Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Fagor Taldeak jasoko du 2021eko Abbadia Saria

Fagor Taldeak jasoko du 2021eko Abbadia Saria

Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, kooperatiba taldea lan munduan euskararen sustapenaren “adibide aurreratua” da, “zabaldu beharreko eredua”

Fagor Taldeak jasoko du 2021eko Abbadia Saria, epai mahaiak hala erabakita. Horrela iragarri du gaur Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak. Ohitura den bezala, abenduaren 1ean, Euskararen Nazioarteko Egunaren ataritan, jasoko du irabazleak saria, Foru Jauregian egingo den ekitaldian. “Sari honekin, Fagor Taldeari aitortza egin nahi zaio, ehunka langile ari direlako euskara batzordetan ahaleginean eta milaka langile hartzen dituelako ekimenak”, azaldu du Mendozak. Anton Abbadia saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen 1996an, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten pertsona eta elkarteak saritzeko asmoz, eta gaur egun arlo honetako errekonozimendu garrantzitsu bihurtu da. 


Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Abbadia Sariaren irabazlearen inguruan, azaldu du honen bitartez Fagor Taldearen hainbat ezaugarri azpimarratu nahi izan direla. Alde batetik, euskararen sustapena enpresa-kudeaketaren ardatzean jarri dutela, hizkuntza kudeaketan urrats esanguratsuak emanda, berrikuntza eta sormen kolektiboa landuz. “Talde osoan aritu dira ikuspegi sistemikoarekin, hizkuntza ohituretan eragiten duten aldagai guztiak identifikatzeko eta horietan eragiteko. Eta, gainera, enpresa erantzukizunean oinarritu dute euskara sustatzeko diskurtsoa”, esan du. Honenbestez, Mendozak esan du Fagor Taldea lan munduan euskararen sustapenean “adibide aurreratua” dela, “zabaldu beharreko eredua”. 
Foru arduradunak gaineratu du lan munduan hizkuntza berdintasuna sustatzea, euskara suspertzeko arloan landu beharreko lehentasunezko esparruetako bat dela. Testuinguru honetan, sariaren bitartez Fagor Taldearen erreferentzia ezagunago bihurtu nahi da, honela gainerako enpresei laguntzeko euskararen aldeko ahalegin horretan. Gaur egun 8 kooperatibek osatzen dute Fagor Taldea, eta 4.000 langiletik gora ditu. Hauetatik, 150 lagun daude Euskara Batzordetan. 70. hamarkadan abiatu zuen kooperatibak euskalduntzeko prozesua, eta Euskara Batzordeak jarri zituzten martxan, euskara eskolak bultzatzen lan handia eginez. 90. hamarkadan, lehen euskara planak abiatu zituzten eta 10 urteko bidean kooperatiba guztietan martxan zeuden.
Azken urtetan kooperatibetako langileek lana euskaraz egiteko aukera bermatzeko lanean dihardute. Horretarako, estrategia ezberdinak jarri dituzte martxan: ulermena ziurtatzea, arnasguneak bultzatzea, euskarari funtzio propioak ematea, euskara enpresako sistemetan txertatzea... “Fagor Taldearen ibilbideak eta gaur egun bizi duen errealitateak argi zuten du erreferentzia bat dela euskararen arloan, egin duenagatik, egiten ari denagatik eta aurrera begira adierazten duen konpromisoagatik”, azpimarratu du. 
Mendozak gogoratu duenez, Anton Abbadia saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen 1996an, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten pertsona eta elkarteak saritzeko asmoz. “Badira euskararen inguruko beste sari batzuk, baina gehienak beste sektore batzuetan ari dira, eta gaian adituak diren pertsonei zuzenduta daude. Nolanahi ere, Anton Abbadia sariak leku handiagoa bete nahi du, euskararen erabilera biziberritu, gizarteratu eta hedatzen duten pertsona eta taldeentzako nolabaiteko aitortza izan nahi baitu”, esan du. “Anton Abbadia gogoratuz, sariak euskaltzaleen topaleku izatea nahi da: sari hau ematearekin batera, euskararen inguruan lan egiten duten pertsona guztien harremanak indartu eta berritu nahi ditugu, giro hurbil, bero eta alaian”, nabarmendu du foru arduradunak.


Berdintasuna


Bestalde, Kontseiluak gaur onartu du emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzen duten jarduketetarako emakumeen elkarteei eta irabazi asmorik gabeko beste erakundeei zuzendutako 2022ko dirulaguntza deialdia (aurretiazko tramitazioa). Laguntza lerro honetara 410.000 euro bideratuko dira. “Emakumeen elkarteak funtsezkoak dira berdintasun balioa herrietan presente egoteko eta partekatzeko. Emakumeen elkarteek balio erreferentziala badute emakumeen ahalduntze prozesuetan, euren ekimen asko eta asko zentzu honetara zuzenduta daudelako da, ahalduntze indibidual zein kolektiboetara bideratuta”, azaldu du Mendozak. “Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloan aurrerapausoak ematen jarraitzeko ezinbestekoa da gizarte aberastasun hau baliatzea. Ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoa berresten dugu, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorra indartzen segitzeko”, zehaztu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak dirulaguntza deialdi hau urtero egiten du, 2008. urteaz geroztik. Helburua dirulaguntzak emateko emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen duten proiektuei, emakumeen elkarteek eta irabazi asmorik gabeko beste erakundeek aurkeztutakoei laguntzea da. Aurreko urteetan bezala, berariazko bi dirulaguntza lerro aurreikusten dira: barrura begira, elkarteko kideentzat egindako ohiko jarduerak izan, elkarteen barne prozesuak sustatzeko, edo kanpora begira, gizarteari oro har, edo emakumeen talde espezifikoei zuzendutako proiektuak izan, lurraldeko emakumeentzako estrategikoak diren proiektuak sustatzeko. 2020 urtean, barne jardueren alorreko sei proiektu lagundu ziren laguntza lerro honen bitartez, gehienak formakuntzarekin lotuak. Kanpoko jardueren kasuan, berriz, beste 31 proiektu, esaterako, aholkularitza juridikoak emakumeentzat, indarkeria matxistaren kontrako ekimenak edota jabetze eskolak.

 

  

2194