Euskararen erabilera normalizatzeko VI. plana onartu du Foru Aldundiak
Euskararen erabilera normalizatzeko VI. plana onartu du Foru Aldundiak
Proaktiboak izango gara Foru Aldundian euskara lan hizkuntza nagusia bilakatu dadin”, dio diputatu nagusiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskararen erabilera normalizatzeko VI. plana onartu du, euskara lan hizkuntza nagusia bilakatzeko xedearekin, eta hiru printzipio uztartuta: hizkuntza hautuaren askatasuna, hizkuntza berdintasuna, eta justizia soziala. Erabaki horren bidez, 2018-2022 urteetako jardun linguistikoa arautu da; eta idazketan, lehen aldiz, hainbat langileren iradokizunak jaso dituzte partaidetza prozesu emankor bat eginda. Erabakiaren oinarrian hizkuntza berdintasunaren bidean sakontzen jarraitzeko determinazioa dago. Horren harira, Aldundia “proaktibo” izango da “euskara lan hizkuntza nagusia izan dadin”, adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak gaur goizean egindako prentsaurrekoan, ondoan izan duela Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria.
Halaber, Olanok oroitarazi du Aldundiak gaur egun “bermatu” egiten dituela herritarren hizkuntza eskubideak, “herritarra baita harremanetarako hizkuntza hautatzen duena eta langileak hautu hori errespetatu egiten du”. Hori dela eta, zerbitzu hizkuntza izatearen langa gainditu eta euskara lan hizkuntza nagusi bilakatzeko jardun horretan “indar” egitea erabaki du Aldundiak. Diputatu nagusiak zehaztu du plangintzak “hiru printzipio” uztartzen dituela: “hizkuntza hautuaren askatasuna, hizkuntza berdintasuna, eta justizia soziala, alegia, euskarak makina bat urtetan jasandako erasoak eta diglosia egoera orekatzeko beharra”.
Olanok azpimarratu duenez, Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak berriki egindako neurketen arabera, euskara ezagutza maila “altua da langileen artean, %80tik gora baitaki euskara ongi edo oso ongi eta, gainera, hizkuntza eskakizunen bat esleituta duten lanpostuetako langileen %80k baino gehiagok baitauka dagokion hizkuntza eskakizuna edo altuagoa. Beraz, oro har, Aldundiko langileriak euskara maila ona du”. Alabaina, ohartarazi du erabilera ez da, oraingoz, maila berekoa””. Gaineratu du, “neurri handi batean hori “lan dinamikekin lotuta” dagoela eta ohitura horiek dira, hain zuzen, erabaki horrekin “aldatzeko bidean jarri nahi ditugunak, betiere, euskaraz funtzionatuko duen erakundea helburu izanik”.
Esaterako, Aldundia “proaktibo” izango da, euskara lan hizkuntza izan dadin, euskaraz egin daitekeena euskaraz eginda, bilerak, dokumentuak euskaraz sortuta, prestakuntza euskaraz emanda, internet eta baliabide informatikoetan, jendaurreko ekitaldietan, etab”.
Partaidetza prozesua
Hori horrela, ahalik eta erabaki osoena izan dadin eta ahalik eta langile gehienek erabakiaren edukia bere egin dezaten, Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak erakundeko langileen ekarpenak jaso nahi izan ditu, eta bost urteko plangintzaldia izanik ere, eta legeak halakorik ezartzen ez badu ere, “sei hilabeteko epean onartu da”, nabarmendu du Mendizabalek.
Horren harira, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak nabarmendu du partaidetza prozesu hori aurreko plangintzaldietan “inoiz egin gabea” dela, planaren ikuspegia, edukiak eta orientabidea gure teknikariekin eztabaidatzeko eta haien ekarpenak jasotzeko xedez”. Partaidetza prozesuaren abiapuntua honakoa izan da: Zer egin genezake elkarrekin euskara izan dadin Gipuzkoako Foru Aldundiaren lan hizkuntza nagusia? Eta hortik abiatuta, Herritarren Partaidetzarako Foru Zuzendaritzarekin batera eta departamentu guztietako “hainbat teknikariren, sindikaturen eta ordezkari politikoren iradokizunak jaso ditugu”, azaldu du Mendizabalek; baita gehitu ere partaideak “103 teknikari izan direla (A eta B sailkapen taldekoak); 56 emakume eta 47 gizon, hain zuzen”.
Partaidetza prozesua emankorra izan delarik, eta, ekarpen horietatik abiatuta, 23 ekarpen hartu ditu Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak, batzuk “araubidearekin lotutakoak; beste batzuk, aldiz, planaren aplikazioarekin erlazionatutakoak”, esan du Mendizabalek.
Amaitzeko, diputatu nagusiak gehitu duenez “datozen urteotan “%100ra gerturatuko gara Aldundiko langile euskaldunei dagokienez; baina, esan bezala, euskara lan hizkuntza bihurtu behar dugu, herritarren bizikidetza hobetzeko jomugari eutsi diezaiogun”.
1843