Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Etorkizuna, lehiakortasuna, elkartasuna eta elkarlana, Plan Estrategikoaren ardatzak

Etorkizuna, lehiakortasuna, elkartasuna eta elkarlana, Plan Estrategikoaren ardatzak

Diputatu nagusiak aurreratu duenaren arabera, Aldundiak “anbizioz” egingo du lan.

Etorkizuna, lehiakortasuna, elkartasuna eta elkarlana dira datozen lau urtetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernu jarduna gidatuko duen Plan Estrategikoaren zutabe nagusiak. “Europa mailan desberdinkeria gutxien duten lurraldeen artean kokatu nahi dugu Gipuzkoa”, esan du Markel Olano diputatu nagusiak. Gaineratu duenez, zuzentzen duen erakundeak “anbizioz” egingo du lan “Gipuzkoa aurreratua eraikitzeko, non gizarte antolatuarekin elkarlanean arituko garen; ekonomia sendo eta dinamikoa duena, kalitatezko enplegua sortzea bermatzeko; eta hau dena, inor atzean utzi gabe”. Plan honek 55 helburu estrategiko jasotzen ditu, eta helmuga hau lortzeko 400 ekintza zehatz baino gehiago.

            Foru arduradunak hitza hartu du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Aldundiak 2020-2023rako osatu duen Plan Estrategikoari buruzko eztabaida monografikoan. Bertan nabarmendu duenez, Gipuzkoak datozen lau urteetan jarraituko duen bide orria da aipatutako dokumentua. Nazioartea ziurgabetasunez beteta dago, eta testuinguru horretan egin beharko du aurrera lurraldeak etorkizun hurbilean. “Legealdi hasieran esan genuen Gipuzkoa elkarlanetik indartzea zela gure helburu nagusia, eta azken hilabete eta asteetan asmo hori lan ildo eta helburu zehatzetan bihurtu du, plan honetan jaso ditugunak”, nabarmendu du.

            Diputatu nagusiak zehaztu duenez, Plan Estrategikoa osatzeko prozesuan 120 pertsona inguruk hartu dute parte, politikari eta teknikariak kontutan hartuta, eta modu arin eta parte hartzailean egin da. Estrategia pasa den astean aurkeztu zitzaien Aldundiko langileei eta, etorkizunera begira, “dokumentu bizia” izan nahi du, alderdi politiko eta herritarren ekarpenak jasotzera irekita egongo dena. Puntu honetan, oposizioko taldeei dei egin die parte hartu eta ekarpenak egiteko, honela Plan Estrategiko forala hobetu ahal izateko. “Etengabeko hobekuntza” prozesu hau Aldundiaren Estrategia zuzendaritzatik gidatuko da. 

Etorkizuneko erronkak

Geroari begira, diputatu nagusiak hainbat erronka identifikatu ditu, epe labur, ertain eta luzean Gipuzkoako kudeatuko beharko dituenak. Lau arlo handitan sailkatu ditu. Arlo sozialean, gizartearen zahartzeari aurre egitea, emakume eta gizonen berdintasunaren arloan aurrera pausoak ematen jarraitzea edota gizarte kohesioa indartu eta bazterkeriaren kontra egitea nabarmendu ditu, beste hainbat konturen artean. Esparru ekonomikoan, Olanok industriaren pisua indartzearen alde egin du. Gainera, aberastasuna eta kalitatezko enplegua era jasangarrian eratzearen erronka nabarmendu du, eta baita pertsona erdigunean jartzea eta berrikuntza eta ekonomia eredu berriak bultzatzea ere. Lurraldeari dagokionean, diputatu nagusiak lurralde oreka hobetzea defendatu du, eta klima aldaketaren borroka kezka nagusienen artean kokatu du. 

            Azkenik, alor politikoan, herritarrek politikarekiko duten urruntasuna gainditu eta iraultzearen alde lan egitearen garrantzian jarri du azpimarra Olanok. Horretarako, Aldundiak pasa den legealdian aktibatu zuen gobernantza eredu ireki eta lankidetzazkoan sakontzera dei egin du. “Gizartearen etengabeko entzute aktiboa garatzen jarraitu nahi dugu, eta administrazio publikoa transformatzen segituko dugu, egungo gizartearen behar eta kezkei ahalik eta era eraginkorrenean erantzuteko. Gainera, herritarren nortasun demokratikoa eta zibikoa sustatu behar ditugu, gure gizartearen kultura demokratikoa indartuz”, azaldu du. Azkenik, Gipuzkoaren etorkizuneko erronken artean jarri du baita ere autogobernua garatzen jarraitzea.

