Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Espainiako Vuelta Gipuzkoan hasiko da urriaren 20an eta 170 km-ko ibilbidea egingo du Irun eta Arrate mendateen artean

Espainiako Vuelta Gipuzkoan hasiko da urriaren 20an eta 170 km-ko ibilbidea egingo du Irun eta Arrate mendateen artean

2020ko edizioak Gipuzkoako etapa bat izango du aurten, mugako hirian hasi eta 169,5 kilometroz Errenteria, Donostia, Usurbil, Orio, Zumaia, Azkoitia, Zumarraga, Oñati, Soraluze eta Eibar zeharkatuko dituena, besteak beste. Etapa Arraten amaituko da, 2. mailako mendatean.

2020/10/16

Urriaren 20an, asteartea, Irunen hasi eta Eibarren, Arrateko gainean, amaituko da etapa. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo eta Eibarko udalek elkarrekin egindako lanari esker iritsi da etapa hau Gipuzkoara. 

"Gipuzkoak pasioz bizi du txirrindularitza, eta denbora daramagu Vueltako etapa batez gozatu gabe. Lurralde abegikorra eta antolaketa gaitasun handikoa garela erakutsi nahi dugu berriz ere nazioarteko proba handi honen bidez. Hori guztia pelotoiaren zaleen gogo bizian islatzea gustatuko litzaiguke, baina aurten zuhurtasunak agintzen du, eta kirola arduraz eta distantzia mantenduz gozatu beharko dugu. Zalantzarik gabe, horrelako ekitaldi bat oso lagungarria da gure lurraldearen nazioarteko proiekziorako, eta eskerrak eman nahi dizkiegu Irungo eta Eibarko udalei etapa honen irteera eta helmuga hartzeko izan duten jarrera eta prestutasunagatik", adierazi du Harkaitz Millan Kultura eta Kiroleko foru diputatuak.  

Jose Antonio Santano, Irungo alkatea “Ohorea eta erronka handia da gure hiriarentzat irteera aurten bezain berezia izatea. Hainbat aste daramatzagu lanean Ficobarekin, Vueltaren antolaketarekin eta laguntzaile askorekin, segurtasun neurri guztiak bermatzeko eta La Vueltako etapa bat suposatzen duen kirol-ikuskizunari batere ez kentzeko”.

Eibarko alkate Miguel de los Toyosen hitzetan, “Eibar eta bere historia beti egon dira lotuta bizikletaren eta txirrindularitzaren munduarekin, eta gure betebeharra historia hori balioestea da. La Vueltaren lehen etaparen 75. urteurrena betetzea aukera ezin hobea da hori egiteko, eta, gainera, Gipuzkoako etapa bat izateak kirol honekin konprometitutako lurraldea dela esan nahi du”.

Lehen etapa Irundik abiatuko da, eta, besteak beste, Errenteria, Donostia, Usurbil, Orio, Zumaia, Azkoitia, Zumarraga, Oñati, Eibar eta Soraluzetik igaroko da Karabieta eta Arrateko igoerei ekin aurretik. Etapa honen ondoren, Gipuzkoatik Nafarroara igaroko da tropela, han antolatuko baita bigarren etapa, eta ziur aski euskal zaleentzat txirrindularitzaren festa handia izango da.

Azken 25 kilometroetan, Karabieta eta Arrateko gainak (biak bigarren mailakoak) igoko dituzte txirrindulariek. Bi igoera horiek ez dira bereziki gogorrak, baina sailkapen orokorrean txirrindularien artean aldeak ikusten hasiko dira eta, gainera, kontuan hartu behar da 3. mailako beste bi mendate ere igo beharko dituztela, Udana eta Kanpazar, hain zuzen.

Espainiako Vuelta hiru aldiz atera da Irundik. Arrate (532 m) Euskadiko txirrindularitzaren mendate klasikoetako bat da. Hasiera batean, txirrindularitza proba bati izena eman zion: Arrateko igoerari, hain zuzen. Federico Martín Bahamontes, Luis Ocaña edo Raymond Poulidor Arrateko igoera irabazitakoak dira bere garaian. Duela gutxi hildako frantziarrak bi aldiz lortu zuen garaipena Arraten. Nahiz eta 1986an proba desagertu, txirrindulariek Eibarko aldapak igotzen jarraitzen dute, bai Itzulian, bai Vueltan.

  

1937