Euskararen erabilera soziala bultzatzeko diru laguntzak % 11,6 handitu ditu Foru Aldundiak
Euskararen erabilera soziala bultzatzeko diru laguntzak % 11,6 handitu ditu Foru Aldundiak
Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak 2,8 milioi euro bideratuko ditu sustatze proiektuak, prestakuntza, tokiko planak eta euskarazko hedabideak bultzatzera
Euskararen erabilera soziala bultzatzeko diru laguntzen aurtengo deialdia onartu zuen atzo Diputatuen Kontseiluak. 2,8 milioi euro pasatxo (2.880.998) bideratuko ditu Foru Aldundiak laguntza horietara, prestakuntza eta tokiko planak sostengatzera eta euskarazko hedabideak bultzatzera, besteak beste. % 11,6 igo da diru kopurua, 2017koaren aldean. Hizkuntzaren erabilera indartzeko lanean diharduten elkarte, erakunde eta norbanakoek jaso ahalko dituzte laguntza horiek, Imanol Lasa foru bozeramaileak gaur jakinarazitakoaren arabera. “Inbertsio inportantea da, euskara bizi nahi dugulako kalean, eguneroko bizimoduaren esparru guztietan, eta orain eta datozen urteetan hartzen ditugun neurriak erabakigarriak izango direlako horretarako. Hemen ere, berrikuntza eta irudimena funtsezkoak izango dira”.
Pauso horiek, euskalgintzako eragileekin eta beste erakundeekin elkarlanean ematen jarraitu nahi du Foru Aldundiak, “agente aktibo bilakatuz”. Hori dela-eta, 2017an euskalgintzaren sektorearekin egin zen partaidetza prozesuaren emaitzak eta ondorioak aplikatu dira 2018ko diru laguntzetan. Besteak beste, euskal hiztunen aktibazio ekintzak eta programak, bereziki Euskaraldia, indartzeko neurri zehatzak daude diru laguntza hauetan, batez ere euskara elkarteei eta udal erakundeei emango zaizkien laguntzetan. Euskarazko hedabideei dagokienez, nabarmendu behar da lehen aldiz Foru Aldundiak egunerokoak sartu dituela laguntza esparruetan.
Gipuzkoa “ezberdintasun ahalik eta txikienak” dituen lurraldea izateko lanean ari da foru erakundea, eta bide horretan, ekonomia, gizarte eta generoaren alorrean egiten ari den ahaleginaren ildotik, hizkuntzaren esparruan ere “apustu sendoa” egiten du. “Berdintasun hori modu praktikoan gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da euskararen erabilera bultzatzea. Hau da, euskararen arnasgune bezala ezagutzen diren horiek indartu eta zabaltzea, herritarrek euskara erabili ahal izan dezaten informatzeko, aisialdirako, eguneroko lanerako eta bizitzarako”, azaldu du Lasak.
Ildo horretan, Gipuzkoako gizartean euskararen erabilera bultzatzea da Foru Aldundiaren helburu eta konpromisoetako bat, gisa horretan aukerak berdindu asmoz eta hiztunen arteko berdintasuna sustatuz. Testuinguru horretan egiten da urtero hizkuntzaren erabilera soziala bultzatzeko diru laguntza deialdia. Laguntzak helburu askotarikoak dira: euskararen erabilera soziala hedatzeko jarduerak, ikus-entzunezkoetan euskararen erabilera bultzatzea, udaletan euskararen normalizazio programak garatzeko laguntza, edota euskarazko toki hedabideen jarduerak laguntzea, esate baterako.
Hain zuzen, laster GAOn argitaratuko den deialdi honetara eskabideak egiteko aukera izango dute:
1. Euskara sustatzeko proiektu eta jarduerak.
2. Lantokietan prestakuntza aldiak euskaraz egitea.
3. Euskararen erabilera soziala normalizatzeko tokiko planak.
4. Itzulpen praktikak egiteko bekak.
5. Gipuzkoan euskaraz emititzen duten toki telebistak.
6. Informazio eta komunikazio teknologiak erabiliaz, edukiak euskaraz hedatzeko proiektuak.
7. Gipuzkoan euskaraz emititzen duten irratiak.
8. Euskarazko aldizkako argitalpenak.
9. Euskarazko toki hedabideen esparruko lankidetza proiektuak.
Oinarrien aldetik, azpimarratu behar da eskakizun zehatzago eta zorrotzagoak ipini direla, diruz laguntzen direla jardueretan eta produktuetan gizonen eta emakumeen arteko berdintasun ikuspegia hobeki jasoa izan dadin. Besteak beste, legeak berdintasun plan bat egitera behartzen dituen enpresa eta erakundeen kasuan, ez da eskaerarik onartuko berdintasun plana aurkeztu ezean.
