Gipuzkoako bi kultur eragile estatuko kultur erakunde garrantzitsuenen zerrendan lehen aldiz
Gipuzkoako bi kultur eragile estatuko kultur erakunde garrantzitsuenen zerrendan lehen aldiz
Kultura diputatu Denis Itxasoren iritziz, albiste bikaina da Gipuzkoako bi kultur eragile kultur erakunde eta ekitaldi nabarmenen zerrendan agertzea lehenengo aldiz
- Denis Itxasok Tabakalera zerrendan sartu izana nabarmendu du ireki zenez geroztik hiru hilabete besterik igaro ez direnean
Kultura diputatu Denis Itxasoren iritziz, albiste bikaina da Gipuzkoako bi kultur eragile kultur erakunde eta ekitaldi nabarmenen zerrendan agertzea lehenengo aldiz 2015. urtean, La Fabrica Fundación Contemporánea erakundeak plazaratzen duen urteroko barometroaren arabera. Donostiako zinemaldia 6. lekuan ageri da zerrenda horretan, 2014an baino lau postu gorago, eta Tabakalera 45.ean, nahiz eta ireki zenez geroztik hiru hilabete baino ez diren igaro.
“2016an kulturak jauzi kualitatiboa ematen eta pisu espezifikoa lortzen hasi behar du bizitza publikoan, eta eraldaketa eta berrikuntza faktore zein turismoa erakartzeko faktore izan behar du. Txosten horren arabera, Zinemaldia –dagoeneko finkatuta dagoena, eta Espainiako kultur eragile aipagarrienetakoen artean dagoena– zein Tabakalera –lehen urtean zerrendan ageri dena, baina oraindik bide luzea duena– kulturaren gotorleku dira, eta Gipuzkoako kultur ehunaren eragile izan daitezen lortu behar dugu".
“Ireki zutenetik hiru hilabete besterik igaro ez direnean, Tabakalera Espainiako kultur erakunde eta ekitaldi garrantzitsuenen artean sartu izana albiste paregabea da, eta kultur ekipamendu berri horrek duen ahalmena eta sortu dituen espektatibak, eta etorkizunean izan dezakeen proiekzioa azaltzen dizkigu”, adierazi du Itxasok.
Kultura diputatuaren ustez, Tabakalerari eduki gehiago ematea eta kultur sormenaren abangoardian kokatzea da orain erronka. “Kulturaren Behatokiaren hurrengo edizioetan Tabakalera goiko postuetan kokatzea lortu beharko genuke, Zinemaldiaren pare.”
Baina hori ez da Fundación Contemporánea entitateko Kulturaren Behatokiak gaur plazaratu duen datu positibo bakarra.
Horrela, hirien kultur eskaintzaren kalitateari dagokionez, Donostia bi puntu igo da eta 5. tokian dago; kultur programaren berrikuntzaren arloan, berriz, hiru postu igo da eta 6. postura iritsi da.
“Jakina da Donostian kultur eskaintza ugari dugula, era askotakoa, sortzailea, berritzailea eta kultur eragileen aitorpena duena. Eta gure asmoa da eskaintza hori, lurraldean ere nabarmena dena, are gehiago indartzea Foru Aldunditik apustu sortzaileak eta berritzaileenak sustatuz”.
Kultura Behatokiak kontsulta bat egiten du urtero adierazle batzuk finkatzeko: kulturako alorrak, autonomia erkidegoetako eta hirietako kultur jarduera, urteko erakunde eta ekitaldirik aipagarrienak, eta kulturaren aurrekontuen bilakaera.
Galdetegia kulturako esparru guztietako mila profesionali baino gehiagori bidaltzen zaie eta aurten 173 profesionalek erantzun dute.
1437