Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Estatuko kamioilariek deitutako greba “eragin eskasa” izaten ari da Gipuzkoan

Estatuko kamioilariek deitutako greba “eragin eskasa” izaten ari da Gipuzkoan

Imanol Lasa foru bozeramaileak jakinarazi du normaltasuna dela nagusi errepideetan eta greba deialdia “porrota” izan dela

Imanol Lasa foru diputatu eta bozeramaileak ezagutzera eman du gaur, AT sistema N-I errepidean jartzearen kontra Estatutako garraiolariek egindako greba deialdiak Gipuzkoan izan duen jarraipena. Lasak esan duenez, “normaltasuna" izaten ari da ezaugarri nagusia Gipuzkoako errepideetan, deialdiak “eragin txikia” izan du ibilgailu astunen zirkulazioan eta beraz deialdiak “porrot” egin duela adierazi du.

Foru bozeramaileak jakinarazi du, erreferentzia gisa, joan den asteko datuekin alderatuz, N-Iean joan-etorri kopuru “bera edo handiagoa” erregistratu zela atzokoan. Adierazi du, halaber, zaila dela “konparazioak" egitea hau bezalako asteetan, gabon garaian bete-betean gaudelako, baina “normaltasuna ezaugarri nagusia dela azken orduetan”.

Lasa ez da eztabaidan sartu grebaren jarraipen datuen inguruan, eta deialdia egin duten elkarteek duten “greba-eskubidea" azpimarratu du, baina, hala ere, esan du “adierazgarria dela" lanuztearen deialdia Madrildik egin izana, Gipuzkoako kamioilariek greba ez egitea erabaki dutenean.

 “Datorren asteartean, 9an, jarriko da martxan  AT sistema, eta ahalik eta modu eraginkorrenean egitea espero dugu; horretarako ari gara lanean. Ez dago atzera bueltarik. Adostasun politiko zabala dago Batzar Nagusietan sistema horren egokitasunaren inguruan, eta Europaren babesa dugu. Sistema modernoa, berritzailea eta jasangarria da, eta, modernizazioa sustatzeaz gain, N-I errepidearen mantentze eraginkorragoa lortu nahi da. Horrela, sistema honi esker, Gipuzkoa zeharkatzen duten kanpoko kamioiek –zeinak joan-etorri guztien %60 baino gehiago suposatzen duten–egunero hainbat gipuzkoarrek erabiltzen duten errepide hori mantentzen lagunduko dute”, esan du.

  

1756