Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Ez da heriotza berririk atzeman azken orduetan Gipuzkoako egoitzetan

Ez da heriotza berririk atzeman azken orduetan Gipuzkoako egoitzetan

Aita Menniren lankidetzarekin, Aldundiak aholkularitza saioak eskaini dizkie adineko pertsonen 65 egoitzei.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko adineko pertsonen egoitza zentroetan Covid-19aren hedapenaren inguruan egiten duen eguneroko balantzeari dagokionez, Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi du, azken orduetan ez dela ez heriotzarik, ezta kasu positibo berrirk ere atzeman bosgarren egunez jarraian; aldiz, lagun bat gehiago sendatu da Donostiako Berra egoitzan. Beraz, gaur arte, 272 lagunek jaso dute mediku alta, gaixotutakoen ia erdiak, 162 pertsona hil dira eta 114k jarraitzen dute diagnostiko positiboarekin. Bestetik, 65 zentroz eta 5.425 plazaz osatuta dagoen Gipuzkoako egoitza sarean, guztira 14 dira Covid-19 kasu positibo aktiboak dituzten egoitzak, eta gaixo dauden 114 lagunetatik, 24 Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan ingresatuta daude eta beste 24 ospitalean.

Aholkularitza

“Elkarlana giltzarria izaten ari da birusaren aurkako borrokan; lankidetza estuan ari gara lanean egoitza zentroekin, hirugarren sektoreko eragile, enpresa eta entitateekin, osasun profesionalekin, Osakidetzarekin, udalekin…”. Elkarlan horren emaitza dira, bozeramailearen hitzetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aita Mennirekin lankidetzan, lurraldeko egoitza guztientzat antolatu dituen formakuntza saioak.

            Guztira bost saio antolatu dira, lehen hirurak gaur egin dira eta gainontzekoak bihar izango dira. Helburu dute Covid-19aren inguruko aspektu ezberdinen kudeaketaren inguruko aholkularitzan eta formakuntzan sakontzea, esaterako, kontingentzia planen aplikazioa eta gaur arte hartutako neurrien errepasoa, baita ere hondakinen kudeaketa, NBEen erabilera eta kentzea, zentroen sektorizazioa, barne-zirkuituen kudeaketa, etab.

            Lehenik, Aldundiak adinekoen egoitzei zuzendutako saioak antolatu zituen Matia Fundazioaren eta Osakidetzaren laguntzarekin, eta oraingoan, talde txikiagoetan, Aita Menniko zuzendari gerentea den Mikel Tellecheak, bertako teknikariek eta Aldundiko Gizarte Politikako departamentuko ikuskaritza zerbitzuko teknikariek, orain arte landutako alderdietan sakondu dute, xede dutela egoitza zentroetako ekipo profesionalak laguntzea eta dituzten galdera eta zalantzak argitzea.

            Saio hauek, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundia, Aita Menniren lankidetzarekin, egiten ari den jarduketaren testuinguruan kokatzen da, non Gipuzkoako egoitza guztiei aholkularitza indibidualizatua eta presentziala ematen ari den. Zentzu horretan, Aita Mennik bisitatu ditu behin gutxienez egoitzak eta Covid-19aren hedapenaren prebentziorako edota eusterako beharrezkoa den laguntza eman zaie.

  

1655