Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Europako irizpideekin “guztiz lerrokatutako” proiektuak mahai gaineratu ditu Gipuzkoak

Europako irizpideekin “guztiz lerrokatutako” proiektuak mahai gaineratu ditu Gipuzkoak

Foru Aldundiak begi onez ikusi du erkidego mailako idazkaritza teknikoaren eraketa, eta herri ikuspegiarekin jokatzeko unea dela nabarmendu du.

Gipuzkoako Foru Aldundia buru-belarri ari da lanean COVID-19 osteko berreraikipenerako Europak Batasunak iragarri dituen funtsetara proiektu lehiakorrak aurkezteko. “Pandemia osteko etorkizuna berdea eta digitala izango dela ezarri du Europak, eta Gipuzkoak, gaur gaurkoz, irizpide horiekin guztiz lerrokatuta dauden ekimenak ditu mahai gainean. Proposamen sendoak ditugu, hasieratik gure etorkizuna eraikitzera bideratuak”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak. Gogoratu duenez, Europako funtsek “milioi euro asko mugituko dituzte” eta, honen aurrean, erronka nagusietako izango da baliabide hauek guztiak xurgatzeko gaitasuna izan eta ongi kudeatzeko gaitasuna izatea. “Eta argi dago Gipuzkoan, ez bakarrik Aldundi bezala baizik eta lurralde gisa, badugula gaitasuna bai proposatutako proiektuak errealitate bihurtzeko zein jasotzen ditugun baliabideak modu egokian kudeatzeko”, aldeztu du.

          Hedabideen aurrean agertu da gaur Mendoza, astero bezala, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien eta landu diren gaien berri emateko. Gogoratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundia 2016 urtean hasi zen lurraldearentzako agenda politiko berria lantzen eta, ordutik hona, “orain Europak guztioi ezarri digun norabidean ari gara lanean”. Gaur gaurkoz, Aldundiak 31 proiektu ditu esku artean, guztira 1.020 milioi euroko inbertsioa izango luketenak, baina foru bozeramaileak argi utzi nahi izan du zerrenda behin behinekoa dela. “Egunero ari gara lurraldeko eragile nagusiekin elkartzen, proiektu berriak identifikatu, jada identifikatutakoak indartu eta eragile berriak erakarri eta proposamenak jasotzeko ahaleginean”, esan du.

          Azaldu duenez, behin behineko zerrenda hau irailean igorri zitzaion Jaurlaritzari. Hemen, eta erakunde honek eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru aldundiek atzo adostu zutenez, idazkaritza teknikoa eratuko da, erkidego mailan Europako funtsetara aurkeztuko diren proiektuak analizatu eta ebaluatzeko. Mendozak begi onez ikusi du elementu honen eraketa eta, gaineratu duenez, “herri ikuspegiarekin” jokatzeko unea da, elkarlanean aritu eta erakundeen arteko lankidetzaren bitartez euskal gizartearen onura bilatuz. “Hau da, askotan esan ohi dugun bezala, eta aldezten dugu gobernantza ereduari jarraiki, elkarlana funtsezkoa da hemen ere: abagune historiko baten aurrean gaude, asmatuz gero krisialditik oso ongi kokatuta atera dezakegu Gipuzkoak eta Euskadik, eta horregatik herri bezala jokatzeko unea da”, nabarmendu du.

          Oraingoz jaso diren 31 proiektu hauek zazpi talde nagusitan sailka daitezke. Lehen taldean proiektu estrategikoak eta erreferentzia zentroak daude, gehienak Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan jaio direnak. “Gipuzkoak bere etorkizuna eraikitzeko ahaleginean funtsezkoa piezak dira, gogoratu du Mendozak. Talde honetan daude, esaterako, Elkar-EKIN LANEAN, enpleguaren bitartez gizarteratzea helburu duen proiektua; MUBIL, Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroa; Adinberri, zahartze osasuntsua bultzatzeko estrategia; Naturklima, klima aldaketaren gaia jorratzen duena; ZIUR, Gipuzkoako zibersegurtasun industrialeko zentroa; Koldo Mitxelena; LABe, gastronomia digitaleko laborategia; 2deo, euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza sustatzeko zentroa; eta Badalab, euskara arloko ekimena.  

