Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Euskal erakundeek estrategia bateratua adostu dute Zumarragako lantokiaren itxiera partzialaren aurrean

Euskal erakundeek estrategia bateratua adostu dute Zumarragako lantokiaren itxiera partzialaren aurrean

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zumarragako Udalak Urola eskualderako industria-plan bat aurkeztea eskatuko diote Arcelor enpresari. Halaber, Arcelor Europari informazioa eskatuko diote, altzairu-estrategia argitu dezan; izan ere, ixtea erabaki duen lantoki guztiak Euskadin daude

Euskal erakundeen ordezkariak premiaz bilduta egon dira gaur goizean, batera aztertzeko atzo Arcelor enpresak jakinarazitako erabakia, hain zuzen, Zumarragako lantokiaren itxiera partziala.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak, Gipuzkoako Sustapen Ekonomikoko diputatu Ainhoa Aizpuruk eta Zumarragako alkate Mikel Serranok estrategia bateratua adostu dute, bakoitzaren eskumenak eta aukerak batuta. Horrela, eraginkorragoak izan nahi dute Euskadin eta, bereziki, Urola Garaian kezka eragin duen egoeraren aurrean.

Arcelor enpresaren azken erabakien arrazoiak aztertuta, euskal erakundeen iritzian, Euskadin kokatutako lantokiak bakarrik gerarazteko edo zati batean ixteko erabakiak ez du ez hanka ez bururik. Horrenbestez, Arcelorren «altzairu luzeen» lerroko Europako arduradun nagusiarekin, harremanetan jartzea adostu dute, eta euskal erakundeen desadostasuna adieraziko diote Zumarragako lantokiaren itxiera partziala dela eta. Halaber, kezka adieraziko diote, enpresak hartutako azken erabakiek Euskadiko lantokiei bakarrik eragin dietelako.

Hiru erakundeen iritzian, Arcelor enpresari dagokio atzo jakinarazitako erabakia doitzea eta enpresa-, ekonomia- eta gizarte-ikuspuntutik erantzukizun handiagoz jokatzea. 

Horrenbestez, eta gizartearekin konprometitutako enpresa delakoan, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zumarragako Udalak Arcelor enpresaren zuzendaritzari eskatuko diote plan bat egin dezala, langileak birkokatzeko proposamenaz gain, udalerrian eta lurraldean oinarritutako industria-garapeneko lerro bat ezartzea ere barne hartuko duena. 

  

2278