Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Etorkizuna Eraikizeko erreferentziazko zentroek 2,7 milioi mobilizatuko dituzte dirulaguntza deialditan

Etorkizuna Eraikizeko erreferentziazko zentroek 2,7 milioi mobilizatuko dituzte dirulaguntza deialditan

Markel Olano diputatu nagusia Etorkizuna Eraikizeko zazpi erreferentziazko zentroetako zuzendariekin elkartu da gaur goizean.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak lan bilera bat egin du gaur goizean Etorkizuna Eraikizen erreferentziazko zazpi zentroetako zuzendariekin, egiten ari diren lana bertatik bertara ezagutzeko eta haien politikak lerrokatzeko. Zazpi zentroak honako hauek dira: ZIUR, Gipuzkoako zibersegurtasun industrialeko zentroa; MUBIL, Gipuzkoako mugikortasun adimendun eta jasangarriko zentroa; Adinberri, osasuntsu zahartzeko estrategia; Naturklima, Gipuzkoako klima aldaketako zentroa; Arantzazulab, gizarte berrikuntzako laborategia; 2deo ikus-entzunezkoen laborategia; eta LABe, gastronomia digitaleko laborategia. Guztien artean, 2021ean 36 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi dute, eta horietatik 2,7 milioi laguntza deialdietara bideratuko dituzte.

Topaketa Aldundiaren beheko solairuan dagoen Etorkizuna Eraikiz Gunean egin da. Olanorekin batera, parte hartu dute topaketan Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko foru diputatuak, Unai Andueza Proiektu Estrategikoetako foru zuzendariak, Sebas Zurutuza Estrategiko foru zuzendariak eta Xabier Barandiaran Etorkizuna Eraikizko estrategia arduradunak. Zentroen partetik, Koldo Peciña ZIUReko zuzendaria, Ane Insausti MUBILeko zuzendaria, Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendaria, David Zabala Naturklimako zuzendaria, Naiara Goia Arantzazulabeko zuzendaria, Clara Montero Tabakalerako kultura zuzendaria (2deo-ren izenean) eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak (LABe-ren izenean) hartu dute parte bileran.

Diputatu nagusiak bileraren egokitasuna azpimarratu du, izan ere, "proiektu bakoitzaren errealitatea, egin dituzten aurrerapenak eta dituzten etorkizuneko erronka nagusiak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen dio Aldundiari". Era berean, bilerak zentroen elkar ezagutza hobetzeko balio izan du, azpiegituren arteko lankidetza eta koordinazio-loturak sendotuz. "Proiektu estrategikoak Etorkizuna Eraikizekin lerrokatzea ere landu dugu, eta garatzen ari garen beste proiektu esperimental batzuekin lankidetzan aritzeko bideak aztertu ditugu. Azken finean, topaketak erreferentziazko zentroak indartzeko balio izan du, eta, ondorioz, Etorkizuna Eraikiz indartzeko ", esan du Olanok.

Foru arduradunak gogorarazi du Etorkizuna Eraikizen ezaugarri nagusietako dela gobernantza eredu ireki eta elkarlanekoa. "Elkarlanean ari gara gure lurraldearen etorkizuna eraikitzeko, gizarte antolatuarekin eta Gipuzkoako herritarrekin elkarlanean. Hala ere, proiektuak lortu duen dimentsioa ikusita, inoiz baino beharrezkoagoa da barne-eremua ez baztertzea eta zentroen eta proiektuen arteko sinergiak lantzen jarraitzea, barne-lankidetzarako modu berrietan, hainbat arlotako ekimenak lotzeko. Ildo horretan, gaurko topaketa guztiz aberasgarria izan da helburu hori lortzeko", azpimarratu du.

 

Europara begira

Foru arduradunaren esanetan, erreferentziazko zentroak Etorkizuna Eraikizek pandemia osteko agertokirako planteatzen duen egitasmoaren zutabe nagusiak dira, eta Europako berreskuratze-funtsetatik datozen baliabideak lortu nahi dituzte. "Proiektu sendo batzuez ari gara, egonkortutakoak, ibilbide kontrastatuarekin, eta Gipuzkoaren etorkizuneko ekonomia eraiki nahi dugu horiekin. Gainera, Next Generation berreskuratze planaren irizpideekin bat datozen proiektuak dira ", nabarmendu du Olanok.

Hala ere, berretsi du proiektu horiek guztiak aurrera eramango direla, "Europako funtsak iritsi ala ez". Hala, azpimarratu du Aldundiak 36 milioi euro bideratu dituela 2021ean Etorkizuna Eraikizen erreferentziazko zentroetara, eta baliabide horietatik 2,7 milioi etorkizuneko sektoreetan laguntza deialdi irekiak egiteko izango direla: 400.000 euro zibersegurtasunean, 900.000 mugikortasun berrian, milioi bat euro zahartze osasungarrirako eta 360.000 euro gastronomia digitalerako. "Estrategikotzat eta etorkizunekotzat jotzen ditugun sektoreak bultzatzen laguntzea dute helburu, sektore hauetan zuzenean parte hartzen duten eragileei lagundu eta bultzada emateko", azpimarratu du.

Olanoren ustez, aipatutako zenbatekoek "argi baino argiago" uzten dute foru Gobernuak erreferentziazko zentroekin duen konpromisoa. "Une honetan, Aldundiak epe labur, ertain eta luzeko erronkei erantzuten dihardu eta ikuspegi horrekin egiten du lan: alde batetik, pandemiaren ondorio sanitario, sozial eta ekonomikoei erantzuten ari gara, bizi dugun krisiari eskura ditugun baliabide guztiekin erantzunez; bestetik, pandemia osteko agertokirako prestatzen ari gara, biharko gure ekonomiaren oinarri izango diren proiektuen inguruan pentsatuz, esperimentatuz eta abian jarriz, hala nola, erreferentziazko zentroak".

 

Lehentasunezko lana

Ingurumeneko foru diputatu den Jose Ignacio Asensiok, bere aldetik, adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak erreferentzia zentroei eman dion bultzadak “gaurkotasun osoa duela gaur egun”. “Horrek esan nahi du aurreko legealdian Etorkizuna Eraikizen inguruan egin dugun lan guztiak eta pandemiaren aurretik abian jarritako proiektuek erabateko lehentasuna dutela gaur”, gaineratu du. “Digitalizazio prozesuak, krisitik ateratzeko bide berdea, eta noski ikuspegi sozial batekin, beraz hiru ardatz horiekin modu koordinatuan funtzionatzen duten zentroek eta Foru Aldunditik ematen diogun bultzada administratibo eta politiko gehituaz, sektore desberdinen beharrei, baliabide ekonomikoak eskaintzen dizkiegu, duten  jarduera eta beharrak lagunduz, erreferentzi zentroek transmititzen digutenaren arabera”, borobildu du.

  

2620