Espainiako Gobernuari Itsasoren sorrerari jarritako debekua kentzeko eskatu dio Foru Aldundiak
Espainiako Gobernuari Itsasoren sorrerari jarritako debekua kentzeko eskatu dio Foru Aldundiak
Autogobernuarekiko, foru eskumenekiko eta itsasoarren erabakiekiko errespetua exijitu du Imanol Lasak, Espainiako Gobernuko presidenteordeak agertutako jarreraren aurrean
Espainiako Gobernuko presidenteorde Soraya Sáenz de Santamaríak gaur Kongresuko kontrol bilkuran Itsasoren inguruan agertutako jarrera salatu du Imanol Lasa foru bozeramaileak. Bilkura horretan, interpelazioen txandan, EAJ-PNV Euskal Legebiltzarkide Taldeko diputatu Iñigo Barandiaranek exijitu du Gipuzkoako 89. udalerria tokiko entitateen erregistroan izena emateari jarritako betoa altxatzeko. Lasak arbuiatu du Gobernua “bere estrategia birzentralizatzailean tematzea”, eta “errespetu izpirik” ez erakustea “Gernikako Autonomia Estatutuak eta Lurralde Historikoen Legeak” babesten dituzten euskal autogobernuarekiko eta foru eskumenekiko: “Ikusi dugu, beste behin, Espainiako Gobernuarentzat baleko legaltasun bakarra dagoela, bere interes politikoena, eta ez dagoela prest politikaren judizializazioa alde batera uzteko”.
Foru bozeramaileak berretsi zuenez, Itsaso udalerri izaera berreskuratzeko prozesua “legea zorrozki errespetatuz”, eta “berme administratibo eta ekonomiko guztiekin” gauzatu zen, eta Foru Aldundiak zein Udalak berak “gure esku dagoen guztia egin dugu konponbidea adosteko, Gobernuak etengabe jarritako oztopoen aurrean”. Ildo horretan, gogora ekarri du joan den martxoan berak bilera eskatu ziola pertsonalki Espainiako presidenteordeari, azaltzeko “gardentasun osoz nolakoa izan den prozesua, eta arazoa gehiago korapila ez zedin. Tamalez, entzungor egin dio eskaera horri, elkarrizketari atea itxiz, eta inposaketaren alde eginez. Joera hori ez da positiboa inorentzat”.
Itsasok Ezkiotik bereizteko behar adina biztanle ez dauzkala argudiatu du gaur Sáenz de Santamaríak, baina argudio horrek “inolako oinarririk” ez duela adierazi du Lasak, mugapeen arautze eskumena Aldundiari dagokiolako espreski. Hala jasotzen dute Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak (10.1 eta 37.3 artikuluetan) eta Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bere Lurralde Historikoetako foru erakundeen arteko harremanak arautzeko 1983ko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak -7.a.3) artikuluan-. Berezko eskumen hori 2/2003 Foru Arauaren bitartez gauzatu da. “Arau horrek jasotzen du, hain zuzen, Itsasoren bereizketa ahalbidetzen duen gakoa; izan ere, gutxieneko biztanlegoaren baldintzatik salbuesten ditu frankismoaren diktadurapean bat egitera derrigortuak izan ziren herriak –hala gertatu zen Ezkio eta Itsasorekin 1964an-“, esplikatu du.
Lasak gaineratutakoaren arabera, Espainiako Gobernuak Itsasorekiko erakutsitako jarrera, “PPk oinarrizko eskubide eta askatasunen aurka hasitako erasoaren beste adibide bat da. 155. artikuluan oinarritutako politikarena. Aldundiaren eskumenak Espainiako Konstituzioak babesten ditu, ustez, baina PP horien gainetik jartzen ari da bere erabakiak, eta diktaduran hartutako erabakiak legitimatzen ditu Itsasoaren kasuan”, kritikatu du. Hori dela-eta, Espainiako Gobernuari eskatu dio, auzitegiek jarritako errekurtsoen inguruan epaia ematen duten bitartean, “gure autogobernua eta foru eskumenak” errespetatzeko. “Baita Itsasoko bizilagunek partaidetza prozesu eredugarri batean eta herri galdeketa baten bitartez adierazitako borondatea errespetatzeko ere. Eta Itsaso udalerri gisa inskribatzeari jarri dioten debekua kentzeko, itsasoarren bizi kalitatea errazteko eta udalaren jarduera normalizatua bermatu ahal izateko”.
Errepikatu du Aldundiarentzat Itsasok Gipuzkoako 89. Udalerria izaten jarraituko duela, alor guztietan, eta konbentzimendu horri jarraiki, “erakundearen babes eta laguntza eskaintzen” jarraituko dutela alkateari eta bizilagunei, “udalerriaren zerbitzuak, jasangarritasuna eta jarduera bermatze aldera. Harremanetan jarraituko dugu eman beharreko pausoak adosteko”, amaitu du.1682