Re-think Industry’-k
Enpresa txiki eta ertainei eraldaketa digital eta jasangarrian lagunduko die ‘Re-think Industry’-k
Aldundiak jardunaldiaren bigarren edizioa antolatu du, enpresen lehiakortasunerako funtsezkoa den prozesu honetan lurraldearen lorpenak eta erronkak partekatzeko.
Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua eta Jon Gurrutxaga Berrikuntzako foru zuzendaria.
«Re-Think Industry» jardunaldiaren bidez, Gipuzkoako ETEek eraldaketa digital eta jasangarriaren arloan dituzten lorpenak eta erronkak partekatu nahi dira, berrikuntzarako aldaketa palankatzat hartuta, Etorkizuna Eraikiz lankidetza gobernantzaren dinamikaren barruan. Aurtengoa bigarren edizioa izango da eta Kursaal biltzar jauregian egingo da otsailaren 16an. “Trantsizio digitalak eta ekologikoak bete-betean eragiten diote gure industriari, gure indar ekonomikoaren, enpleguaren eta ongizatearen motorrari. Gure egitekoa da hurrengo belaunaldiei lurralde industrial, aurreratu eta kohesionatua uztea, eta, horretarako, gure ETEen ondoan egon behar dugu, asko baitugu jokoan”, azpimarratu du Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, Jon Gurrutxaga Berrikuntzako foru zuzendaria aldamenean zuela.
Jardunaldi honen helburua da partekatzea, ikastea eta hausnartzea nola eraldaketa digital eta jasangarriak bultzatzen duen lurraldeko ETEen berrikuntza ekonomiaren, ingurumenaren eta gizartearen arloan: eraginkorragoak eta gutxiago kutsatzen duten prozesuak eginez, bezeroak hobeto ezagutuz produktu eta zerbitzu berriak garatzeko, antolaketa eta ingurunearekiko harreman eredu berriak sustatuz… Asmoa da prozesu horiek lehiakortasunerako funtsezko faktore bihurtzen laguntzea; identifikatzea gure ekosisteman zein eragile giltzarrik ematen duten laguntza prozesu horiek gauzatzeko; lurraldeko enpresa aurreratuen esperientzia eta jardunbide egokiak ezagutaraztea; eta gune bat eskaintzea beste konpainia batzuekin kezkak eta esperientziak partekatu ahal izateko, sareko lana sustatzeko eta lankidetza bide berriak irekitzeko.
Jardunaldia Gipuzkoako ETEetan aldaketa bultzatu behar duten pertsonei zuzenduta dago: zuzendari nagusiak, kudeatzaileak, jabeak, ekoizpen zuzendariak, industria zuzendariak, berrikuntza zuzendariak, I+G+B atalak… Orain arte, 400 lagunek eman dute izena, baina epea irekita dago oraindik www.rethinkindustry.eus orrian; programa osoa ere kontsulta baitaiteke bertan. ETEak sentsibilizatu eta trebatzeko oinarri bikoitza dugula, negozioaren eraldaketa digital eta jasangarrian aurrerapausoak ematen hasi diren enpresak zein oraindik bidea urratzen hasi ez direnak kontuan hartuta, jardunaldiaren muina lau saio paralelok osatuko dute, horietako bakoitza eragile batek gidatuta. Saio horietan zenbait arrakasta kasu aurkeztuko dira, eta ondoren mahai inguru bat egingo da.
Lehenak, "Nire prozesuak eragingarriago bihurtzen" izenekoak, AFM Cluster taldea izango du buru, eta Ekide, Gurelan eta Talleres Tellería enpresek parte hartuko dute. Bigarrena, " Produktu berri adimentsu eta berdeagoekin lehian ", Innobasquek gidatuko du eta Iruko Berri, Apel eta Domusa Teknik enpresek osatuko dute taldea. Hirugarrenak, "Gure bezeroengana gerturatzen" izenekoak, Gipuzkoako Bazkundea izango du gidari eta Alfa Hogar, Reiner eta Bernardo Ecenarro SA enpresak izango dira bertan. Laugarren saioan, "Arintasuna lortzeko erakundean aldaketa zuzenduz", antolakuntzaren eraldaketa izango da ardatza, eta, Adegiren gidaritzarekin, Casa Eceiza, Spanset eta Game SA enpresen esperientziak ezagutzera emango ditu.
Jardunaldian bi inspirazio hitzaldi izango dira, bata, saioa hasteko eta bestea, bukatzeko. Aurrena Javier Martínez Aldanondo ahokulariak emango du: «Erakunde adimentsuen mundurantz». EHUn Zuzenbidean graduatua da eta ‘Internet Management’-eko masterra egin zuen Kataluniako Institutu Teknologikoan. Txilen bizi den gipuzkoar hau Knowledge Works-eko bazkidea eta Knoco-ko zuzendaria da (Ingalaterran egoitza duen aholkularitzako nazioarteko sarea). Horrez gain, zenbait erakundetako aholkularia ere bada: NBEren ezagutzaren eta ikaskuntzaren kudeaketa arlokoa, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziakoa, Munduko Bankukoa, Garapenerako Banku Interamerikarrekoa eta Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundekoa.
