Gipuzkoako Turismo Festak sektore guztia elkartu du Araetan
Gipuzkoako Turismo Festak sektore guztia elkartu du Araetan
Gipuzkoako Turismo Arloko Berrikuntzaren saria jaso du Itxaspe kanpinak.
Denis Itxaso: “Datuak adierazten dutenez, Gipuzkoako turismoak nazioartekotzeko, urtaroen mende ez egoteko, eta lurralde osoan banatzeko eta orekatzeko joera azaltzen du ".
Foru Aldundiko Kultura eta Turismo Departamentuak Turismo Festa egin du, sektoreko profesionalekin batera, Donostiako Araeta Sagardotegiko lorategietan, eta horrela eman zaio bukaera Gipuzkoarako bikaina izan den beste uda bati. Festa gunean elkartu dira Euskadiko, Errioxako, Nafarroako eta Iparraldeko agentzia hartzaileen, ekitaldiak antolatzen dituzten agentzien, hotelen eta turismo alorreko erakundeen ordezkariak. Alfredo Retortillo Turismoko sailburua ere bertan izan da.
Ekitaldi horretan Turismo Arloko Berrikuntzaren saria jaso du Debako Itxaspe, Camping y Bungalows enpresari, Gipuzkoa bisitatzen duten alor desberdinak hartzen dituen eskaintza berritzaile eta anitzaren bila egindako enpresa-ibilbideagatik. Itxasperi emandako sariak familiako negozio bat aitortu nahi du, ia 30 urtetan etengabeko lanean aritu den negozio bat, berritzeko gaitasuna partekatzen duten eta ingurumen jasangarriaren aldeko konpromisoa duten bi belaunaldiren kargu dagoena.
DEBEGESAK aurkeztutako hautagaitzak argi uzten du Itxasperen ibilbidean beti egon dela berrikuntza. Berrikuntza teknologia esparruan, ingurumen jasangarriaren esparruan, ekipamenduen diseinuan, eta enpresa arteko lankidetzara eta tokiko garapenera zuzendutako formuletan, Euskal Kostaldeko Geoparkea adibidez.
Sari horren bitartez turismoaren ekarpena nabarmendu nahi da aberastasun eta ongizate iturri gisa, modernizazio ekonomikoaren eta berrikuntzaren faktore gisa, eta Gipuzkoak kanpora erakutsi behar duen irudiaren plataforma gisa; izan ere, faktore horiek guztiak sektorearen eremutik haratago daude eta eragin positiboa dute, bai gizartean orokorrean bai aberastasuna sortzeko ibilbidean.
Itxaspe kanpina irekita dago 1988az geroztik eta Gipuzkoako kostaldeko Unesco Geoparkearen bihotzean dago kokatuta, inguru ederrean, itsasora eta Flyscheko labarretara begira. Beraz, inguru natural paregabean dago eta kalitate handiko zerbitzuak ditu: desgaitasuna dutenentzat egokitutako igerilekua, kirol anitzeko pista, haur jolasetarako guneak, bloke sanitarioak, bungalowak, etab. Bertako Natura Bungalowak, bakarrak Estatuko iparraldeko kostalde osoan, lurretik metro batzuk gora daude kokatuta eta, horrela, instalazioek eta inguruak ez dute inolako eraginik ingurumenean. Gama altuko bungalowak dira, familientzako prestatutakoak eta natura errespetatzen dutenak, familiako turismoa erakartzea eta turistak urtaroen mende ez egotea sustatu nahi baita. Turista gehienak Holanda, Erresuma Batutik, Danimarka eta Frantziatik datoz.
Familiako negozioa da, Jon Aguirreazaldegui eta Ana Luisa Zubizarreta senar-emazteak eta Egoitz eta Gorka semeek zuzendutakoa, eta beren enpresa filosofiaren oinarrian dago berrikuntzaren eta naturarekiko errespetuaren aldeko konpromisoa. Euskadiko lehen kanpina izan zen bezeroei wifia eskaini ziona 2002. urtean eta, halaber, Euskadiko lehen gatz-igerilekua jarri zuena. Familia enpresa horren balioen oinarriak dira, batez ere, berrikuntza, jasangarritasuna eta bezeroekiko eta tokiko inguruekiko konpromisoa. Bere ibilbide luzeak eta bezeroen balorazioek berresten dute ahalegin horren balioa.
Denis Itxaso Kultura eta Turismoko diputatuak azpimarratu du 2017. urtea bikaina izan dela, bai Donostian bai Gipuzkoan. Bisitari, ostatu-gau eta hotel okupazioen hileroko datuen arabera, turismoak nazioartekotzeko, urtaroen mende ez egoteko, eta lurralde osoan banatzeko eta orekatzeko joera azaldu du, eta bilakaera horren adierazgarri abuztuko datuak dira; izan ere, Donostiako eremu metropolitanoan ostatu-gauek % 30 egin zuten gora abuztuan. Itxasok esan duenez, oinarriak jarri dira urtaroen mende ez egoteko, batez besteko egonaldiak luzatzeko eta lurralde oreka bultzatzeko.
Dinamika horren barruan gero eta garrantzi gehiago dute atzerriko turistek, eta egoera horrek egiaztatzen du Gipuzkoak gaitasuna duela produktu erakargarri bat merkatuan kokatzeko eta lurraldea nazioarteko destino gisa finkatzeko. Kontuan hartu behar da atzerriko turismoa, 1992. urtean, turismo osoaren % 22,5 zela. Azken aldiko bilakaerak gorako joera hori baieztatzen du; 2009az geroztik, atzerriko turisten kopuruak % 53,8 egin du gora.
“Gure konpromisoa eta gure helburu nagusia da fluxu ekonomikoak eta bisitarien fluxuak kostaldean eta lurraldean orekatzeko eskaintza bat lortzea, eta esan behar dugu aurten jarri direla oinarriak helburu hori lortzeko; izan ere, horretarako, ezinbestekoa da eskualdeen eta erakundeen arteko lankidetza bultzatzea, elkarren arteko apustua egitea destino turistikoaren kalitatearen eta berezitasunaren alde, eta sektoreko eragile guztien artean partekatutako estrategia bat sustatzea. Horiek dira oinarriak, eta oinarri horien arabera eraikitzen ari gara Gipuzkoarako jasangarria izango den turismo politika bat”, esan du.
Datu horiek garrantzi handiko ondorio ekonomikoak adierazten dituzte; izan ere, turismoa bigarren sektore garrantzitsuena da gaur egun, BPGri egiten dion ekarpena % 7,4 baita eta 17.600 zuzeneko enplegu sortu baitu. Beraz, eraikuntza sektorearen aurretik dago eta metalurgia-industriaren maila berean. Itxasoren iritziz, behar bezala kudeatu behar den aberastasun iturri garrantzitsua da turismoa, kalitatezko enplegua sortzeko, gure eskualdeak berpizteko eta, labur esanda, lurralde osorako ongizate eta aurrerapen motorra izateko.
“Datu onak ditugu eta aukera handia, baina funtsezkoa da aukera hori behar bezala kudeatzea inplikatutako sektore guztien artean. Turismo jasangarria eta orekatua behar dugu, bereizten gaituzten alderdiak indartzen dituena eta bisitariak erakartzen dituena: paisaia, gastronomia eta gure kultura eta idiosinkrasia”, esan du berriro.
2128