Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Flota berritu du Suhiltzaile Zerbitzuak

Flota berritu du Suhiltzaile Zerbitzuak

Lehen irteerarako bi kamioi berri erosi dira, besteak beste.

2018/01/12
Flota berritu du Suhiltzaile Zerbitzuak

2017ko ekitaldian, 870.006,42 euroko inbertsioarekin, erositako 8 ibilgailu berriak aurkeztu ditu gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren Suteen Aurkako Itzaltze, Prebentzio eta Salbamendu Zerbitzuak. Alde batetik, lehen irteerako 2 autoponpa kamioi erosi dira, laster  erabilgarri izango direnak Kosta (Zarautz) eta  Oria (Tolosa) suhiltzaile etxeetan. Ibilgailu horiek berebiziko garrantzia dute zerbitzuaren esku-hartzeetan, izenak adierazten duen bezala lehen irteerakoak baitira, eta urtean, gutxi gorabehera, egiten diren 2.000 jarduketen bi herenetan erabiltzen dira.

            Hori horrela, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak azaldutakoaren arabera, bi ibilgailu horien erosketarekin bukatutzat ematen du Aldundiak zerbitzuko 8 suhiltzaile etxeetako Lehen Irteerako ibilgailuen berritze prozesua, 2012an eta 2016an 2 eta 4 ibilgailu erosi baitziren, hurrenez hurren.  Premien programarekin eta Zerbitzua modernizatzeko plan estrategikoan ezarritako jarraibideekin bat eginez (Gipuzkoa Babestu 20_30), eta kontuan hartuta datozen urteetan plantila handitu daitekeela, ibilgailu berriek kabina bikoitza dute. Horrela, 5 suhiltzaile joan daitezke aldi berean. 

Ezaugarri teknikoei dagokionez, 16 tonako karga-gaitasuna dute, eta Arkaitz Orbegozo zerbitzuburuak azpimarratu du balio-anitzak direla. Izan ere, 3000 litro ur eramateko gaitasuna dute, nahikoa suteei hasiera batean aurre egiteko, eta, aldi berean, suhiltzaileek salbamendu, sute eta laguntza teknikoetarako erabiltzen duetn material desberdina garraiatzeko konpartimentuak ditu: “Ibilgailu osatuenak eta moldakorrenak dira, eta horregatik dira hain garrantzitsuak gure lanean dauzkagun baliabide operatiboen barruan”.  Halaber, gailuak dauzkate ibilgailua hobeto gidatzeko, kontrol gehiago lortzeko, eta, aldi berean, ibilgailuaren efizientzia energetikoa handitzeko. Ingurumen arloan, Europako araudia betetzen dute (Euro 6), eta gasen birzirkulazio sistema dute emisio kutsagarriak murrizteko.

Bestalde, mendiko 6 ibilgailu arin gehitu dira, pick-up motakoak (kabina bikoitzeko modeloa), 5 suhiltzaile eta 1.000 kiloko karga eramateko gaitasuna dutenak, eta baita atoi-arrastea ere. Ibilgailu horiek egun dauden modelo bereko ibilgailuak ordezkatzen dituzte, 22 urteko antzinatasuna baitute. Suhiltzaile etxe hauetara eramango dira: Zubillaga (Oñati), Bidasoa (Irun), Goierri (Ordizia), Kosta (Zarautz), Oria (Tolosa) eta Korosti (Legazpi).

Ibilgailu horiek aukera ematen dute langileak eta karga arina batera eta azkar eramateko, egokiak baitira material asko behar ez den esku-hartze askotan erabiltzeko. Halaber, giza baliabideen laguntza azkarra emateko balio dute, hau da, egoera larria dela eta, beste suhiltzaile etxe batzuen esku-hartzea behar denean. 2018ko ekitaldirako, aurreikusita dago 2 pick-up ibilgailu erostea, behar diren 8 ibilgailuak osatzeko asmoz.

Aldi berean, lizitazio fasean dago 42 metroko eskailera-kamioi baten erosketa,  13. solairura iristeko aukera emango duena. Ibilgailu hori “bakarra” izango da foru zerbitzuan duen irismenarengatik, Orbegozok jakinarazi duenez, eta mota horretako bigarrena Gipuzkoa osoan. Azkenik, gainerako aurrekontua kudeaketako langileak eramateko ibilgailu arinak berritzeko erabiliko da, eta, halaber, “ur bolumen handia garraiatzeko” ibilgailu baten beharra aztertuko da.  

 

“Etorkizuneko zerbitzua” eraiki   

Gaur iragarritako inbertsioa suhiltzaileen esparruan foru gobernua gauzatzen ari den modernizazio prozesu orokorrean kokatu du Imanol Lasak. “Suhiltzaileena zerbitzu estrategikoa da guretzat. Orain arte erronka eta lehentasun nagusiak aztertzen jardun dugu, langileekin elkarlanean, eta orain ekintza fasean sartuta gaude, bete-betean. Baliabide gehiago jartzen ari gara, bai giza baliabideen -iaz egin genuen 25 plazako LEParekin-, bai materialen, eta baita antolakuntzaren arloan ere, indartzeko, eta Gipuzkoari gero eta zerbitzu arin eta eraginkorragoa emateko, beste arloetan bezala”.

            Ildo horretan, mugarritzat jo du dagoeneko martxan den Gipuzkoa Babestu 20_30 modernizazio plangintza estrategikoa, datozen 15 urteetan zerbitzuaren etorkizuna eraikitzeko urratsak jasotzen dituena. Gogorarazi duenez, 80ko hamarkadan definitu zen zerbitzua, eta ordutik hona “aldaketa sakonak” izan dira demografian, errepide sarean eta larrialdien tipologian, besteak beste. Hori horrela, egitasmoak helburutzat du zaharkituta dauden alorrak zuzentzea, ezbharren aurrean erantzute denborak hobetzea, eta “arreta kalitatezkoa eta eraginkorra eskaintzea, Gipuzkoako gizartearen eskari berriei egokitutakoa”. 

Besteak beste, honako neurriak aurreikusten du plangintzak:  lurraldeko bi suhiltzaile zerbitzuen jarduera bateratzea –Aldundia eta Donostiako Udala-; bi jarduera eremu nagusi sortzea, bakoitza suhiltzaile etxe zentralarekin; suhiltzaile parke berriak ireki eta oraingoak birkokatzea; plantila birdimentsionatzea eta handitzea; suhiltzaileak lurraldean banatzea; eta zerbitzua eta pertsonak kudeatzeko eredu berria.

Foru Aldundiko teknikariek azken urte honetan lurralde osoko larrialdien arretaren kalitateari buruz egindako diagnostikoa du oinarri planak, 30 urtetik gorako zerbitzualdian egindako esku hartzeetatik jasotako benetako datu estatistikoak erabilita. Suhiltzaile plantillari eta lurraldeko alkateei aurkeztu zaie dagoeneko, haien ekarpenak jasoaz, eta laster egingo da beste horrenbeste publikoki eta Batzar Nagusietan. Larrialdiak Koordinatzeko Zentro Bateratua izango da laster iritsiko den hobekuntzetako bat, Udalaren Gaberako suhiltzaile etxean kokatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak sinatu duten lankidetza hitzarmenari esker. 330.000 euroko aurrekontuarekin, azken ukituen zain dago proiektua, eta laster sartuko da indarrean.

  

1719