Amaierako hitzaldia, «Fabrikazio sektorearen eraldaketa digitala: berrikuntza eta talentua, inpaktu handiko faktore gisa» Nerea Aranguren Danobat Group taldeko Berrikuntza zuzendari eta Ideko enpresako zuzendari kudeatzaileak emango du. Taldeko negozioetako I+G arloko planen definizioaz eta garapenaz arduratzen da eta, Ideko enpresako zuzendari kudeatzaile gisa, BRTA (Basque Research Technology Aliance) kontsortzioko zuzendaritza batzordeetako kidea da.
«Etorkizunerako norabideari eustea»
Industria Gipuzkoako enpleguaren % 24 da, Balio Erantsi Gordinaren % 24,5, eta esportazioen ia guztizkoa, zerbitzuen sektoreko hainbat jardueratan trakzio eragin handia izateaz gain. Gipuzkoako industria enpresen batez besteko tamaina Euskadiko eta EB27ko batez bestekoa baino zertxobait handiagoa da, baina Alemaniakoa baino askoz txikiagoa. Gipuzkoako enplegu guztiaren % 61,3 50 langile baino gutxiagoko enpresetan biltzen da, Alemaniako % 40,8ren aldean. Berrikuntzari dagokionez, lurralde honetan ETE berritzaileen ehunekoa estatukoa baino askoz handiagoa da (% 41,7 eta % 30, hurrenez hurren), baina Europako batez bestekoa (% 49,2) baino txikiagoa. Txanponaren beste aldean, I+G+B arloan laguntzen duten Gipuzkoako ETEen ehunekoa (% 24,4) Europako batez bestekoa (% 12,1) eta Alemaniakoa (% 14,8) baino askoz handiagoa da.
Errealitate horretatik abiatuta, Larrañagak aldatu beharreko bi egoera nabarmendu ditu. Lehenengoa da "enpresa traktoreen eta ETE gehienen arteko arrakala. Egia da aurrera egin dugula arlo horretan, baina oraindik berrikuntza jarduera gehiena enpresa traktoreen esku dago. Industria enpresa txiki asko ditugu produktu propiorik gabe, eta ezinbestekoa da enpresa horiek ere eraldaketarekin bat egitea, balio kateetan lehiakorrak izaten jarraitzeko eta negozio aukera berriak irekitzeko”. Bigarrena da “Gipuzkoan berrikuntza ez-teknologikoan –prozesuak, marketina, antolaketa…– oraindik ere hobetzeko dugun tartea. Onak gara ekoizpen arloan, berrinbertsioaren kultura oso finkatuta daukagu, baina gehiago kostatzen zaigu ukiezinetan eta pertsonetan inbertitzea, azken finean horiek funtsezkoak baitira trantsizio hori arrakastaz gidatzeko”, azaldu du.
Ildo horretan, diputatuak gaineratu duenez, “eraldaketa digital eta jasangarria teknologia erabiltzea edo karbono aztarna murriztea baino askoz gehiago dira. Pentsamoldea aldatzea dakarte, eta horrek gure negozioak birpentsatzea dakar, teknologiak eta jasangarritasunak etorkizuneko erronkei erantzuteko eskaintzen dituzten aukeretatik abiatuta. Hain zuzen ere, hortxe ari gara jartzen arreta gure laguntza programen bidez, eta beste urrats bat egin nahi dugu jardunaldi honekin”. “Jakin badakigu -adierazi du egungo testuinguru ekonomikoari dagokionez- enpresa asko egunerokotasunari begira daudela etorkizunari begira baino gehiago, baina garrantzitsua da enplegua eta jarduera ekonomikoa finkatzeko norabidea argi edukitzea, epe ertain eta luzerako gure lehiakortasuna orain arte egin ditugun urratsen mende baitago”.
Gurrutxagak, bestalde, azaldu du “jardunaldiak gure enpresen eskaera argi bati” erantzuten diola. “Lehenengo edizioak oso balantze positiboa izan zuen, eta orduko hartan bezala, gure lehentasuna da erabilgarria eta praktikoa izatea. Topagune bat da, maila indibidualean eta kolektiboan hobetzen lagunduko diguna, etorkizuneko Gipuzkoako ETEak lehiakorrak izan daitezen, ingurumena errespetatzen dutenak, erresilienteak, malguak eta merkatuaren lidergo gaitasuna dutenak. Lan saioak enpresen beharrei erantzunez antolatu ditugu, Gipuzkoako eragile ekonomiko eta klusterrekin lankidetzan, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren gobernantza kolaboratiboaren ereduarekin bat etorriz. Haiei eskerrak eman nahi dizkiegu izan duten jarreragatik, eta oraindik izena eman ez dutenak datozen egunetan egin dezatela animatu nahi ditugu”.
3223