Bigarren multzoa Gipuzkoa Digitala deritzona da. “Europak pandemia osteko mundurako ezarri duen irizpidetako bat da “digitalarena” eta, horri jarraiki, gure gizartea, enpresak eta erakundeak digitalizatzen jarraitzeko proiektuak jasotzen ditugu hemen. Aukera bikaina da arlo honetan sekulako aurrerapausoa emateko”, nabarmendu du Mendozak. Hemen kokatzen dira, esaterako, banda ultra azkarra Gipuzkoako baserri guztietara hedatzeko proiektua, 4.0 administrazioan sakontzea edota adimen artifiziala eta teknologia sistemen ezarpenarenak. Hirugarren taldea mugikortasun jasangarri eta adimentsuarena da, “gure errepide sareko azpiegitura eta zerbitzu kritikoetan hobekuntzak egiteko proiektuak jasotzen direlarik hemen”. Errepideen hobekuntza ingurumenaren ikuspegitik eta bidegorri sarea hedatzen jarraitzea lirateke hemen jasotako proiektuetako batzuk.

Laugarren multzoa lehiakortasuna eta lurralde kohesioa hobetzeko azpiegiturena da. “Gure errepide sarea hobetzean datza kapitulu hau, honela eskualdeak, udalerriak, industriaguneak… hobeto lotzeko”, esan du Mendozak. Hemen jasotzen diren proiektuen artean daude N-1 eta A-15ren lotunea Andoainen, 27 poligonorako sarbideak hobetzea edota Azkoitia-Urretxu errepidea hobetzeko egitasmoa. Bosgarren esparrua gizarte politiken arloan kokatzen da eta, Adinberri estrategiaren aterkipean, egoitza eredu berrirako bidea egitea helburu duten proiektuak dauden, “egoiliarrak etxean bezala egoteko estrategia horretan sakonduz”. Seigarren alorra ingurumen jasangarritasunarena da eta, kasu honetan, Naturklima estrategiaren testuinguruan, ingurumena babestu, energia aurreztu eta Gipuzkoa berde eta jasangarriagoa eraikitzeko ekimenak aurreikusten dira.  Azkenik, zazpigarren lerroa Pasaialdearen biziberritzearena da. “Eskualde hau berreskuratzea gure lehentasun nagusien artean dago, eta horrela dator jasota Europara bideratu nahi dugun proposamenean ere”, esan du bozeramaileak. Adinberri (Trintxerpen izango du egoitza nagusia), Albaola eta Ospitalilloko eremua berreskuratzea esku hartzeak bezalako proiektuak jasotzen ditu Aldundiak multzo honetan.

 

Enpresen salmentak

Bestalde, hilero bezala, Gipuzkoako foru Ogasunak hilero argitaratzen du txostena aztertu da Kontseiluan, lurraldeko enpresen osasunaren jarraipena egiteko zenbait adierazle jasotzen direlarik bertan: salmentak, esportazioak, enplegua, soldatak… Berezia da hilabete honetako txostena, bi hilabete jasotzen dituelako, uztaila eta abuztua. “Hileroko txosten hau erreminta garrantzitsua da Aldundiaren esparru ekonomikoan, gure ehun ekoizlearen termometro ona baita”, adierazi du Mendozak. Espero bezala, abuztura arteko datuak negatiboak izan dira, eta honenbestez urteko lehen zortzi hilabeteetako datu metatuak honela geratzen dira, aurreko urteko epe berdinarekin alderatuta: salmenta osoek %14 egin dute behera, barrukoak %12 eta esportazioak %17,8 erori direlarik. Inportazioak ere negatiboan dauden, %18,4 murriztu baitira, eta baita ere enplegua (-%2,1) eta soldatak (-%4,1) ere.

“Datu metatu hauetan nabaria da nahitaezko konfinamenduari eta alarma egoerari lotutako neurriek izan duten eragina mugikortasunaren eta jardueraren gainean. Aldagai gehienek erakusten duten bilakaera profila berdina da: beherakada txiki bat martxoan, gehienezko jaitsiera apirilean eta hortik aurrera gero eta beherakada txikiagoak. Horrela, salmenta osoak %9,1 jaitsi dira uztailean eta %10,6 abuztuan, eta metatua -%14 inguruan egonkortu da”, azaldu du foru bozeramaileak. “Enplegu eta soldatei buruzko datuei dagokionean, beherakada txikiagoa da, oraindik ere ERTEen baldintzapean baikaude: abuztuan, Gipuzkoan 8.000 inguru zeuden, eta uztailean 10.000 baino gehiago”, gogoratu du Mendozak.