Euskararen biziberritze prozesua “bidegurutzetik” ateratzeko, “elkarlana” aldarrikatu du foru bozeramaileak, duela gutxi Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek, Nafarroako Gobernuak, Iparraldeko Mankomunitateak, eta gure hizkuntza bultzatzeko lan egiten duten eragile, entitate eta elkarte nagusiek onartutako adierazpenari helduz. “Euskarak lankide nahi eta behar gaitu, egunero. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana”.
Diru-bilketa % 11,3 hazi zen Gipuzkoan 2017. urtean
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasunak 4.670 milioi euroko bilketa likidoarekin itxi zuen 2017. urtea, hau da, aurreko ekitaldian baino 473 milioi gehiago (+ % 11,3). Zenbateko hori aurrekontuan zehaztutakoa baino 292 milioi euro gehiago da, eta azkeneko Finantzen Euskal Kontseiluak bilketari buruz egindako aurreikuspena baino 23,6 milioi gehiago. Hala ere, gogoratu behar da ekitaldiaren behin betiko likidazioa otsailean egingo den Finantzen Euskal Kontseiluan adostuko dela.
Foru bozeramaileak azaldu du bilketa kopururik onena izan dela, aurreko ekitaldietakoak ere nabarmen gainditzen baititu. Igoera horren arrazoi nagusienen artean, Lasak bi arrazoi hauek azpimarratu ditu: alde batetik, ekonomiaren indartzea eta, bestaldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen eta Espainiako gobernuaren artean Kupoaren inguruan lortutako akordioa. Gainera, hazkundeak eragina izan du zerga nagusi gehienetan, eta horrek argi uzten du, Lasaren iritziz, Foru Aldundiak ekonomia sustatzeko egin duen apustua bide onean doala.
Zerga zuzenen kapituluari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren bilketa % 6 igo da, eta azpimarratu behar da % 4,2 igo dela kontzeptu nagusian, hau da, lanaren etekinen gaineko atxikipenean. Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, Gipuzkoak ekitaldirik onena itxi du 2009az geroztik, % 10,3ko igoera izan baita zerga horretan orokorrean.
Zeharkako zergei dagokienez, kudeaketa propioko Balio Erantsiaren gaineko Zerga % 2,1 igo zen, eta zerga berezien bilketa, berriz, % 2,5; nolanahi ere, azpimarratzekoa da Hidrokarburoen gaineko Zergak izan duen % 6ko igoera. Azkenik, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren inguruan Estatuarekin izandako doikuntzei dagokienez, 282,8 milioi euro gehiago bildu ziren 2017an, Euskal Autonomia Erkidegoren eta Madrilgo Gobernuaren artean Kupoaren dibergentzien inguruan lortutako akordioari esker.
Egonkortze lanak N-1 errepidean
Bestalde, N-I errepidean, Irun-Gasteiz noranzkoan, Itsasondo parean dagoen betelana egonkortzeko proiektua onartu zen atzoko bilkuran. 509.867,94 euroko kostua edukiko du eta obren aurreikusitako epea lau hilabetekoa da. 80 metro luze eta batez beste 8 metro altu ditu betelanak, eta asko deformatu da. Kontuan hartuta garai honetan euri asko egin ohi duela, eta zaparrada handi eta etengabeek lerraduraren mugimenduak azeleratu ditzaketela, erabaki da proiektua urjentziaz tramitatzea, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Horrez gain, errepidearen zati horretan ibilgailuen zirkulazio intentsitatea handia da –eguneko batez bestekoa 30.000 ibilgailutik gorakoa–. Gasteizko noranzkoko galtzada itxi eta zirkulazio guztia kontrako noranzkora bideratu behar izatea saihestuko da horrela, aldi berean.1640