Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Europako Inbertsio Bankuak Bidegiren sendotasuna baieztatu du

Europako Inbertsio Bankuak Bidegiren sendotasuna baieztatu du

Aintzane Oiarbide: “Bidegi ereduaren sendotasunari esker gipuzkoarrek 20,5 milioi eurotik gorako deskontuak izan dituzte 2016an”

2017/05/19

Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek eta Bidegiko zuzendari nagusi Alfredo Etxeberriak Bidegiren 2016ko balantze ekonomiko finantzarioa eta legealdiko lehen biurteko balantzea aurkeztu dute Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean. Oiarbidek adierazi duenez,  Bilduren gobernuak 2016rako egin zituen “iragarpen katastrofistak” ez dira inola bete. “2015-2016 urteetarako egin zituzten zorraren aurreikuspenetan 40 milioi puztu zituzten Bilduren legealdian. Bidegiren kontuen irakurketa interesatua egin zuten, gure kudeaketa desitxuratu nahian. 2016an Bidegi kiebra egoeran egongo zela iragarri zuen Larraitz Ugartek, baina datuek garbi uzten dute ez dela horrelakorik gertatu. Ordainketa guztiak egin ondoren, 9 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu 2016an eta, Bidegi ereduaren sendotasunari esker, gipuzkoarrek 20,5 milioi eurotik gorako deskontuak izan dituzte iazko urtean”, gehitu du Diputatuak.

Oiarbidek azpimarratu duenez, “Bidegi gaitasun handiko errepideak egin eta kudeatzeko sortu zen, eta Foru Sozietate horri esker, errepide sare moderno eta eredugarria dauka egun Gipuzkoak. Aldundiak ezingo zukeen sare hori egin bere baliabideekin. Beraz, Bidegi oso garrantzitsua da Aldundiarentzat, eta erakutsi du errepideak kudeatzeko sistema eredugarria dela, Europa mailan”. Sistema horren baitan sartu behar da gipuzkoarrentzat Bidegik duen deskontuen sistema. 2015ean, Abiatu zeukaten gipuzkoarrei 18 milioi euroko deskontua egin zitzaien, eta 2016an 20,5 milioikoa izan da, Abiaturen erabiltzaile ez direnek ordaintzen dutenaren % 67a.

Legealdi erdiko balantzea egiterakoan, kudeaketa ona azpimarratu du Bide Azpiegituretako diputatuak: “2013an aurreikusten genuen modura, Bidegik ez du sekula zorrari aurre egiteko arazorik izan eta horrela baieztatzen dute bi urteko datu errealek”. Alfredo Etxeberria, Bidegiko zuzendari nagusiak gehitu duenez “bankuek ezarrita zuten zorraren zerbitzuaren ratio estaldura  bete da beti; izan ere, 1’1 gainetik egotea eskatzen dute, eta baldintza hori bete da kreditua eskatu zen urtetik aurrera. 2016. urtea 1,48an itxi dugu eta datozen urteetako aurreikuspenak ere maila horretatik oso gorakoak dira”.

Trafiko datuei dagokienez, 2015arekin alderatuta, % 3,8ko igoera izan du Bidegik kudeatutako errepideetako trafikoak. “Datu horiek garbi uzten dute ez dugula zorrari aurre egiteko inolako laguntzarik behar, ez bankuetatik eta gutxiago Aldundiaren aldetik”, gehitu du Bidegiko zuzendariak. “Europako Inbertsio Bankuak (BEI) duela egun gutxi jakinarazi digu, aktiboen sendotasuna ikusi ondoren, Bidegiren zorrak ez duela aparteko jarraipenik  behar”, zehaztu du Oiarbide diputatuak.

Oiarbidek amaitu du esanez, Bidegik erakutsi dituen emaitzek argi uzten dutela “Bilduk aurreko legealdian behin eta berriz egiten zuen kontaketak ez daukala oinarri sinesgarririk. Kontaketa interesatua eta manipulatua izan da. Errealitateak eta datuek bakoitza bere lekuan uzten dute eta dagoeneko argi dago kaltetu egin nahi zutela Gipuzkoako Foru Aldundiak duen sozietate publiko bideragarriena eta errentagarriena”.

"Errealitateak eta datuek bakoitza bere lekuan uzten dute eta dagoeneko argi dago kaltetu egin nahi zutela Gipuzkoako Foru Aldundiak duen sozietate publiko bideragarriena eta errentagarriena”
  

1716