Amaitu dira Alegiako hegoaldeko sarrerako biribilgune berriaren obrak
Amaitu dira Alegiako hegoaldeko sarrerako biribilgune berriaren obrak
Azpiegitura berria Errotaldeko aurreko bidegurutzean dago eraikita, GI-2133 errepidean, eta segurtasun handiagoa emango die inguruko erabiltzaile guztiei.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Gipuzkoako Foru Aldundiak Errotalden, Alegiako hegoaldeko sarbidean, eraiki berri duen biribilgunea bisitatu du gaur.
Bisitan, Oiarbidek Arantxa Irastorza alkatea izan du alboan, eta azpiegitura berriak inguruko bide-segurtasunean eragin positiboa izango duela egiaztatu dute. “Ibilgailuak abiadura handian ibiltzen dira inguru honetan. 300 metro baino gutxiagoko lau elkargune daude (p.k. 18,680 GI-3620 errepidearekin, 18,750 Alegiara, 18,850 Etxetxulora eta 18,920 Beistinera) eta ondorioz, segurtasun arrazoiengatik, abiadura hori murriztea bermatu beharra zegoen. Gainera, aparkalekua eta EDERFIL BECKER enpresaren instalazioak galtzadaren kontrako aldeetan daudenez, oinezko askok gurutzatzen dute egunero. Biribilgune hau eraikita, elkargunea antolatzen dugu, eta zonaldeko abiadura murrizten dela ziurtatzen dugu, oinezkoentzako zein erabiltzaile guztientzako segurtasuna irabaziz”, adierazi du diputatuak.
Bidegurutzearen ondoan dagoen enpresaren instalazioetatik gertu egoteak eta Amezketa ibaiak egitura baten gainean duen estaldurak biribilgunearen diseinua baldintzatu dute, eta, beraz, biribilgunea dagoeneko urbanizatuta dagoen plataforma aprobetxatzeko egokitu da. Azpiegitura berriak 32 metroko diametroa du kanpoko lerro zurian, 7 metroko eraztun-zabalera, 0,50 metroko kanpoko bazterbidea eta 2,00 metroko barruko bazterbidea. Era berean, euste-sistema egokitu da, inguruneko seinaleztapena aldatu da elkargunearen diseinu berrira egokitzeko, EDERFIL BECKER aparkalekuaren sarrerak eta irteerak ordenatu dira eta, azkenik, biribilgunea argiztatu da, lau besoko kale-argi zentratu baten bidez”, zehaztu du Aintzane Oiarbidek.
Amaitzeko, Oiarbide diputatuak bide-azpiegiturek inguruko industriaren lehiakortasunean duten garrantzia azpimarratu du. "Konexioak hobetzeak esan nahi du lehiakorragoak izatea eta errepide sare erosoa, modernoa eta segurua izatea funtsezkoa da gure industriarentzat eta egunero mugitu behar duten langile guztientzat".
Obrak 263.166,60 euroko aurrekontua eta hiru hilabeteko exekuzio-epea izan ditu.
3629