Uraren Munduko Eguna
Uraren Munduko Eguna
Europako ur saneamenduko sistema onenetako bat dauka Gipuzkoak
Ekitaldi honetan Foru Aldundiak Gabiria, Mutiloa eta Beizamako saneamendu lanak hasiko ditu, baita uraren kudeaketa eraginkorra eta efizientea lortzeko hkitalainbat azterlan eta lan tekniko ere.
2003tik 2016ra uraren kontsumoa biztanleko %25a jaitsi da azpiegiturei eta erabilera arduratsuari esker.
Uraren Munduko Eguna dela eta, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak eta Paco Alonso Obra Hidraulikoetako zuzendariak Gipuzkoako uraren eta azpiegitura hidraulikoen egoera azaldu dute. Asensiok ziurtatu du Gipuzkoa aurretik doala gai honetan, 80ko hamarkadan hasi eta gaur egun arte azpiegitura garrantzitsuak eraiki baitira.
Asensiok gogorarazi du iaz Añarbeko eta Txingudiko mankomunitateek, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak eta Foru Aldundiak egun hau ospatzeko konpromisoa hartu zutela, martxoaren 22a Uraren Munduko Eguna deklaratzen zuen Nazio Batuen ebazpenaren helburuak bere eginez, arreta nagusia ur gezaren garrantzian eta bere kudeaketa jasangarriaren defentsan jarrita. Aurtengo jardunaldia hondakin uren tratamenduaren eta berrerabilpenaren ingurukoa da.
Aurreko urtean adostutakoa betez, udalak eta mankomunitateak urarekin zerikusia duten hainbat jarduera eta ate irekiko jardunaldi egiten ari dira, eta Foru Aldundiak egun hau baliatu du azpiegitura hidraulikoen egoeraren berri emateko, etorkizuneko erronkak azaltzeko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako Departamentuak herritarrei eskaintzen dizkien web eta app berriak aurkezteko.
Duela urte batzuk hornidura arazoak eta ur mozketak ohikoak ziren udan, eta Gipuzkoako ibaiek etxeetako eta industriako hondakin ura eramaten zuten itsasorantz, inolako arazketarik egin gabe.
Gaur egun, Gipuzkoako uraren sistema honela osatuta dago: 9 urtegi, lurpeko ura hartzeko 12 putzu, 19 araztegi, 14 aforaleku eta milaka kilometro hodi eta kolektore. Azpiegitura hidraulikoen maila hori lortzeko inbertsio handia egin behar izan da 30 urtetan, 1.200 milioi euro; eta horri esker ezagutza handia metatu ahal izan da datozen urteetan ere hobetzen jarraitzeko eta Gipuzkoa punta-puntako lurraldeen artean kokatzeko ur gaietan.
Asensiok adierazi duenez 2003tik 2016ra uraren kontsumoa biztanleko %25a jeitsi da azpiegiturei eta erabilera arduratsuari esker.
Iaz Aramako eta Altzagako saneamendu lanak egin ziren, baita Aiako saneamenduaren 2. fasea ere. Halaber, Zizurkilgo Saulate depositua berritu zen eta zenbait aforaleku hobetu ziren.
Ekitaldi honetan Foru Aldundiak Gabiria, Mutiloa eta Beizamako saneamendu lanak hasiko ditu, baita uraren kudeaketa eraginkorra eta efizientea lortzeko hainbat azterlan eta lan tekniko ere.
Bestalde, Asensiok uraren Gipuzkoako web berria www.gipuzkoahidraulikoak.eus aurkeztu du, eta mugikorretarako aplikazio bat. Web bizi bat da, denbora errealean datu erlatiboak ematen dituena ondorengo gaien inguruan: ibaien emaria, uraren maila eta indarrean dauden alertak, uraren tenperatura, pHa eta mota guztietako datu fisikoak eta kimikoak.
“Uraren kudeaketa publikoaren inguruko gardentasun ariketa bat da, eta bere helburua Gipuzkoako uraren kalitate ona jakinaraztea ez ezik, ur hori hobeto erabiltzeko egin diren obren berri ematea ere bada. Hain zuzen ere, gipuzkoar guztien ahaleginari esker egin ahal izan diren lanak. Solidaritate horri esker, Europako saneamendu sistema onenetako bat daukagu. Informazio hori eskaini ahal izateko ezinbestekoak dira ditugun 14 aforalekuak, 86 laginketa puntuak eta 5 euri-neurgailuak, horien kokapena mapan ikus daitekeelarik”.
Azkenik, Asensiok adierazi du Gipuzkoak bat egiten duela Uraren Munduko Egunaren hiru helburu nagusiekin: urak gizarte ongizateari eta ekonomiari egiten dion ekarpena nabarmentzea; leku askotan ur eskasiak giza eta ekonomia garapena mugatzen dituela salatzea; eta, adieraztea uraren kudeaketa jasangarrian aurrera egiteko ezinbestekoa dela gizarte osoaren kontzientziazioa.
1498