          Gaineratu duenez, datuei erreparatuta argi geratzen da COVID-19 gaitzak eragin duen ezohiko egoerak “ondorio latzak” izaten ari dela gure ekonomian. “Hortik, Gipuzkoako Foru Aldundiak hizki larriz azpimarratu dituen bi lehentasun nagusiak, COVID-19 ondorengo agertokirako: gizarte politika eta ekonomia sustapena. Gure erakundeak bere esku dagoen guztia egingo dugu, hortik adibidez diputatu nagusiak Politika Orokorreko Plenoan iragarri zuen ekonomia berpiztu eta bultzatzeko plana. Gure ongizate mailari eustea dago jokoan eta, horregatik, norabide horretan jarraituko dugu lanean”, aldeztu du.

 

Lehentasunezko jarduerak

Hirugarren gai bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak urtero onartu ohi duen lehentasunezko mezenasgo jarduerei buruzko dekretua onartu da. “Hau da, lurralde ikuspegitik, interes orokorreko xedeen esparruan lehentasunezkotzat jotzen diren mezenasgo jardueren zerrenda egiten dugu urtero. Lehentasunezko jarduera horiei egiten zaizkien ekarpenek, gero, zerga hobariak izaten dituzte. Kasu honetan, %30eko hobaria PFEZan, eta Sozietateen gaineko Zergaren kasuan ekarpena gastu bezala hartzen et %18ko hobaria ezartzen da”, zehaztu du Mendozak.

Aurtengo lehentasunezko jarduera hauek sei multzo handitan sailkatzen dira. Lehenik eta behin, gizarte politiken arloan, honako arlo hauek bultzatuko dira: desgaitasun edo bazterkeria arriskuan daudenen gizarteratzea; mendekotasun, desgaitasun edo bazterketa egoeran daudenei laguntza formula berria; ikerkuntza eta berrikuntza… Bigarren lerroa kirolarena da, eta hemen eskola kiroleko jarduerak eta Gipuzkoako elkarte, selekzio eta kirolariek txapelketetan parte hartzea sustatuko da (izaera ez profesionala dutenak). Hirugarren multzoan kulturarena da, eta hemen nazioarteko kultur proiektuen prestaketa jaso da zerrendan. Atal honetan, kontutan hartu behar da Gipuzkoan badela beste Foru Arau bat, espresuki kultur mezenasgoa arautzen duena.

Laugarren lan lerroa euskararena da: euskararen erabilera soziala sustatzeko programak, IKT erabili edukiak euskaraz hedatzeko proiektuak, tokiko hedabideak… Bestalde, bosgarren esparrua sustapen ekonomikoaren eta berrikuntzarena da: ikerketa eta esperimentazio lana ahalbidetzen duten jarduerak (nanozientziak, nanoteknologiak, fabrikazio aurreratuko ikerketa jarduerak…) edo jarduera hauetakoren bat beren helbururen artean dituzten entitateak. Azkenik, seigarren jarduera talde bezala, suteen aurkako lanaren arloan trebatzea eta prestatzea xede duten irabazi asmorik gabeko entitate pribatuek garatutako jarduerak eta programak ere jasotzen dira lehentasunezko jarduera hauen artean.

 

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du bozeramaileak. Adinekoen egoitzetako erabiltzaileen kasuan, 63 kasu positibo daude, bost egoitza desberdinetan: 9 Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitzan, 4 Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzan, 26 Donostiako Alai-Etxen, 23 Bergarako Mizpirualden eta beste bat La Paz egoitzan, hau ere Donostian. Hauetatik 11 lagun ospitaleratuta daude, eta beste 40 Eibarko Ospitaleko planta sozialean (bertan artatzen dira COVID-19 gaitzagatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak). Abuztuaren 11tik hona (orduan atzeman zen bigarren olatuko lehen positiboa), 26 egoiliar zendu dira eta 45 sendatu.

Adinekoen egoitzetako langileen kasuan, egun 55 daude positiboarekin, 14 egoitza ezberdinetan, eta bigarren olatu honetan jada 74 dira gaitza gainditu dutenak. Eguneko zentroei dagokionean, azken astean 6 positibo berri atzeman dira eta, desgaitasuna dutenei arreta ematen zaien baliabideetan 2 positibo berri daude. Gizarte inklusio sarean ez da positibo berririk atzeman, eta ezta ere adingabeen sarretarako baliabide sarean ere. Azkenik, PCR frogei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, jada 16.386 proba egin ditu, pasa den astean bakarrik 1.239.

  

2222