Gipuzkoako Eredua

Erronka hauei guztiei aurre egiteko, diputatu nagusiak Gipuzkoako Ereduan sakontzearen alde egin du, lurraldeak lortu dituen garapen eta ongizate mailetara ekarri duen eskema sozioekonomikoa. “Gure lurraldeak duen bizitasun eta elkarlanerako gaitasunean sinesten dugu, desafio hauei guztiei aurre egiteko. Horregatik jarri dugu gizartearekin elkarlanean aritzea gure estrategiaren erdigunean”, azaldu du foru arduradunak. Olanok honako ezaugarri hauek aipatu ditu, Gipuzkoako Ereduari dagozkionak: nortasuna eta balio partekatuak; gizarte plurala; irekitasuna, konpromisoa, elkartasuna edota zintzotasuna bezalako balioak; edota lana lehen mailako balio sozial eta komunitario bezala ulertzea.

            “Zutabe hauen gainean eraiki dugu ezagutzen dugun Gipuzkoa, eredu sozioekonomiko propioa duen lurraldea, aberastasuna sortzea eta gizarte babesa binomioa oinarri duena; eta lurralde orekatu eta kohesionatua, euskal kultura eta euskara gure nortasunaren ardatz nagusietakoak direlarik”, aldeztu du. Olanoren arabera, datozen lau urteetan Gipuzkoak Eredu honetan sakondu eta berau indartu egin beharko du eta, horretarako, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren alde egin du apustu. Egitasmo hau elkarlanean etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko jarri zen martxan. “Marko honetan, biharko gure erronkak identifikatu eta erantzuteko jarraituko dugu lanean; gizartearekin elkarlanean agenda publikoa osatzen; politika publiko aurreratuak diseinatu eta hauekin esperimentatzen; eta Gipuzkoako Foru Aldundia beraren egiazko transformazioa gauzatzen”, nabarmendu du.

55 helburu eta 400 ekintza baino gehiago

Plan Estrategikoak 55 helburu estrategiko jasotzen ditu, eta Foru Aldundia 400 ekintza zehatz baino gehiagoren bitartez saiatuko da hauek gauzatzen. Diputatu Nagusiaren Alorrean, pisu berezia dute Etorkizuna Eraikiz ekimenaren testuinguruan kokatzen diren egitasmoek, eta helburu nagusien artean dago proiektu esperimentalen kopurua 40tik 120ra igotzea. Gainera, foru erakundeak euskararen erabilera hedatzeko lanean jarraituko du, eta proiektu ezberdinak garatuko ditu Aldundiaren barnean zein kanpoko eragileekin elkarlanean, emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko.

            Ekonomia Sustapenaren atalean, Aldundiak Plan Integrala jarriko du martxan, kalitatezko enplegua sustatu eta bazterkeria egoera pairatzen duten edo jasateko arriskuan daudenentzako aukerak sortzeko. Aldi berean, emakume eta gizonen arteko soldata arrakala borrokatzeko neurriak indartuko dira. Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirolen departamentuan, lau puntutan murriztu nahi da jarduera fisikorik egiten ez duten helduen kopurua; Gobernantzakoan, bere aldetik, %35 igo nahi da foru erakundearen partaidetza prozesuetan parte hartzen duten pertsonen kopurua. Proiektu Estrategikoei dagokionean, helburu nagusiak 2023 urterako Adinberri eta Mubil zentroak martxan jartzea izango dira, eta baita ere Elkar-EKIN Lanean estrategiaren bitartez 5.000 enplegu sortzea.

            Mugikortasunari dagokionean, legealdian zehar %1,5 nahi ditu hazi arazi Aldundiak Mugi sistemaren bidez egiten diren bidaiak. Bide Azpiegituretan, bere aldetik, hainbat proiektu aurrera ateratzeko egingo da lan: A-15 eta N-1aren lotura, Azkoitia-Urretxu errepidea hobetzea edota Oiartzun eta Astigarragako Garraioaren Zentro Integrala abian jartzea. Gizarte Politikan, erronken artean dago foru sarean 600 plaza berri eratzea eta, azkenik, Ingurumen arloan klima aldaketari aurre egitea izango da desafio nagusia: honela, 2050 urterako lurraldearen ekonomiaren %100 zirkularra izateko egingo da lan, eta urteko 400 tonatan murriztu nahi dira berotegi efektua duten gasen emisioak.

  

2092