Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Errenta aitorpena euskaraz aurkeztera dei egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Errenta aitorpena euskaraz aurkeztera dei egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Hiru urtetan euskara 100.000 zergadunen hizkuntza aukera izatea du helburu Ogasunak

2020/04/10
Gipuzkoako Foru Aldundiak hasi berri den Errenta kanpainan aitorpena euskaraz aurkezteko dei egin du, beste urte batez. Hiru urteren epean, 100.000 zergadunek Gipuzkoako Ogasunarekin euskaraz egitea du helburu foru erakundeak, eta Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza foru diputatuak azaldu duenez, “Errenta kanpaina herritarren kontzientziak astintzeko abagune ona da”. “Euskal Herriko herrialderik euskaldunena da Gipuzkoa eta, horregatik, eredugarriak izan behar dugu, gure hizkuntzaren erabilera sustatzerako orduan”, gaineratu du.  
Gizarteak, erakunde publikoek eta norbanakoek urtetan egindako ahaleginaren ondorioz, 2016an Gipuzkoan 16 edo urte gehiago duten biztanleetatik 306.000 inguru euskaldunak ziren (% 50,6). Hizkuntza berdintasunaren aldeko ahalegin horren ondorio gisa, gaur egun Gipuzkoan 78.000 herritar inguruk dagoeneko aukeratua dute euskara Ogasunarekin duten harremanetarako hizkuntza moduan. “Azken urteetan zifra hau hazten joan da urtetik urtera, pixkanaka pixkanaka, eta gure helburua hazkunde hau egonkortu eta, ahal bada, indartzea da”, azaldu du Larrañagak.
Diputatuaren hitzetan, foru Ogasuna prest dago herritar ororen hizkuntza eskubideak bermatzeko eta ohi duen kalitatezko zerbitzua eskaintzeko. “Edozein dela ere zerga arloari buruzko zalantza edo kezka, Gipuzkoako foru Ogasuna gai da euskaraz erantzuteko”, azaldu du. Horregatik, dei egin die herritarrei pausua eman eta euskararen aldeko hautua egiteko. Horretarako, hainbat bide daude eta, diputatuak gogoratu duenez, Errenta kanpaina hautu hori adierazteko aukera oso ona da, autolikidazio proposamena onartzeko zerbitzuari edota Zergabidea plataformaren bitartez ere adierazi baitaiteke euskaraz aritzeko aukera. Bestela, 030 eredua eskatu eta aurkeztu daiteke Ogasunean, zergadunak egiten duen hizkuntza hautua zein den zehaztuz. 
  

2824